SUP Poliziaren Sindikatu Bateratuak ohar bidez jakinarazi duenez, Espainako Auzitegi Gorenak tramitera onartu du Poliziaren biktimen legeari jarri zion helegitea. Eusko Legebiltzarrak apirilaren 4an onartu zuen lege hori. Sindikatuaren iritziz, legeak "justizia paralelo" baten mende jarri nahi ditu Espainiako Polizia eta Guardia Zibila, eta "terrorismoaren biktima bakarrak, ETAk hildakoak", iraindu egiten dituela argudiatu du.
Aste honetan, PSE-EE, PP, Ciudadanos eta Vox alderdietako ordezkariekin bildu da SUP, Poliziaren biktimen legearen kontrako bere jarrera azaltzeko. Bestalde, alderdi horiei ohartarazi die Espainiako Poliziaren presentzia sustatzea beharrezkoa dela, "mugimendu independentistak estatuaren egonkortasunerako mehatxua diren autonomia erkidegoetan".
SUP sindikatuak Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea salatu zuen, apirilaren 8an, SPP polizia sindikatuarekin batera. Arzuagak Jusapol polizien elkartearen aurka esandakoengatik salatu zuten. "Segurtasun indarrak iraintzea eta gutxiestea" egotzi zioten, Polizia biktimen legea onartu zen bilkuran egin zituen adierazpenen harira.
Legebiltzarraren bilkura horretan, tentsio handiko uneak izan ziren. EH Bilduko parlamentariak hitza hartu zuenean piztu ziren liskarrak. Arzuagak "erabateko arbuioa" agertu zien Espainiako segurtasun indarrei, eta "lobby nazkagarria" egitea egotzi zien segurtasun indarren biktimek aitortzarik jaso ez dezaten. Arzuaga hizketan ari zen bitartean, PPko ordezkariak protestan hasi ziren. EH Bilduko diputatuari "nazkagarria" esan zioten eta egoera "jasan ezina" zela kexatu ondoren, Parlamentutik irten ziren.
Bitartean, gonbidatu gisa aretora joandako Espainiako segurtasun indarretako elkarteetako ordezkariak zutitu egin ziren eta Arzuagari bizkarra ematen jarri ziren. Une batean, polizia elkarteko ordezkarietako batzuek pistola baten gisan jarri zituzten hatzak. Elkarte horretako kideek ukatu egin zuten pistola bat irudikatu zutenik, Justapol polizia elkartearen lehen letra irudikatu zutela ziurtatu zuten.