Espainiako Gobernuak aitortu du DRILek hil zuela Begoña Urroz haurra

Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroak egindako txosten bat aurkeztu dute Donostian; bertan diote ETAk ez, DRILek hil zuela Urroz

Maider Galardi
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Muerte en Amara. La violencia del DRIL a la luz de Begoña Urroz txostena (Hilketa Amaran. DRILen biolentzia Begoña Urrozen argitan) aurkeztu zuten atzo goizean, Donostiako Koldo Mitxelenan. Bertan, baieztatu dute Begoña Urroz ez zela izan ETAren lehen biktima. Garai hartako polizia txostenek dioten moduan, DRIL Directorio Revolucionario Iberico de Liberacion «sare antifrankista» izan zen atentatuaren erantzule, eta 1960ko ekainaren 27an hil zen Urroz, 22 hilabete zituela. Hala argitaratu zuen BERRIAko Ainhoa Oiartzabal kazetariak erreportaje luze batean orain bederatzi urte —2011n Rikardo Arregi saria jaso zuen lan horrengatik—, eta 2013an Xavier Montanya kazetariak (Bartzelona, 1961) BERRIAn eta Villaweb-en argitaratu zituen polizia txostenak.

Gaizka Fernandez Soldevilla historialariak eta Manuel Aguilar dokumentalistak osatu dute txostena, Espainiako Barne Ministerioaren eta Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroaren babesarekin. Bi urtez aritu dira lanean, eta ondorio horretara ailegatu dira azkenean. Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak esan du halako lanak «ezinbestekoak» direla eta, «azkenean, argitu» dela kontua.

Lehen biktimaren dema
Ekainaren 27a Terrorismoaren Biktimen Eguna izendatu zuen 2010ean Madrilgo Diputatuen Kongresuak. Orduko Kongresuko presidente Jose Bonok esan zuen 1960ko ekainaren 27an ETAk «lehendabizikoz hil» zuela, eta biktima Urroz zela. 2011n, berriz, Lasarte-Oriako Udalak argitaraturiko liburu batean esaten zuen ETAk hildako lehen biktima zela haurra.

Modu horretan, ETAk hildako lehen biktima erakundea sortu eta bi urtera izan zela baieztatu zuten hainbat hedabide eta erakundek. Lehenago, ordea, 1993an Ernest Luch politikariak (Bartzelona, 1937-2000) zenbait artikulu idatzi zituen gaiaren inguruan. El País-ek aurrena, eta El Correo-k ondoren, hipotesi horri heldu zioten.

Halaber, 2011n Oiartzabalek egindako lanak argitara eman zuen ez zegoela hori baieztatzeko nahikoa frogarik. Aitzitik, ETAren lehen garaiko kideen testigantzak jaso eta hainbat historialarirekin elkarrizketak egin ostean, DRILen egiletzaren aukerak indarra hartu zuen erreportajean.

DRIL,«sare antifrankista»
Espainiako eta Portugalgo diktadurak eraisteko asmoz Venezuelan elkartutako erbesteratuek sortu zuten DRIL, 1960an. Hainbat ekintza egin zituzten; tartean, 1960ko ekainaren 26tik 29ra sei leherketa: Donostian, Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen. Amarakoan hil zen Urroz. Garai hartan, Le Monde egunkariak DRILi egotzi zion atentatuaren ardura. Abc-k ere, bi urteren ostean, DRIL lotu zuen atentatuarekin. Gaur, gertaera hartatik 49 urtera aitortu du Espainiako Gobernuak Urroz ez zuela ETAk hil, DRILek baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.