Pandemiari aurre egiteko, bigarren alarma egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak iazko urrian. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, baina, ebatzi du erabaki hura legez kanpokoa izan zela. Lehen alarma egoera ere legez kanpokotzat jo zuen auzitegi horrek aurtengo uztailean.
Iturri juridikoek Efe berri agentziari jakinarazi diotenez, bermeen auzitegiko osoko bilkurak Vox alderdiaren babes errekurtsoa onartu du, eta legez kanpokotzat jo du Espainiako Gobernuak alarma egoera sei hilabetez luzatzeko hartutako erabakia, bai eta hura kudeatzeko autonomia erkidegoetan utzitako eskumena ere. Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakia ez da aho batez hartu, eta hamar epaileetatik lauk eman dute boto partikularra.
Ebazpenak dioenez, ez da legez kanpokoa alarma egoeraren iraupena, hura justifikatzeko arrazoi sendorik ez zela egon baizik. Alarma egoera sei hilabetez luzatzeko erabakia modu «inkontzientean» eta «koherentziarik gabe» egin zela argudiatu dute epaileek. Halaber, uste dute gobernuak alarma egoera luzatzeko erabakia hartu zuela jakin gabe autonomia erkidegoek zein neurri jarriko zituzten martxan. Hain justu ere, ebazpenak dio neurri murriztaileak erkidegoen esku uzteko erabakiak urratu egiten duela Espainiako Konstituzioaren 116.1 artikulua, zeinaren bitartez krisi egoeretako eskumenak eta mugak arautzen diren.
Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak iazko urriaren 25ean onartu zuen bigarren alarma egoera. Martxoaren 14an ezarritakoa baino arinagoa izan zen hura, ez baitzen konfinamendu orokorrik egin. Baina biltzeko eskubidea mugatzeko era eman zuen, eta baita gauean etxeratzeko agindua ezartzeko ere. Autonomia erkidegoetako buruek kudeatu zuten bigarren alarma egoera hori: haien esku geratu zen ordutegiak moldatzeko aukera eta etxeratze agindua ordubete aurreratu edo atzeratzea. Erkidegoek erabaki ahal izan zuten, halaber, euren lurraldeko mugak ixtea, edo haien barruko eremu bat zarratzea.