Osasuna

Espainiak laguntzak onartu ditu talidomidaren biktimentzat

Botika hori erruz errezetatu zitzaien andre haurdunei 50eko eta 60ko hamarraldietan, eta malformazioekin jaio ziren milaka ume; laguntzak oraindik urriak dira, eta Jone Belarra ministroak aitortu du badagoela zeregina

Talidomidak kaltetutako pertsonak, Madrilen, Kongresu aurrean, artxiboko irudi batean. EFE
arantxa iraola
2023ko uztailaren 4a
16:35
Entzun

Alemaniako Grunenthal botika etxeak 1957an atera zuen merkatura talidomida. Hainbat izen komertzialekin saldu zen Europan eta Afrikako zenbait herrialdetan printzipio aktibo hori. AEBetan ez zioten inoiz onespenik eman. 1959an, botika horrek eragiten zituen arazoen gainean ohartarazten hasi ziren hainbat aditu. 1962rako, egiaztatu zuten sendagaiak ondorio larriak eragiten zituela enbrioietan, eta, ondorioz, ume malformaziodunak izaten zituztela botika horiek hartutako andreek. Arazoen berri izanda ere, herrialde denek ez zuten berehala erretiratu botika, eta erruz errezetatu zen oraindik 60ko eta 70eko hamarraldietan. Kaltetuen elkarte Avitek sarritan salatu du Espainia izan zela azkenetarikoa botika erretiratzen. Biktimentzako laguntza ekonomikoak onetsi ditu Ministroen Kontseiluak gaur.

Karlos III.a ikerketa zentroan ehunka biktima aztertu dituzte, eta 130 pertsonako errolda bat ondu dute; horiek eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Giza Eskubideen ministro Ione Belarrak onartu du Espainia izan dela tankerako laguntzak bideratzen azkenetariko herrialdea, eta esan du laguntza horien alde egitea «justizia» egiteko bide bat dela. Ministroak aitortu du oraindik lan handia egin behar dela biktimekiko «zorra» ordaintzeko, baina uste du gaurkoa urrats erabakigarria dela. Nabarmendu du botikaren ondorioz malformazioak izan dituztenek eta haien senideek egin duten borrokaren ondorioa izan dela, hein handi batean, erabakia.

Laguntzak biktima bakoitzaren mendekotasun mailaren arabera ebatziko dira. Aintzat hartzeko moduko albistea da orain arte 24 biktimak bakarrik jaso zituztelako laguntzak. Oso gutxi ziren. Avite elkartearen arabera, orain ere laguntza jaso gabe geratuko dira ehunka pertsona. Euskal Herrian ere badira talidomidaren ondorioz malformazioekin jaiotako pertsonak; gehienek urteak egin zituzten ahaztuta, zer zuten ere jakin gabe. Jada nagusiak zirela jakin zuten gehienek zein zen beren malformazioaren motiboa. Hainbatek arazoak izan dituzte egiaztatzeko bidean.

1977ra arte

Botika noiz arte eman zen egiaztatzeko errezetak bilduak dituzte Avite elkartean, eta azkena 1977koa da. Ordurako, zenbait herrialdetan kaltetuek bazuten biktimen aitortza. Alemanian, esaterako, 1971rako onartua zuten okerra, eta laguntzak ebatzi zituzten malformazioak zituzten umeen familientzat.

Egun, ospitaleetan-eta erabiltzen da oraindik talidomida, besteak beste minbizia tratatzeko, baina era kontrolatu batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.