Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia

Espainiako Etxebizitza Legea Bilbon aplikatzeko asmoa adierazi du PSEk

«Hurbileko» polizia eredu baten alde egin nahi duela esan du Abetek. Bilboko udal etxebizitzen kopurua handitzeko helburua dute

Andueza eta Abete propaganda banatzen, Errekalden. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
«Sinetsita nago Bilboko lehen emakumezko alkatea izango naizela». Nora Abete Bilboko PSE-EEeko zerrendaburuak argi dauka haren alderdia izango dela maiatzaren 28ko hauteskundeetan garaile, inkestek EAJri baino bederatzi zinegotzi gutxiago eta hirugarren postua ematen badiote ere. Atzo arratsaldean bildu zituzten Abetek berak eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak hedabideak, Errekalde auzoan, Bilboko hegoaldean, eta, ohiko legez, alderdiaren programarekin bildutako arrosak banatu zituzten, kalean zeuden herritarrei kanpainaren berri emateko.

Abeteren arabera, hainbat erronkari egin behar zaie aurre—digitala, demografikoa, ingurumenarena—, eta «errazagoak» izango dira «erantzun sozialistekin», eurak baitira «erabaki ausartak» hartzen dituztenak. «Sozialistok beste modu batean gobernatzen dakigu, entzuten dakigulako, eta arreta ipini behar den lekuan ipintzen: pertsonetan», azpimarratu zuen Bilboko hautagaiak.

400 proposamen bildu dituzte programan, «Bilborentzako 400 erantzun». Horien artean dago «hurbileko polizia eredu baten aldeko apustua, prebentziozkoagoa izango dena, gogorragoa delituekin eta hurbilagoa hiritarrekiko». Santutxun eta Zorrotzan polizia etxeak zabaltzeko asmoa adierazi dute.

PSE-EEkoek jakinarazi dutenez, programa ontzeko hainbat hilabete behar izan dituzte, eta «jende anonimo askok» eta «hiriko gizarte eragileek» parte hartu dute prozesuan PSE-EEeko udal taldeaz gain.

Bilboko udal etxebizitzen kopurua ere handitzeko helburua daukate, eta Abandoko, Olabeagako, Zorrotzako Muturreko eta Zorrotzaurreko etxebizitzen %10 gorde nahi dituzte horretarako. Andueza harro agertu zen oraintsu Espainiako Kongresuan onartutako Etxebizitza Legearekin: «Duda barik, sozialistok, autogobernuak ematen dizkigun aukerekin, legeak ahalbidetzen duen marko legal osoa aprobetxatuko dugu etxebizitza politika askoz osoago bat egin ahal izateko». Dardo bat jaurti zion EAJri. «Eskumak eta interes ekonomiko eta espekulatiboak legearen aurka baldin badaude, jakina sozialistok bide eta norabide onean gaudela».

Arratsalde euritsua izanda ere, dendaz denda joan ziren. Emozioz agurtu zuen dendari batek Abete. «Bilboko hurrengo alkatea!», esan zion alderdikide batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.