Espainiak onartu du kalamua modu terapeutikoan erabiltzea

Kongresuko Osasun Batzordeak onetsi du. AEMPS agentziak sei hilabete ditu kalamuaren erabileraren gaineko zehaztapenak fintzeko

jone arruabarrena
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Kalamuaren erabilera terapeutikoa onetsi du Espainiako Kongresuak. Hori bai, ez denentzako eta ez edonola. Eritasun jakin batzuk dituzten pazienteek hartu ahal izango dute —azken proposamenaren arabera, endometriosia eta eritasun onkologikoak dituztenak tartean dira—, eta farmazietan soilik eskuratu ahal izango da. Orain, sei hilabete izango ditu AEMPS Espainiako medikamentuen agentziak kalamuarekin egindako produktuok merkaturatzeko. Astelehen honetan eman zioten onespena kalamua onesteko irizpideekin ondu duten testuari; aldeko botoa eman zuten PSOE, Unidas Podemos, Ciudadanos, EAJ eta PDeCAT alderdiek. ERC eta EH Bildu abstenitu egin ziren, eta PPk eta Voxek aurkako botoa eman zuten. Oraingoz, ez da kalamuaren lorea zuzenean salduko. Kalamua duten produktuak egongo dira eskuragarri.

PSOEk aurrez txosten bat aurkeztu zuen propio gaiaren inguruan, eta bertan ez zen baimentzen kalamuaren erabilera endometriosia duten andreen eta eritasun onkologikoak dituzten pazienteen oinazea tratatzeko. Baina azkenean horiek ere hartu dira aintzat. Nabarmendu dute 23 adituren ekarpenak aintzat hartu dituztela zerrenda osatzeko. Koldo Callado medikua eta farmakologia irakaslea da EHUn, eta uste du onetsitako irizpena «ondo» egokitzen dela egun dauden ebidentzietara: «Badakigu kalamua momentu honetan eraginkorra dela zenbait gaixotasun tratatzeko; horren inguruan ebidentziak daude. Baina beste batzuk oraindik ikertzen ari dira, eta ebidentziak gutxi dira momentuz».Esaterako, epilepsia mota batzuetan krisialdiak murrizteko daukan eragina azpimarratu du, baina kasu eta gaixotasun jakin batzuk tratatzeko dela nabarmendu du: «Helburua da mediku batek erabakitzea zein pazienteri datorkion ondo».

Errezetarekin

Hori bai: medikuek preskribatu beharko dituzte produktu horiek; «mediku espezialistek» izango dute lehentasuna horretarako. Calladori funtsezkoa iruditzen zaio osasun profesionalen ardura: «Kalamua hartzeko irizpideak beti izan behar du osasun profesionalarena; medikuok egon behar dugu honen atzean». Horrez gain, onetsi duten irizpenean aholku bat bada: kalamua hartzen duten pazienteen erregistro zentralizatu bat abian jartzea. PSOEren nahia zen kalamua soilik ospitaleetako farmazietan jartzea eskuragarri; Podemosek botiketara ere hedatu nahi zuen. Azkenean, erdibideko neurri bat ezarri dute, baina ospitaleetako farmaziak «lehenetsiko» dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.