Espainiako Auzitegi Gorenak indargabetu egin du 2008an Atutxari, Knorri eta Bilbaori ezarri zien kondena

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu zuen 2017an, Eusko Legebiltzarreko Mahaiko hiru kideen eskubideak urratzeagatik.

Atutxa, Bilbao eta Knorr, 2005ean. MONIKA DEL VALLE, FOKU
2019ko urriaren 29a
19:15
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak baliorik gabe utzi du Juan Maria Atutxa Eusko Legebiltzarreko lehendakari ohiari 2008an ezarri zioten zigorra Sozialista Abertzaleak legebiltzarkide taldea ez desegiteagatik. Hala, Gorenak bide eman dio Giza Eskubideen Europako Auzitegiak erabakitakoari. Estrasburgoko auzitegiak ebatzi zuen Atutxaren eskubideak urratu zirela haren kontrako epaiketan.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aintzat hartu zuen Atutxaren eta harekin batera legebiltzarreko mahaiko kide ziren Kontxi Bilbao eta Gorka Knörren helegitea. Hirurei 2008ko apirilaren 8an ezarri zien zigorra Espainiako Justiziak, eta Estrasburgok 2017an ebatzi zuen Espainiak eskubideak urratu zizkiela. Epaileek aho batez hartu zuten erabakia. Horien arabera, Espainiako Auzitegi Gorenak hirurak zigortu zituen beren burua defendatzeko aukerarik eman gabe.

Espainiako Estatua Atutxari, Bilbaori eta Knorri euro bana ordaintzera zigortu zuen Estrasburgok, kalte moralengatik —hala eskatu zuten mahaiko kide ohiek—. Gainera, hirurei 600 euro pagatzera behartu zuen Espainia, auziko gastuengatik.

Batasunaren legez kanporatzearen ondorioz hasi zen Atutxa auzia: Gorenak Eusko Legebiltzarrari agindu zion Sozialista Abertzaleak desegiteko, baina horko Mahaiak ez zuen men egin, Gorenaren agindua legebiltzarraren araudiaren aurkakoa zela argudiatuta. Aginte judizialari desobeditzea egotzita zigortu zituzten. Urte eta erdiko inhabilitazioarekin eta 18.000 euroko isunarekin kondenatu zuen Atutxa. Bilbaori eta Knorri, berriz, urtebeteko inhabilitazioa eta 12.000 euroko isuna ezarri zizkieten.

Auziak arrastoa utzi du jurisprudentzian. Izan ere, 2006ko abenduan, Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki zuen ez egitea ahozko epaiketarik Emilio Botin Santander bankuko presidentea zenaren kontra, argudiatuta herri akusazioaren eskaerarekin bakarrik ezin zela egin. Botin doktrina esan zioten irizpide horri. Atutxa, Knorr eta Bilbaoren kasuan, ordea, epaileek nahikotzat jo zuten herri akusazioak egitea eskaria hirurak epaitzeko, fiskalak hala eskatu ez bazuen ere. Atutxa doktrina esan izan diote beste jarrera horri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.