Espainiako Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du emakume batek egindako babes errekurtsoa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak eta Donostiako Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Epaitegiak emandako sententziengatik jarritakoa. Emakumea eta haren bikotekide ohia bereizi ostean, bien alaba ikusteko bisiten harira iritsi ziren epaiak: gizonak alaba ikusteko bisitak eginen zituela erabaki zuten, eta, horretarako, haurra topaleku batera eraman behar zuten; emakumearen ama arduratzen zen umea eramateaz. Emakumea indarkeria matxistaren biktima da, eta gizon horri haren erasotzailea izatea leporatzen diote. Bisita horiek bertan behera utzi zituzten, umeak hala eskatuta.
Aurreko bi epaiek diote ulertzen dutela emakumea topalekura ez joatea, bereizketa akordioan ez dagoelako zehaztuta horrek horrela izan behar duen ala ez. Ordea, bilduta dago «kooperazio jarrera» izan behar duela emakumeak, eta umearen amatxiak ez duela jarrera proaktiborik erakutsi. Auzitegi Konstituzionalak dio, baina, bi epaitegiek hartutako erabakiek kontuan hartu beharko luketela bisita horiek indarkeria matxistaren testuinguruan gertatzen ari zirela. Eta horrek adingabearengan eragina duela.
Gehitu dute hau ez datorrela bat Espainiako Konstituzioan jasota dagoenarekin: amak «jarrera proaktiboa» izatea judizialki eskatzea, edo erratea adingabeak nahi duen hori —kasu honetan, bisitak ez egitea— kontuan izanen dela soilik aitarekin duen harremanaren alde egiten badu.