Indarkeria matxista

Espainiako Berdintasun Ministerioak berretsi du «desadostasun politikoak» dituela PSOEren lege proposamenarekin

Sexu askatasunari buruzko legea erreformatzeko prozesuan, inbestidurako blokeak «testu adostu bat» eskatu die PSOEri eta Unidas Podemosi. Eztabaida eragin dute Pilar Llop Justizia ministroaren hitzek: «Erraza da indarkeria frogatzea».

Angela Rodriguez Berdintasunerako estatu idazkaria, gaur, hedabideen galderei erantzuten. KIKO HUESCA / EFE
Maite Asensio Lozano.
2023ko otsailaren 7a
15:55
Entzun

Soilik baietz da baietz legearen erreformaren inguruan «desadostasun politikoak» daude Espainiako Gobernuaren barruan, Angela Rodriguez Berdintasunerako estatu idazkariak aitortu duenez. Atzo, PSOEk bere kabuz erregistratu zuen Kongresuan sexu askatasunari buruzko araua aldatzeko lege proposamena, eta datorren asteartean Kongresuko Mahaira heltzea espero da —ezin izan dute gaurko bileran sartu—. Berdintasun Ministerioaren eta Unidas Podemosen oniritzirik ez du proposamenak, eta gaur are ageriago geratu da gobernu bazkideen arteko talka. Izan ere, zeresana eman dute testuaren defentsan Pilar Llop Justizia ministro sozialistak egindako adierazpenek: «Oso erraza da demostratzea indarkeria egon dela: zauri batekin froga daiteke; eta, orduan, biktimak ez du frogatu beharko onespenik eza».

Ser katean egindako elkarrizketa batean, Llopek ukatu egin du proposamenak aurreko eredura itzultzea dakarrenik, mantendu egin dituztelako bai delituen bateratzea —ez dute berreskuratu sexu abusuen eta erasoen arteko bereizketa—, bai emakumeen onespenaren ideia. Hala ere, indarkeria, larderia edo biktimaren borondatearen baliogabetzea baldintza gisa jarri dituzte zigor tarte batzuetara sartzeko. Eta hor dago desadostasunaren muina: «doikuntza tekniko» horrek berekin dakar, hain justu, halakorik egon dela frogatu behar izatea. Halaxe onartu du Llop ministroak berak: «Indarkeria edo larderia dagoenean, ez da onespena frogatu behar. Baina iritzi publikoa nahasten ari dira, esaten dutenean indarkeria edo larderia sartuz gero biktimek frogen kalbarioa pasatu beharko dutela. Ez dago arazorik onespenarekin: oso erraza izango da [frogatzea ez dela onespenik izan], indarkeria edo larderiarik badago. [...] Oso erraza da demostratzea indarkeria egon dela: zauri batekin froga daiteke; eta, orduan, biktimak ez du frogatu beharko onespenik eza».

Hainbat erreakzio eragin dituzte adierazpen horiek gobernuko bazkideen artean. Ione Belarra Eskubide Sozialen ministroak Twitterren erantzun du: «Sexu eraso batean indarkeria egon dela frogatzea hain erraza bada, zergatik 2021eko 4.000 epaitan soilik 500 emakumek lortu zuten demostratzea?». Rodriguez estatu idazkariak berretsi du onespenaren eredua auzitan jartzen duela gobernuak proposatu duen aldaketak: «Zoritxarrez, Justizia ministroak oso argi esan du gaur: indarkeria frogatu badaiteke, ez da beharrezkoa onespena frogatzea; hor dago arazoa eta desadostasuna».

Onespena erdigunean

Zuzenean Llop aipatu gabe, auziaz mintzatu da Irene Montero Berdintasun ministroa ere: «Emakume guztiek jakin behar dute badakigula ez dela erraza indarkeria eta larderia frogatzea». PSOEren proposamenak aurreko Zigor Kodera bueltatzea dakarrela uste du: «Emakumeen eskubideetan atzera egitea ekar dezake». Eta berriz esan du onespenaren printzipioari «legearen erdigunean» eusteko lan egingo dutela.

Izan ere, onespenaren printzipioa izan da soilik baietz da baietz legearen ardatz nagusietako bat: testuaren arabera, sexu erasotzat hartzen dira «beste pertsona baten sexu askatasunaren aurka haren onespenik gabe egiten diren jardun guztiak»; erasoen definizioan bertan aipatzen da indarkeria, larderia edo nagusitasuna erabiltzea, baita biktimaren borondatea baliogabetzea ere. Printzipio horren gainean ezartzen dira zigorrak, kontuan hartuta erasoan sarketarik izan den ala ez, eta larrigarririk dagoen.

PSOEk proposatu duen erreforman, zigor tarteei mailaketa bat erantsiko diete, indarkeria edo larderia erabiltzen den edo biktimaren borondatea baliogabetzen den kasuetarako, eta azpimota horretako zigorrak handiagoak izango dira. Hortaz, adibidez, sarketarik gabeko sexu erasoetan, zigorra urtebete eta lau urte artekoa izango da —orain bezala—; baina indarkeria, larderia edo borondate baliogabetzea frogatzen bada, zigorra urtebete eta bost urte artekoa izango da; eta larrigarriekin, bost eta hamar urte arteko kondena ezarri ahalko da.

Oposizioa, akordio eske

Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdiak ere hasiak dira PSOEren proposamenaz iritzia ematen. EAJk atzo adierazi zuen adituekin aztertuko duela testua. EH Bilduko diputatu Bel Pozuetak, ordea, legearen muina babestera deitu du, eta zalantzak agertu ditu bortxaren eta larderiaren baldintzen inguruan: «Indarkeria frogatu egin behar bada onespenaren ideia eraginkorra izan dadin eta epaileek biktimak sinets ditzaten, aurreko eredura itzuliko gara». Marra gorri berak ezarri ditu ERCko Gabriel Rufianek: onespenaren printzipioa errespetatzea, «frogatzearen infernura» ez itzultzea eta Kongresuan eztabaidatuko den testuak Berdintasun Ministerioaren onespena edukitzea.

Izan ere, inbestidurako blokeak «testu adostu bat» galdegin die PSOEri eta Unidas Podemosi, «aukeratu beharraren tesiturara» ez iristeko. Bi aldeen arteko «borroka» eta «ikuskizuna» gaitzetsi dute Mas Paisek, Compromisek eta PDeCATek ere, eta «zarata murrizteko» eskatu diete gobernu kideei.

Alde horretatik, Pedro Sanchez gobernuburuak gaur adierazi du «solaskidetzaren» bidez konponduko dela auzia. Legea «ona» dela esan du, emakumeen babesean «aurrerapausoak» ekarri dituela, baina arazoak dituela: «Agerikoa da aplikazioan nahi gabeko ondorioak izan dituela, eta motz geratzen ari naiz». Erantsi du «egin beharrekoa» egingo dutela «arazoa konpontzeko, etorkizunean kondena murrizketa bat bera ere gerta ez dadin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.