Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du Eusko Jaurlaritzak etxebizitza legeari jarritako helegitea

Eusko Jaurlaritzak otsailean ipini zuen helegitea, eskumenen urraketa bat zekarrela eta.

(ID_12883316) etxebizitza
Higiezinen agentzia bat, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO/EFE
Irati Urdalleta Lete.
2024ko martxoaren 12a
14:16
Entzun

Harrabotsa sortzen jarraitzen du Espainiako etxebizitza legeak. Gaur jakinarazi dutenez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du Eusko Jaurlaritzak legeari jarritako helegitea. Autonomia erkidegoen eskumenak urratzen dituelakoan ipini zuen helegitea Jaurlaritzak.

Hain zuzen, Jaurlaritzak otsailaren amaieran eman zuen bere erabakiaren berri. Zehazki, argudiatu zuen zazpi artikuluk, xedapen iragankor batek, xedapen gehigarri batek eta azken bi xedapenek ez dituztela errespetatzen Jaurlaritzaren eskumenak, ezta EAEko etxebizitza legea ere. Banaketa izan zen Jaurlaritzan: PSE-EEko hiru kideak erabakiaren aurka agertu ziren.

Helegitea jarritako artikuluak eta xedapenak

  • 3. artikulua. Zenbait definizio egiten dira; bestek beste, etxebizitza zer den. Zehazten da definizio horiek ezingo dutela kontraesanik izan «etxebizitzaren arloan eskumena duten administrazioek araututakoekin», eta, hala balitz, haiek lehenetsiko dituztela. 
  • 10.2 artikulua. Horren arabera, «etxebizitza gaietan eskumena duten administrazioei» dagokie etxebizitza jabetzaren eskubideak erabat erabiltzen direla zaintzea. Horretarako, zenbait neurri hartzeko aukera ematen du; besteak beste, diru laguntzak ematea eta pizgarri fiskalak jartzea.
  • 15.1 artikuluko d atala. Puntu horretan jasota dagoenez, babes publikoko araubideren baten mendeko etxebizitzetarako gordetako lurzoruaren gutxienez erdia bideratu beharko da alokairuko babes publikoko araubideren baten mendeko etxebizitzara. 
  • 15.1 artikuluko e atala. Atal horretan dioenez, tentsio handiko eremuetan Lurzoruari eta Hiriak Birgaitzeari Buruzko Legeak ezarritako betebeharrak betez lortutako lurzorua etxebizitza sozialak eta zerbitzuetarako etxeak eraikitzeko eta kudeatzeko erabili beharko da, «interes sozialeko» beste kontu batzuetarako erabili behar dela justifikatu ezean behintzat.
  • 16. artikulua. Etxebizitza babestuei buruzko artikulua da. Jasotzen du, besteak beste, etxebizitza horiek ohiko bizilekua izan beharko dutela, eta saldu ahal izateko baldintzak ezartzen ditu.
  • 17. artikulua. «Sustatutako etxebizitza eskuragarriei» buruzko artikulua da. Azaltzen du «botere publikoek, bakoitzak bere eskumenen esparruan», gisa horretako etxebizitzak egotea bultzatu ahal izango dutela.
  • 18. artikulua. Tentsio handiko eremuen izendatzea arautzen duen artikulua da. «Eskumenak dituzten administrazioen» eginbeharra dela dio.
  • Bigarren xedapen iragankorreko lehen puntua. Horren arabera, legea indarrean jarri eta urtebetera «eskumenak dituzten lurralde administrazioek» bestelako eperik jarri ezean, hogei urteren buruan etxebizitzen %20k gutxienez parke publikokoak izan beharko dute.
  • Hirugarren xedapen gehigarria. Jasotzen du eremu bat tentsio handiko izendatzeko baldintzak berrikusi egingo dituztela legea indarrean sartu eta hiru urtera, «etxebizitzaren arloan eskumena duten administrazioekiko lankidetza oinarri hartuta».
  • Lehenengo azken xedapenaren lehen, hirugarren eta seigarren atalak. Alokairuaren prezioak mugatzeari buruzkoa da.
  • Laugarren azken xedapena. Lurzoruari eta Hiriak Birgaitzeari Buruzko Legearen zati bat aldatzen du. Hain zuzen, aipatzen du lurzoruaren zati proportzional bat babes publikoko araubide bati atxikitako etxebizitzetarako erreserbatu beharko dela eta erreserba hori lurralde eta hirigintza antolamenduari buruzko legeriak zehaztuko duela.

Jaurlaritzak ohar bidez azaldu zuenez, lege berriarekin Madrilek arautzen ditu «euskal legedian araututa ez dauden baina Euskadiren eskumenekoak diren gai zehatzak»: «Uste dugu estatuari ez dagozkion eta eskumen autonomiko esklusibokoak diren alderdietan sartzen dela». Iñigo Iturrate EAJren legebiltzarkideak ere ziurtatu zuen «eskumenen markoarekiko errespetuagatik» jarri ziotela helegitea, eta ez legearen edukiengatik.

Alabaina, Oihana Etxebarrieta EH Bilduren hauteskunde kanpainako batzordearen bozeramaileak EAJren jarrera gaitzetsi zuen. Izan ere, haren hitzetan, etxebizitzaren auzia arautzea da EAJri gustatzen ez zaiona.

Hilabeteetako tentsioa

Hilabeteak egin behar da atzera auziaren ernamuinera jotzeko. Espainiako Diputatuen Kongresuaren gehiengoak 2023ko apirilaren amaieran onartu zuen Espainiako etxebizitza lege proiektua. EAJk hasieratik bertatik egin zuen legearen kontra, «eskumenetan eginiko inbasio bat» zela iruditzen zitzaielako; EH Bilduk, berriz, alde bozkatu zuen. Nabarmendu zuten alokairuen igoera mugatzeko modua emango zuela eta ez zuela egiten erkidegoek eta udalek gaia arautzeko dituzten eskumenekin talkarik. Espainiako Senatuaren onespena jasota, handik hilabete eskasera sartu zen indarrean legea.

Legearen berritasun nagusietako bat da tentsio handiko eremuak ezartzeko aukera irekitzea. Eremu horietako etxeen jabeek alokairua %3 igo ahalko dute gehienez aurten, eta 2025eko indizea erabakitzeko badago ere, KPIaren azpitik egon beharko du. Jaurlaritzak hasiera batean zehaztu zuenez, Arabako bi udalek, Bizkaiko hemeretzik eta Gipuzkoako hogeik izango dute aukera beren herria tentsio handiko eremu gisa izendatzea eskatzeko. Baina, gerora, horretarako baldintzak malgutu zituen, eta beste hamahiru udalerriri eman zien aukera. Besteak beste, Donostia, Bilbo eta Gasteiz osorik tentsio handiko eremu izendatzeko era eman zuen. Errenteria (Gipuzkoa) izan zen pausoa eman eta tentsio handiko eremutzat hartzeko eskatu duen lehen herria.

Orain, ikusteko dago zer gertatuko den legearekin. Izan ere, dagoeneko zortzi helegite jarri dizkiote legeari —besteak beste, Kataluniako Generalitateak eeta Galiziako Xuntak—. Horietako bi erabakitzeke dauzkate, baina gainerako guztiak tramiterako onartuta daude jada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.