Espainiako Eliza katolikoak batzorde bat sortu du sexu abusuak ikertzeko

Biktimek batzorde horretara jo ahalko dute delitua preskribatuta dagoenean edo erasotzailea hilda dagoenean. Ez dituzte zehaztu kalte ordainen kopuruak eta irizpideak.

Luis Javier Arguello, Espainiako Gotzainen Biltzarreko presidentea —erdian—, gaurko agerraldian. BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
Luis Javier Arguello, Espainiako Gotzainen Biltzarreko presidentea —erdian—, gaurko agerraldian. BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
jakes goikoetxea
2024ko uztailaren 9a
18:00
Entzun

Espainiako Eliza katolikoak bere ordezkariek egindako sexu abusuak «erreparatzeko» plana onartu du gaur. Sexu abusu horien biktimek auzitara jo ezin dutenean —delituak preskribatu duelako edo erasotzailea hil delako—, Elizako batzorde batera jo ahalko dute, erreparazio eske: hori bai, batzordeak banan-banan aztertuko ditu kasuak eta biktimei eragindako kalteak, eta erreparazioa egiteko moduak zehaztuko ditu. Zenbatekoak? Zer irizpideren araberakoak? Ez dute zehaztu. «Erreparazioaren abiapuntua da biktimak eskatzen duena osatzea; biktimarioari eta haren erakundeari eragiten dio; eta biktimaren erreparazio osoa nahi du, alderdi guztietan», azaldu du Espainiako Gotzainen Biltzarrak.

Espainiako Gotzainen Biltzarrak ezohiko batzarra egin du gaur, Elizako ordezkarien sexu abusuen biktima izan direnen erreparazio integralerako plana onartzeko. Aho batez onartu dute plana. Biktimen ez dute parte hartu prozesuan. Batzordea hamar «adituk» osatuko dute: auzi medikuntzako lauk, zuzenbideko beste lauk, biltzarreko ordezkari batek eta Confer Espainiako Erlijiosoen Konfederazioko beste batek. «Batzordeak biktimen ordezkari bat edo biktimekin lan egiten duten elkarteen ordezkari bat dei dezake». Biktima artatu dutenek bildutako informazioa jasoko dute, «ez birbiktimizatzeko». Gero osatuko dute txostena.

«Ardura morala»

Erreparazioari dagokionez, erakundeak dio laguntzak osoa izan behar duela, bakoitzaren premien araberakoa: «Pastorala eta espirituala; medikoa, terapeutikoa, psikologikoa eta soziala; legala, juridikoa eta ekonomikoa». Biktimarioak jo ditu erreparazioaren erantzule gisa. Hala ere, erasotzaileak erreparazioari aurre egin ezin dionean, «Elizak erreparaziorako ardura morala du». Erreparazio ekonomikoa hiru motatakoa izan daiteke: kalte ordain gisa, sententzia baten ondoren; zerbitzuen bidez emandakoa, «hala zerbitzu medikoak, nola terapeutikoak»; eta dirutan emandakoa, «Elizak bere borondatez onartutakoa eta bere gain hartutakoa, ezarritako prozedura bukatu eta gero».

Batzordearen erabakia, baina, ez da loteslea. Gerta daiteke batzordeak kalte ordain bat zehaztea, erasoaren ardura duen elizbarrutiari edo kongregazioari bidaltzea, eta elizbarruti edo kongregazio horiek kalte ordainen proposamena ez onartzea. Luis Arguello Espainiako Gotzainen Biltzarreko presidenteak ziurtatu du halako kasuren bat gertatuko balitz Elizak bere gain hartuko lukeela kalte ordaina ordaintzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.