Muerte en Amara. La violencia del DRIL a la luz de Begoña Urroz (Hilketa Amaran. DRILen biolentzia Begoña Urrozen argian) txostena aurkeztu dute gaur goizean, Donostiako Koldo Mitxelenan, eta bertan baieztatu dute Begoña Urroz ez zela ETAren lehen biktima izan. Garaiko polizia txostenek zioten moduan DRIL Directorio Revolucinario Iberico de Liberacion "sare antifrankista" izan zen atentatuaren erantzule. Hala argitaratu zuen BERRIA egunkariko Ainhoa Oiartzabal kazetariak erreportaje luze batean eman zuen argitan informazio hori orain bederatzi urte —2011n Rikardo Arregi saria jaso zuen lan horrengatik—, eta 2013an Xavier Montanya kazetariak (Bartzelona, 1961) BERRIAn eta Villaweb-en argitaratu zituen polizia txostenak. 1960ko ekainaren 27an hil zuten 20 hilabeteko Begoña Urroz.
Gaizka Fernandez Soldevilla historialariak eta Manuel Aguilar dokumentalistak osatu dute gaur aurkeztutako txostena, Espainiako Barne Ministerioaren eta Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroaren babesarekin. Bi urtez aritu dira lana osatzen, eta ondorio horretara ailegatu dira azkenean. Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak nabarmendu du halako lanak "ezinbestekoak" direla, eta "azkenean, argitu direla" kontuak.
Lehen biktimaren dema
2010ko martxoaren 11ko Madrilgo atentatuaren biktimak omentzeko eguna —ekainaren 27a— Terrorismoaren Biktimen Eguna izendatu zuen urte horretan Madrilgo Diputatuen Kongresuak. Lehen urte hartan, orduko Kongresuko presidente Jose Bonok irakurri zuen ondoko adierazpen instituzionala: "1960ko ekainaren 27an, duela 50 urte ETAk lehendabizikoz hil zuen. Haren biktima Begoña Urroz izan zen. Mundu guztiak jakin behar du, eta inork ez du bazter utzi behar, ez Espainiak ez Espainiatik kanpo, ETAren lehen biktima 22 hilabeteko haur bat izan zela". 2011an, berriz, Lasarte-Oriako Udalak argitaratu zuen liburu batean esaten zuen ETAk hildako lehen biktima zela Urroz —Lasarte-Oriakoa zen haurra—.
Modu horretan, ETAk hildako lehen biktima erakundea sortu eta bi urtera izan zela baieztatu zuten hainbat hedabide eta erakundek. Hipotesiak horrek pisua hartu zuen. Lehenago, ordea, 1993an idatzi zituen Ernest Luch politikariak (Bartzelona, 1937-2000) gaiaren inguruko zenbait artikulu, 1993an. Hala zehaztu zuen: "ETAk bilatu zuen lehen hildakoa ez zen Meliton Manzanas dohakabea". El Paisek aurrena, eta El Correok ondoren, hipotesi horri heldu zioten.
Halaber, 2011an Oiartzabalek egindako lanak argitan eman zuen ez zegoela hori baieztatzeko nahikoa frogarik. Aitzitik, ETAren lehen garaiko kideen testigantzak eta hainbat historialarirekin elkarrizketak egin ostean, DRILen egiletzaren aukerak indarra hartu zuen erreportajean.
DRIL, "sare antifrankista"
Espainiako eta Portugalgo diktadurak eraisteko asmoz Venezuelan elkartutako erbesteratuek sortu zuten DRIL 1960an. Pepe Velo nazionalista galegoa izan zen erakunde armatuaren ideologo nagusia. Hainbat ekintza egin zituzten, tartean, 1960ko ekainaren 26tik 29ra sei leherketa eragin zituzten: Donostiako Amara eta Norte geltokietan, Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen. Amarakoan hil zen Urroz. Garaian, Le Monde egunkariak eman zuen albistearen berri, eta DRILi egotzi zion atentatuaren ardura. ABCk berak ere, bi urteren ostean DRIL lotu zuen atentatuarekin. Gaur, gertaera hartatik 49 urtera aitortu du Espainiako Gobernuak Urroz ez zuela ETAk hil, DRILek baizik.