Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak sei pertsona auzipetzeko eskatu dio epaileari, 2016 eta 2019 artean euskal preso ohiei egindako 95 omenaldi antolatu eta ETAren biktimak «umiliatzea» egotzita. Antton Lopez Ruiz Kubati, Haimar Altuna, Oihana San Vicente, Oihana Garmendia, Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio dira.
2018ko otsailetik irekitako auzi bat dago oinarrian. Orduan, Lopez Ruiz, Garmendia eta Miren Zabaleta atxilotu zituzten. Epailearen aurrean egindako adierazpenetan, Lopez Ruizek ukatu egin zuen ekitaldi horiek ezker abertzalearen Kalera Kalera ekinaldiak antolatu izana, eta ETAren biktimak umiliatzeko asmorik izatea.
EFE agentziak jakinarazi duenez, ministerio publikoak Manuel García Castello epaileari eskatu dio prozedura laburtura igarotzeko autoa eman dezala –auzipetzearen baliokidea–. Hamabost lagun inguru izan dituzte ikerketapean, eta horietatik sei deitu ditu auzitegira azkenean. Fiskaltzak uste du zantzuak daudela haiek epaitzeko, «terrorismoaren biktimak etengabe umiliatzeagatik eta ekintza terroristetan parte hartu dutenak goratzeagatik».
Auzi horren barruan, epaileak Kalerainfo aldizkaria eta www.kalerakalera.eus webgunea ixtea agindu zuen orain dela bi urte, «terrorismoa goratzeko» tresna zirela iritzita.