Espainiako bozen emaitzak xehetasunez kontsultatu nahi dituen ororentzako, BERRIAk hauteskunde atal bakoitzaren datuak bildu ditu mapa interaktibo batean, Gaindegiarekin elkarlanean. Euskalgeoren espazio datuak erabili dituzte horretarako. Datu horiei esker, Hego Euskal Herriko herri eta hiri guztietan atalez atal azter daitezke zer alderdi izan den gehien bozkatua eta zenbat boto jaso dituen indar bakoitzak. Klikatu mapan, datuak kontsultatzeko.
Hasierako ikuspegian, alderdirik bozkatuenaren kolorea agertzen du mapak hauteskunde barrutietako atal bakoitzean. Alderdi guztien emaitzak ikusteko, sagua jarri behar da kontsultatu nahi den atalaren gainean —erabiltzailea ordenagailuan ari bada— edo atalaren eremua ukitu —telefonoan ari bada—.
Alderdi jakin batek atal bakoitzean duen indarra era argian ikusteko aukera ere bada, ordea. Horretarako, aztertu nahi den alderdia aukeratu behar da maparen behealdean. Jasotako babesaren arabera, intentsitate handiagoz ala ahulagoz koloreztatuta ageri dira atalak. Beheko mapan, esaterako, Elkarrekin Podemosek Gasteizen jaso dituen botoak ageri dira irudikatuta.
Emaitzei begiratuta ikus daiteke, zenbait kasutan, alde handiak daudela emaitzetan herri edo hiri bereko barruti atal batetik bestera. Horren adibide, Hegoaldeko lau lurraldeetako hiriburuen mapak.
Bilbo
Donostia
Iruñea
Gasteiz
Alderdiek apirileko hauteskundeekin alderatuta herri bakoitzean zenbateko igoera ala jaitsiera izan duten ikusteko aukera ere eskaintzen du BERRIAk, beste mapa interaktibo batean.