Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia Castellonek euroagindu eskaera bat egin dio Frantziari, Marixol Iparragirre auzipetzeko Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia zenaren hilketagatik. Iparragirre 2019an Espainiaratu zuten, baina orain arte uko egin dio kasu honetan epailearen aurrean deklaratzeari, argudiatuta beste auzi batzuengatik lekualdatu zutela.
Auzia epaitua dagoen arren, Blanco hil zuten garaian (1997ko uztailean) ETAren zuzendaritzan kokatzen dituztenek erantzukizunik baduten ikertzen ari da Garcia Castellon. Iparragirrerekin batera, Mikel Albisu eta Josetxo Arizkuren ere ikertzen ari da epailea. Iparragirre eta Albisu deklaratzera ere deitu zituen iazko uztailean, baina biek uko egin zioten epailearen aurrean hitz egiteari. Iñaki Graciaren kasuan, berriz, delituak preskribatuta daudela adierazi zuen, nahiz eta hura ere ustezko erantzuleen artean aipatu.
PPk eta Dignidad y Justicia elkarteek jarritako salaketa baten harira hasi zen Garcia Castellon kasua ikertzen. Guardia Zibilari txosten bat eskatu zion aferaren inguruan, eta hura hartu du ikerketaren oinarritzat. Fiskaltzak berak zalantzak adierazi zituen iaz, oinarri bakarra txosten hori delakoan. Kasua preskribatuta dagoen ere ikertzen ari da fiskaltza.
Kasuarekin lotuta, PPk eskaera egin du lau kideak lehenbailehen auzipetzeko, baina epaileak ebatzi du martxan diren ikerketa eginbideak amaitu arte itxaron behar dela.
Blancoren hilketaren kasua ez da Auzitegi Nazionalak berriz ireki duen bakarra. Azken urtean, ETAren atentatu batzuen ikerketa berriro zabaltzea erabaki du, horien egiletza intelektuala eta garai horietan ustez ETAren zuzendaritza osatzen zutenen erantzukizuna argitzeko. Hala egin dute Gregorio Ordoñez PPko kide zirenen hilketarekin eta Santa Polan 2002an egindako atentatu batekin.