Euskaldunen hizkuntza eskubideak jomugan daude berriro ere. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak ez du tramiterako onartu Uliazpi fundazioko 34 lanpostutako euskara eskakizunen kontrako sententziari jarritako kasazio helegitea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko Uliazpi fundazioak jarri zuen helegitea, baina Gorenak ez onartzea erabaki du. Ez da gaiaren mamian sartu, baina, haren hitzetan, helegitean ez zuten «behar adina» eta «kasuari erreferentzia zehatza eginez» funtsatu tartean zegoenik kasu bakar bat ere agerian uzten zuena «kasazio interes objektibo bat egon zela eta Auzitegi Gorenak erabaki bat hartzea komeni zela».
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak iazko martxoan eman zuen epaia: erabaki zuen ez dela legezkoa euskararen ezagutza aintzat hartzea Uliazpi fundazioan 34 lanpostu betetzeko oposizioan. 2021eko uztailean onartu zuen Uliazpik 34 zaintzaile kontratatzeko prozesua; euskararen ezagutza —B2 titulua— baldintza zen 32 posturentzat, eta meritua beste birentzat. Epaiaren arabera, deialdiak ez zuen bat egiten Espainiako Konstituzioan jasota dauden «berdintasun, meritu eta gaitasun» printzipioekin. Era berean, nabarmendu zuen euskara eskakizun horiek ezartzeak baztertu egiten zituela gazteleraz soilik zekiten hautagaiak: «Hautagaien arteko desproportzio horrek —euskaldunen %100 eta erdaldunen %5,88— markatzen du errekurritutako oinarrien diskriminazio kutsua, hizkuntza arrazoiengatik» Euskara lehenestea bera ere gaitzetsi zuten epaian: «Euskara normalizatzeko plana ezin da lehenetsi oinarrizko eskubideen aurrean».
Epaiak erreakzio erreskada eragin zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek esan zuen euskaldunok eskubide osoa zutela zerbitzari publiko guztiekin euskaraz egiteko. Horiek horrela, iragarri zuen aldundia konprometituta zegoela «muturreraino» eramateko Uliazpiko erabiltzaileek —adimen urritasuna duten pertsonak artatzen dituzte— jasotzen duten zerbitzua «norbere hizkuntza aukera errespetatuz» egin dadin bermatzeko irizpidea.
Hala egin zuen, eta Uliazpi fundazioak jarri zuen helegitea. Baina, orain, Auzitegi Gorenak erabaki du hura tramiterako ez onartzea.
Oldarraldi judizialak, aurrera
Gipuzkoako Foru Aldundiak ez ezik, euskalgintzak ere gaitzetsi zuen erabakia bere garaian. Baita orain ere. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek ohar bidez egin ditu adierazpenak. «Euskarafobo» giza izendatu du iaz EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako sententzia, eta euskararen aurkako oldarraldiaren barruan kokatu du Gorenaren azken erabakia ere: «Honek erakusten du euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialak aurrera segitzen duela, ez duela etenik». Halaber, uste du egun eskura dauden tresnak aldatu gabe «zaila» izango dela auzitegien «erasoei» aurre egitea: «Aurrera egiteko, beste eszenatoki batera joateko, tresna berriak eratzea eta horiek abian jartzea da bidea. Hor dugu, adibidez, Galizian eta Katalunian indarrean dagoen araudiari jarraikiz Iñigo Urrutia legelariak egindako proposamena».