Espainiako polizien eta guardia zibilen kopuruari buruz Amaiurrek otsailaren 16an Kongresuan egindako galderari erantzun dio Espainiako Gobernuak. Araban 939 guardia zibil eta polizia daude, Gipuzkoan 1.653, Bizkaian 1.988 eta Nafarroan 2.483. 7.063 guardia zibil eta polizia Hego Euskal Herrian. Guardia zibilak dira gehienak: 4.837. Poliziak: 2.226.
Horiei armadako soldaduak gehitu behar zaizkie —1.200 inguru—, eta zerbitzu sekretuetako kideak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden 8.000 bat ertzainak eta Nafarroan dauden 1.100 bat foruzainak ere ez dituzte aintzat hartzen datu horiek. Bizkartzain pribatuak ere ez. Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Lapurdin 2.200 bat jendarme daudela kalkulatzen da. Hain zuzen, Europan, Zipreren atzetik, polizia dentsitate handiena duen herria da Euskal Herria. Atzetik ditu Turkia eta Irlanda iparraldea, esaterako.
Militarizazioari dagokionez, isiltasuna nagusi delako egin zuen galdera Amaiurrek kongresuan, Rafa Larreinak BERRIAri azaldu dionez. «Errealitatea ezagutzeko» egin zuen itauna. Erantzunak «Espainiako Gobernuaren kontraesana» agerian utzi duela dio. «Muzin egiten dio legalitateari; legez kanpokoa da».
Bai Euskal Autonomia Erkidegoak eta bai Nafarroak polizia propioak dituzte. Ondorioz, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak legez dituzten eskumenak txikiak dira: NANa egiteko eskumena, portu eta mugak zaintzekoa eta lehergailuak garraiatzekoa. Larreinak ohartarazi duenez, «horretarako ez dira 300 ere behar».
Espainiako polizia eta guardia zibil guztiek Euskal Herritik alde egin beharko luketela uste du Amaiurrekoak. Eta, edozein kasutan, eskumen txiki horiek gauzatzeko behar direnak baino gehiagok ez dutela inolaz lekurik izan behar. Areago egungo egoera politikoan. «Zer egiten dute horiek guztiek egungo egoera berrian? Kontrol etengabeak eta probokazioak besterik ez. Ez dute segurtasuna areagotzen, kontrakoa baizik, eta herritarren datuak legez kanpo biltzen aritzen dira. Baina hori amaitu behar da; ez dago arrazoirik hemen jarraitzeko».
TOPi buruzkoak, sekretuan
Frankismo garaiko Ordena Publikorako Tribunalari buruz (TOP) Salamancan dauden artxibo eta datuak ezagutarazteko ere eskatua zuen Amaiurrek. PPren gobernuak erantzun du araudiak ez duela baimentzen gerra zibilean eta diktaduran hil, zigortu edo jazarri zituztenei buruzko datuak baimen gabe ematea.
Espainiako 7.063 polizia eta guardia zibil daude gaur egun Hego Euskal Herrian
Larreinak dio kopuru hori «legez kanpokoa» dela; legez dituzten eskumenetarako 300 ere gehiegi liratekeela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu