Espainiako Auzitegi Nazionalak berriz ireki du ETAk 2003an egindako atentatu baten inguruko ikerketa

Zigor Salak instrukzio epaileari agindu dio Jon Lizarribar, Itxaso Zaldua eta Gurutz Agirresarobe galdekatzeko.

Auzitegi Nazionala, artxiboko irudi batean. J. DANAE / FOKU
Auzitegi Nazionala, artxiboko irudi batean. J. DANAE / FOKU
2024ko maiatzaren 10a
14:16
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Lehen Zigor Salak eman dio agindua Instrukzioko Epaitegi Zentraleko Francisco de Jorge epaileari, Dignidad y Justicia eta AVT elkarteen eskaerei men eginda, eta fiskalaren esanen kontra. Hala, berriz ireki beharko du ETAk 2003an Zangozan (Nafarroa) egindako atentatu baten inguruko instrukzioa. De Jorgek urtarrilean itxi zuen sumarioa, ekintza hartan ETAren zuzendaritzako zenbait kidek ustez izan zuten ardura baieztatzeko «nahiko froga» ez zegoelako. 

Zigor Salaren arabera, epaileak ez zituen beharrezko diligentzia guztiak egin. Horiek hala, agindu dio galdekatzeko Gurutz Agirresarobe euskal presoa eta Jon Lizarribar eta Itxaso Zaldua preso ohiak. Argudiatu du Guardia Zibilaren inteligentzia zerbitzuek iaz egindako txosten batean ondorioztatua dutela badirela «zantzuak» Zaldua eta Mikel Karrera Sarobe euskal presoa Zangozako ekintzarekin lotzeko. Karrera, bai, galdekatu zuen epaileak, iaz; hark uko egin zion galderak erantzuteari. Beste hirurek deklaratu gabe itxi zen sumarioa, ordea, nahiz eta zitatuak izan ziren.

Lau lagun horiek ez ziren hasiera-hasieratik ikertuak izan. Izatez, Dignidad y Justicia elkarteak 2022an kereila bat aurkeztu ostean, epaileak beste hamar lagunen aurkako ikerketa hasi zuen. Horietatik zortzi ustez ETAren zuzendaritzako kide izateagatik ikertu zituzten, ekintza agindu ote zuten zehazteko: Marixol Iparragirre, Mikel Albisu, Ramon Sagarzazu, Gorka Palacios, Garikoitz Azpiazu, Aitzol Iriondo, Iñaki Esparza, Ibon Fernandez Iradi. Eta beste biak ustezko egile materialak izateagatik: Garikoitz Arruarte eta Gorka Loran.

Epailearen eta fiskalaren arabera, ez zen Arruarteri eta Lorani egiletza egozteko frogarik. Hala, Guardia Zibilaren txostena tarteko, beste norabide batean hasi ziren ikertzen, eta Lizarribar, Zaldua, Karrera eta Agirresarobe ere ikertu zituen auzitegiak. 

2003ko maiatzean Zangozan egindako atentatuan, ETAk bi Espainiako polizia hil zituen, eta beste polizia bat eta zibil bat zauritu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.