Zentsura

Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du aurretik zentsuratuko Urrutikoetxearen inguruko dokumentala

Prentsa askatasuna «ezin da aurretiko zentsurarekin murriztu», adierazi dute. Hainbat elkartek eta gizabanakok filma programaziotik kentzeko eskatu diote Zinemaldiari.

'No me llame Ternera' dokumentaleko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Edu Lartzanguren.
2023ko irailaren 14a
17:14
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak albora utzi du Dignidad y Justicia elkarteak eginiko eskaera, eta ez du No me llame Ternera dokumentala Zinemaldian eman aurretik ikusiko. Josu Urrutikoetxea ETAko ordezkari ohiari eginiko elkarrizketa batean oinarritzen da lana, eta elkarteak Fiskaltzari eskatu dio aurretik ikusteko, horretan litekeena delako «terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea».

Fiskaltzak, ordea, eskaera baztertu du, prentsa askatasunak babesten duelako dokumentala, eta hori «ezin da inolako aurretiko zentsura motarekin murriztu», argudiatu dutenez. Auzitegiak gogoratu du halakoetan bakarrik argitaratu ostean bahitu daitezkeela lanak, epaileen agindu bat badago. Horrez gain, azaldu du prentsa askatasunaren aurkako neurriak ezin direla hartu delituren bat egin dela «uste edo suposatzen delako». Izan ere, salatzaileek ez dute Jordi Evole eta Marius Sanchez kazetariek zuzenduriko dokumentala ikusi. Irailaren 22an hasiko den Donostiako Zinemaldian da estreinatzekoa, eta, gero, Netflix plataforman zabaltzeko asmoa dute.

Urrutikoetxeak hainbat elkarrizketa luze eman ditu azken urteotan, bestela ere. BERRIAko Enekoitz Esnaola kazetariak Parisen elkarrizketatu zuen 2020. urtean, espetxetik atera eta gutxira. «Delitu terrorista al da bakea negoziatzea? Ez du zentzurik», esan zuen orduan. Oraingo dokumentalarekin ez bezala, elkarrizketa argitaratu izanaren kontra ez zen ez salaketarik jarri eta ez ekinbiderik abiatu auzitegietan.

Abuztuaren amaieran iragarri zuen Evoleren taldeak dokumentala emango zutela 71. Zinemaldian, eta irailaren hasieran xehetasunak eman zituen jaialdiaren zuzendaritzak. Lanaren izenburua zabaldu zuen, eta 101 minutu luze zela.

Zehaztu zutenez, elkarrizketa «tirabiratsu eta sakona» daukate Evolek eta Urrutikoetxeak filmean, eta horretan esanikoek «ETAren biktima batek duela ia 50 urte jasan zuen atentatuaren inguruko zalantzak argitu» ditzaketela adierazi zuten. Azken orduetan zabaldu dutenez, dokumentalean Urrutikoetxeak adieraziko luke parte hartu zuela Galdakaoko (Bizkaia) alkate frankista izandako Victor Legorbururen hilketan, 1976. urteko otsailaren 9an. 1966tik aritu zen alkate Legorburu Bizkaiko herrian. ETAko hiru kide auzipetu zituzten eraso horrengatik, ez ordea Urrutikoetxea. Edonola ere, 1977ko urrian amnistia legea ezarri zuten, eta Espainiako auzitegiek afera amaitutzat eman zuten.

Zentsuratzeko eskaera

Joan zen igandean, gutun ireki bat helarazi zioten Zinemaldiaren zuzendaritzari. Horretan, dokumentala ez zabaltzeko eskatzen zioten zuzendaritzari, ETA eta Urrutikoetxea «zuritzen» dituelakoan. 514 sinadura ditu gutunak. Sinatzaileen artean dira Carmelo Barrio, Carlos Garcia Adanero, Maite Pagazaurtundua, Carlos Martinez Gorriaran, Fernando Savater, Mari Mar Blanco, Cristina Cuesta, Ruben Mujika, Miguel Angel Idigoras eta Fernando Aranburu.

Sinatzaileen arabera, dokumentala «ETA eta geure herrialdeko historia terrorista tragikoa zuritzeko prozesuaren parte da, justifikatzeko kontakizuna, zeinak maila berean jartzen dituen hiltzaileak eta laguntzaileak, biktimak eta erresistenteak». Hori dela eta, Zinemaldiari eskatzen diote lana programaziotik kentzeko, eta baita «etorkizunean ekoitz daitezkeen antzeko oro» ere.

Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek erantzun argia eman zien aste hasieran: jaialdiak ez du dokumentala erretiratuko. Rebordinosek sutsuki ukatu zuen dokumentalak ETA zuritzen duenik, eta gaineratu zuen interesgarria dela «hiltzaileak entzutea, jende guztiak dituelako arrazoiak, nahiz eta horrek ez duen esan nahi justifikazioa dutenik. Jendeak zer edo zerengatik egiten ditu gauzak, eta ona da jakitea, berriz ez gertatzeko. Ezerk ez du justifikatzen ETAk edo GALek eginikoa, baina gauza batzuk azaldu egiten dute». Gutunaren sinatzaileen arrazoiak susmopean jarri zituen, gainera. «Norbaitek esaten duenean film bat zentsuratu behar dela hura ikusi gabe, susmoa hartzen diot. Zentsuratzearen aldekoa bazara, hasten naiz pentsatzen filmaren mamitik haragoko interesak dituzula».

Gatazka eta Zinemaldia

Lehen ere gertatu dira antzeko ika-mikak Donostiako Zinemaldian, Euskal Herriko gatazka politikoaren harira. 1979. urteko jaialdian Gillo Pontecorvo zinemagile italiarraren Operacion Ogro filma programatu zuten, baina emateko hiru egun falta zirela bertan behera utzi zuten, kopiarekin arazoak zeudela argudiatuta. Francok Espainiako gobernuburu jarritako Carrero Blancoren aurkako erasoa kontatzen du filmak. Bitxia bada ere, Urrutikoetxea bera ere izan zitekeen film hartako protagonistetako bat, berak lapurtu baitzuen Carrero Blanco hiltzeko erabili ziren leherkariak, 1973ko urtarrilaren 21ean, Hernaniko (Gipuzkoa) harrobi batean. Veneziako zinemaldian zuzendari onenaren saria eman zioten Pontecorvori lanarengatik.

Edonola ere, Imanol Uriberen Burgosko Prozesua eman zuen Zinemaldiak urte hartan.

Bi urte geroago, 1981ean, Uriberen Segoviako Ihesa estreinatu zuten, eta Kritikaren Saria jaso zuen filmak. Eta zuzendari berak Urrezko Maskorra lortu zuen Días contados lanarekin, 1994. urtean.

2014. urtean Pablo Maloren Lasa eta Zabala filma programatu zuen Zinemaldiak.

Eta 2021eko jaialdian, Iciar Bollainen Maixabel lana erakutsi zuten.

Baina Urrutikoetxearen inguruko dokumentalaren aurkako erreakzioa bezalakoa gogoratzeko, 2003. urtera egin behar da atzera. Orduko Zinemaldian Euskal pilota, larrua harriaren kontra dokumentala aurkeztu zuen Julio Medem zuzendariak. Horretan, dozenaka laguni eginiko elkarrizketak bildu zituen Medemek; politikariak, ETAk eta GALek hildakoen senideak, poliziak, historialariak, artistak, eta enpresaburuak tartean.

Orduan, Arnaldo Otegi elkarrizketatu izana izan zen filmaren aurkako kanpainaren argudioetako bat. PPko kiderik ez zuen parte hartu elkarrizketetan, alderdiak ebatzi zuelako horretan ETA kritikatu arren, ez zela euskal abertzaletasuna behar bezain gogor gaitzesten.

Medemek Ermuko Foroko Gotzone Mora eta Iñaki Ezkerra elkarrizketatu zituen, baina horiek euren zatiak kentzeko exijitu zioten Medemi gero, auzitegian salatuko zutela bestela. «Historia manipulatzea» eta «indarkeriari koartada ideologikoa ematea» egotzi zioten. «Arnasa ematen dio ETAri eta bere inguruari», esan zuen Ezkerrak.

Urrutikoetxearen dokumentala zentsuratzeko eskatu duten Fernando Savaterrek, eta Cristina Cuestak Euskal pilota, larrua harriaren kontra hartan parte hartzeko gonbidapenari ezezkoa eman ziotela esan zuen Medemek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.