Espainiako Auzitegi Nazionalak ETAko lau kide ohi auzipetu ditu, Miguel Angel Blanco hiltzea egotzita

Marixol Iparragirre, Mikel Albisu, Josetxo Arizkuren eta Iñaki Gracia dira auzipetuak.

Miguel Angel Blancoren aldeko omenaldia, Ermuan. JAVIER ZORRILLA / EFE
Miguel Angel Blancoren aldeko omenaldia, Ermuan. JAVIER ZORRILLA / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko apirilaren 25a
16:25
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak ETAko lau kide ohi auzipetu ditu, Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia zenaren bahiketan eta hilketan zerikusia izan zutela argudiatuta. Marixol Iparragirre, Mikel Albisu, Josetxo Arizkuren eta Iñaki Gracia dira auzipetuak; Iparragirre eta Arizkuren kartzelan daude, eta Gracia eta Albisu ez. Autoak dio «talde armatuko buruzagi guztien onespena beharrezkoa» izan zela Blanco bahitzeko, eta «lau auzipetuek haren hilketa eragozteko aukera izan zuten arren» ez zutela «deus ere» egin. Beraz, horrek zera erakusten duela, «zalantzarik gabeko borondatea emaitzan».

PPk eta Dignidad y Justicia elkarteak jarritako salaketa baten harira hasi zen Manuel Garcia Castellon epailea kasua berriz ere ikertzen. Guardia Zibilari txosten bat eskatu zion aferaren inguruan, eta hura hartu du ikerketaren oinarritzat. Fiskaltzak berak zalantzak adierazi zituen 2022an, oinarri bakarra txosten hori delakoan. Kasuarekin lotuta, PPk eskaera egin zuen iazko urtarrilean lau kideak lehenbailehen auzipetzeko, baina epaileak ebatzi zuen martxan diren ikerketa eginbideak amaitu arte itxaron behar zela.

Blancoren hilketaren kasua ez da Auzitegi Nazionalak berriz ireki duen bakarra. Azken urtean, ETAren atentatu batzuen ikerketa berriro zabaltzea erabaki du, horien egiletza intelektuala eta garai horietan ustez ETAren zuzendaritza osatzen zutenen erantzukizuna argitzeko. Hala egin dute Gregorio Ordoñez PPko zinegotzia zenaren hilketarekin eta Santa Polan (Herrialde Katalanak) 2002an egindako atentatu batekin.

27 urte

1997ko uztailean hil zuten Blanco PPko Ermuko (Bizkaia) zinegotzia. ETAk bahitu zuen, 1997ko uztailaren 10ean, Eibarren. Blanco askatzeko, 48 orduko epea eman zuen euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara eramateko. Espainiako Gobernuak uko egin zion baldintza betetzeari, eta, epea bete ostean, Blanco tirokatu egin zuten. Bi herritarrek Blanco topatu zuten, oraindik bizirik zegoela. Anbulantzia batean Donostiako erietxera eraman zuten, baina han hil zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.