EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen debekatu, eta gauza bera egitea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak ere. Jose Luis Calama epaileak jakinarazi duenez, hain zuzen, «une honetan ez dago elementu eta datu nahikorik zehazteko salaturiko egitateak terrorismoa goratzearen delitua izan daitezkeen ala ez». Auzitegi Nazionaleko epaileak, halere, Poliziari eskatu dio «jarraipena eta kontrola» egin diezazkiola larunbaterako Arrasaten (Gipuzkoa) euskal presoen eskubideen alde deituta dagoen protesta ekitaldiari, «saihesteko gorazarrerik edo delitu terroristen zein horiek egin dituztenen justifikaziorik» egin dadila, baita «biktimen edo haien familien umiliazio edo gutxiespenik» ere.
Epaileak biltzeko eskubidearen eta adierazpen askatasunaren mugak hartu ditu oinarri ebazpena emateko, eta azaldu du «gobernu agintaritzari» dagokiola «biltzeko eta manifestatzeko eskubidea gauzatzean konstituzio betekizunak betetzen direla zaintzea, hari baitagokio herritarren segurtasunari eustea eta delitu egintzak egitea prebenitzea». Zigor zuzenbideari dagokio, berriz, haren hitzetan, legez kanpoko ekintzak zigortzea «behin gertatu ondoren»: «Hau da, zigor zuzenbideak ezin du prebentzio izaerarekin jardun; izan ere, jokabide horrek berekin dakar eskubideak mugatzen dituzten ondorio juridikoak lotzea edo zuzenean edo zeharka zehapenak ezartzea, etorkizuneko eta zalantzazko delituei buruzko hipotesi hutsetan oinarrituta».
Sarek, agerraldia
Arrasateko Sarek eta Hego Euskal Herrikoak agerraldia eginen dute bihar Arrasaten, 10:00etan. Euskal presoen eskubideen mugimenduak jakinarazi duenez, «azken egunetan larunbatean Arrasaterako deitutako martxa ibiltariaren baitan sortutako nahasmen eta gatazka dela eta» haien «irakurketa eta erabakien berri» emanen dute.