Espainiako aurrekontu proiektuaren tramitazioak aurrera jarraituko du, gaur gainditu baitu lehen galbahea; zazpi osoko zuzenketa aurkeztu dizkiote 2022ko aurrekontu proiektuari, eta guztiak ezetsi dituzte Espainiako Kongresuan. Bozketa bakarrean baztertu dituzte guztiak, 350 diputatuetatik 188k kontrako botoa emanda. 156 izan dira osoko zuzenketen aldekoak, eta bakarra abstentzioa.
PP, Vox, Ciudadanos, JxC, CUP, Foro Asturias eta Coalicion Canariak aurkeztu dituzte zuzenketak, eta horien aurkako blokean daude PSOE, Unidas Podemos, EAJ eta EH Bildu, besteak beste. Hurrengo pausoa izango da talde politikoek zuzenketa partzialak aurkeztea, eta bihar arteko epea daukate horretarako.
EAJk bide eman badu ere aurrekontu proiektuak aurrera egin dezan, Idoia Sagastizabal diputatuak ohartarazi du «zati handi bat» falta dela oraindik aurrekontuei buruzko akordio bat lortzeko, eta, beraz, zuzenketa partzialak aurkeztuko dituzte. Halere, azaldu du jeltzaleak prest daudela ados jartzeko: «Uste dugu aurrekontuek hobetzeko tartea dutela». «Euskal agendari» eta «inbertsio eraldatzaile berriei» erreparatu die, uste baitu Euskal Herrirako inbertsioak «atzera» geratzen direla egungo testuan.
Gainera, TVEn eginiko elkarrizketa batean, Oskar Matute EH Bilduko diputatuak azaldu du ez duela osoko zuzenketarik aurkeztu «aukera bat» eman nahi diotelako akordioari: «Gaur egun, aurrekontuak urrun daude guk islatzea nahiko genukeenetik». Adibide gisa aipatu du lan erreforma indargabetzeko beharra: «Euskal ezker subiranistak Madrilen lan egiten du hiru helbururekin: langileei ostutako eskubideak berreskuratzeko, izan nahi duguna libre eta demokratikoki erabakitzeko eta salbuespenezko espetxe politika amaitzeko».