Espainiako Auzitegi Gorenak behin-behinean eten du atzerriko tituluen homologazioa Eusko Jaurlaritzari eskualdatzea. Hainbat elkargo profesionalek egindako eskaerak bultzatuta hartu du erabaki hori auzitegiko administrazioarekiko auzien salak, profesional horiek aurkeztutako errekurtsoak aztertzen ari baitira orain. Joan den martxoan adostu zuten Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak eskumen horien konpetentziak eskualdatzea, eta hilabete hasieran gauzatu zen. Halere, auzitegiak adierazi du behin-behineko etenak «eragin eskasa» izanen duela, homologazioei lotutako lehenbiziko erabakiak hamar hilabete barrurako aurreikusten direlako, eta ordurako «sententzia jakingo da».
Gernikako Estatutua betetzeko prozesuaren barruan, Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak martxoaren 11n sinatu zuten eskumen hori eskualdatzeko akordioa, aldirietako trenen eta migrazio eskumenekin batera. Itun horretan adostutakoaren bidez, tituluak homologatu ahalko dituen «autonomia erkidego bakarra» izanen da EAE. Homologazioak balioko du Espainiako tituluen eragin bera izateko kasuan kasuko lanbideetan aritzeko —medikuntzan, arkitekturan edo abokatutzan, kasurako—. Espezialitate jakin batean, medikuntzako tituluaz gain dagokion espezialitatea egiaztatu beharko da. Espezialitatea atzerriko unibertsitate batekoa bada, baina, haren titulua Osasun Ministerioak aitortuko du aurrerantzean ere.
Ikusi gehiago
Itun horrek, baina, hautsak harrotu zituen Espainiako medikuen artean, uste baitute erabakiak «zuzentasun printzipioak» zalantzan jarri ahalko dituela, lurralde batzuetan lanbiderako sarbidea «malguagoa» izanen delako bertze batzuetan baino. Espainiako Auzitegi Gorenean errekurtsoa jarri zuten, eta, azkenean, joan den hilabete bukaeran onartu zuten. Administrazioarekiko auzien salak hala argudiatu du: «Gaur egun, gero eta titulazio gehiago daude, eta gero eta espainiar gehiagok ikasten dute atzerrian. Gero eta atzerritar gehiagok Espainian homologatu edo aitortu nahi dituzte beren herrialdeetan edo gureaz bestelakoetan lortutako unibertsitate tituluak. Hori dela eta, kontu handiz ibili behar da».
Administrazioarekiko auzien salak zehaztu du «gai delikatua» dela, eta behin-behineko etenak interes publikoko irizpideei erantzuten dietela. «Zuhurtzia oro gutxi da irizpide desberdinen arteko talka saihesteko; izan ere, administrazio jardule bakarra dagoenean existitzen bada, beste bat gehitzen denean nahitaez areagotuko da».
Etenak eten, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dute «Euskadin profesionalki garatu» nahi duten 200 herritarrek egin dutela titulua homologatzeko eskaria. Eta, hortaz, beren «lehentasuna» dela behin-behineko erabaki horrek ez ditzala 200 pertsona horien proiektuak gelditu. Gehitu dute eskumen hori Gernikako Estatutuak jasotzen duela, eta Jaurlaritzak «legez» jasotako eskumena dela. «[Espainiako Auzitegi] Gorenak kautelazko eteterako eskaintzen dituen irizpideak ez zaizkigu egokiak iruditzen eskumenak banatzeko gai bat ebazteko; konstituzionaltasun blokea aplikatzearen alde egiten dugu, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hori egitearen alde», zehaztu dute.
Zalantza anitz
Eusko Jaurlaritzak atzerriko titulazioen homologazioaren transferentzia lortzeak itxaropena sortu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako atzerriko profesionalen artean, baina zalantza anitz ere badituzte. Oraindik informazio gutxi dagoela diote. Halere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik adierazi zutenez, ez dituzte «oinordetzan hartuko» Espainiako Unibertsitateen Ministerioari egindako homologazio eskaerak; haiek orain arteko bideari eta prozedurari jarraitu beharko diote.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzari dagokionez, «hutsetik» hasi beharko du homologazio eskatzaileak. Espainiako Gobernuari bere titulua homologatzeko eskatu dion atzerritarren batek prozesua Eusko Jaurlaritzaren esku utzi nahi baldin badu, baliogabetu egin beharko du Madrilen abiatutako prozesua.