Hego Euskal Herrian tximino baztangaz kutsatzeko probabilitatea «oso apala» dela esan dute

Oraingoz, bost kasu atzeman dituzte aurten. Espero dute kutsatze gehiago egongo direla, baina adierazi dute ez direla larriak izango.

Tximino baztangaren kontrako txerto bat. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Tximino baztangaren kontrako txerto bat. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
2024ko abuztuaren 23a
14:57
Entzun

Tximino baztanga zabaltzen ari dela eta, OMEk Osasunaren Mundu Erakundeak larrialdi egoera ezarri zuen nazioartean, abuztuaren 14an. Baina, gaur egun gaitza nola hedatu den aztertzeko, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioko Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak azken hiru urteetan tximino baztangaz kutsatu direnen datuak bildu ditu. Eta beste urte batzuekin alderatuz ondorioztatu duenez, egoera ez da hain larria: kutsatzeko probabilitatea «oso apala» da.

Hego Euskal Herrian, tximino baztangaren bost kasu atzeman dituzte aurten. Iaz, kasu bakarra egon zen, eta 2022an, 245 kasu. 2022ko kutsatuen gorakadaren ostean, Espainiako Gobernuak hainbat neurri jarri zituen indarrean; iaz eta aurten, kutsatze gutxiago egon dira.

Gaitza oro har oso larria ez den arren, bestelako gaixotasunen bat dutenei larriagotu diezaieke osasun egoera —besteak beste, hiesa dutenei eta pertsona immunodeprimituei—. Hala ere, kasuak garaiz atzematen badira, eta beharrezko neurriak hartzen badira, larritasuna apalduko litzateke.

Gomendioak

Kutsatzeak areagotu ez daitezen, zenbait gomendio eman dituzte txostenean. Hasteko, nazioarteko instituzioekin harremanetan egotea gomendatzen du, OMErekin eta ECDE Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroarekin, esaterako. Hala, gaitzaren jarraipena egiteko neurriak hartzeko.

Horrez gainera, txertaketa bultzatzea gomendatzen du, eta bereziki arrisku taldekoak direnei jartzea. Diotenez, bi dosi hartzea da egokiena, eta gutxienez bien artean 28 eguneko tarte bat uztea.

Txostenean aipatu dute, halaber, bidaiarien egoeraren inguruko behaketa sakona egingo dela nazioarteko txertaketa zentroetan, bereziki gaitza oso zabalduta dagoen lekuetan. Bidaiaren inguruko nondik norakoak aztertuko dituzte, eta bidaiaria bera ere behatuko dute; kutsatuta egongo balitz, neurriak hartuko lituzkete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.