Azkeneko asteetan, Espainiako hedabide askotako inkestetan agertu da estatu mailako eskuineko alderdiak botoen %45 eta %50 artean ibiliko direla gaur Kongresurako hauteskundeetan. Gaur arte izan diren hamabost bozetan eskuineko alderdiak, batura eginda, behin soilik egon dira %50etik gertu: 2011n, botoen %49,3 lortuta. Eta %45etik gora, beste behin baino ez, 2016an (%46), baina PPk eta Cs-k ez zuten gehiengo osorik izan.
PP izan zen 2011ko hauteskundeetako garaile argi eta garbia, botoen %44,6 jaso baitzituen Mariano Rajoy presidentegai zuen alderdiak (350 diputatuetatik, 186). UPDk %4,7ko babesa eskuratu zuen (5 aulki). Finantza eta ekonomia krisia bete-betean zegoen orduan, eta horrek jan egin zuen Jose Luis Rodriguez Zapateroren (PSOE) gobernua. Aldaketaren behar handia ikusten zen Espainiako Estatuan.
2000n ere gehiengo osoa lortu zuen PPk, Jose Maria Aznar zela buru —lau urte zeramatzan Moncloan; Felipe Gonzalezen (PSOE) hamalau urteko agintaldia hautsi zuen 1996an—; %44,5eko babesa lortu zuen 2000n PPk. Estatu mailako eskuineko beste alderdirik ez zegoen orduan.
2016koa izan da eskuineko alderdien bigarren marka: %46,2ko babesa (PPk %33koa, Cs-k %13koa, eta, anekdota gisa, UPDk %0,2koa). Baina ez zuten eskuratu Kongresuko gehiengo osoa: 169 diputatu (PPk 137, Cs-k 32). Dena dela, Rajoyk segitu zuen Moncloan.
1977an eta 1979an ere gehiengo osoa izan zuten (Adolfo Suarezen UCD Union de Centro Democratico eskuinekotzat joz gero), baina UCD eta Manuel Fragaren AP eta CD, elkarrekin, botoen %40ren inguruan ibili ziren bi bozetan.
Espainiako Kongresurako hauteskundeetan estatuko eskuineko alderdien batura
Urtea: botoen % (diputatuak*). Beltzean, eskuina Moncloan
1977: %40,7 (181).
1979: %40,8 (178).
1982: %34 (120).
1986: %35,1 (124).
1989: %33,6 (121).
1993: %36,5 (141).
1996: %38,7 (156).
2000: %44,5 (183).
2004: %37,7 (148).
2008: %41,3 (155).
2011: %49,3 (191).
2015: %43,2 (163).
2016: %46,2 (169).
2019ap: %42,8 (147).
2019az: %42,6 (151).
Gehiengo osoa: gutxienez, 176 diputatu
(Bart gauean PPren eta Voxen baturak botoen %45,4 eman du, baina diputatuetan ez dute gehiengo osorik erdietsi: 169. Ondorio bat izan daiteke eskuinak Kongresuko gehiengo osoa izateko, esparru horretako alderdietako batek bozetan garaipen argia lortu beharra daukala, igande honetan ez bezala)