2017ko irailaren 28an, genero indarkeriaren aurkako ituna onartu zuen Espainiako Gobernuak, eta, handik bi hilabetera, harekin bat egin zuten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Ordutik, Espainiak diru funts gehigarriak ematen dizkie ituna sinatu zuten erkidegoei, indarkeria matxistaren aurkako neurriak finantzatzeko. Nafarroko Gobernuari, esate baterako, 1,5 milioi euro dagozkio urtean, Javier Remirez lehendakariordeak 2020. urtean azaldu zuenez. Astelehen Lilak eta Impacto de Genero elkarteek salatu dute, ordea, diru horrek ez duela islarik Nafarroako Berdintasun Institutuaren aurrekontuetan. «Ez dakigu non inbertitu duten, baina Berdintasun Institutuan ez, behintzat», esan du Astelehen Lilak taldeko buru den Tere Saez berdintasun teknikariak. Genero indarkeriaren aurkako inbertsioen ebaluazioa Nafarroan izeneko txostenaren aurkezpenean egin ditu adierazpenak.
«Guk ez dugu esaten diru hori ez denik inbertitu, baina ez dakigu non dagoen; administrazio batzuek Espainiako diruak erabili dituzte eurek gutxiago inbertitzeko, eta zalantza dugu hemen ere ez ote den gertatu halako zerbait»
Tere Saez. Astelehen Lilak elkarteko bozeramailea.
«Guk ez dugu esaten diru hori ez denik inbertitu edo inork poltsikoan sartu duenik. Esaten dugun bakarra da ez dakigula non dagoen», gehitu du Saezek. Astelehen Lilak elkarteak azaldu du Espainiako ituna «lorpen handia» izan zela indarkeria matxistaren aurkako borrokan, eta horregatik, «gardentasuna» eskatu du diru hori inbertitzeko garaian: «Funts horiek gehigarriak dira; hau da, erkidegoek urtero inbertitzen dutenari gehitu beharrekoak. Administrazio batzuek, ordea, Espainiako diruak erabili dituzte eurek gutxiago inbertitzeko, eta zalantza dugu hemen ere halako zerbait gertatzen ari ote den».
Horren froga gisa, Astelehen Lilak elkarteak erakutsi du Nafarroako Berdintasun Institutuak indarkeria matxistaren aurkako proiektuetara bideratutako dirua: «Espainiako ituneko 1,5 milioi euro horiek isla izan beharko lukete 2018tik aurrerako inbertsioetan, baina ez da igoera nabarmenik antzematen». Zehazki, 2017an, Nafarroako Gobernuak 1,7 milioi euro erabili zituen indarkeria matxistaren aurkako neurriak finantzatzeko; 2023an, berriz, 1,9 milioi izan ziren. «Igoera 197.000 eurorena izan da, 1,5 milioi baino puskaz txikiagoa», esan du Saezek. Nafarroako Berdintasun Institutuaren inbertsioen artean ageri dira genero indarkeriaren aurkako arreta integralerako lantaldeak, indarkeria matxistaren biktimentzako laguntzak, harrera baliabideen kudeaketa eta prebentzio eta sentsibilizazio programak, besteak beste.
Inbertsioen igoera
Astelehen Lilak elkarteak onartu du 2022. urtean «nabarmen» igo zela Nafarroako Gobernuak berdintasun politika publikoetan eta indarkeria matxistaren aurkako neurrietan inbertitutako dirua. «Hala ere, uste dugu igoera horrek ez duela zerikusirik Espainiako itunarekin, baizik eta Nafarroako Parlamentuan adostutako neurriekin eta talde feministen eraginarekin».
Gobernuan ez bezala, udaletako inbertsioetan isla izan du genero indarkeriaren aurkako itunak. Astelehen Lilak-en txostenean irakur daitekeenez, funts horiek jaso eta justifikatu dituzte Nafarroako udalerrien %97k: «Inbertsio gehienek zerikusia dute sentsibilizazio eta prebentzio neurriekin, baina udal batzuek funtsak erabili dituzte arretarako profesionalak kontratatzeko, psikologoak batez ere». Hain zuzen, kontratazioekin lotura du elkartearen beste aldarrikapen nagusietako batek: «Ongi legoke itunean jasota dauden funts hauek urte anitzekoak izatea, eta ez soilik urtebetekoak. Era horretan, proiektu luzeagoak finantzatu ahalko lirateke, eta langileen kontratuak egonkortu». Saezek esan du urratsak egin beharko lituzketela administrazioek, «arta sistema publiko eta egonkor bat» lortzeko bidean.
Espainiakoak ez bezala, Europatik jasotako Next Generation funtsak «egoki» banatu ditu Nafarroako Gobernuak, Astelehen Lilak-en ustez. «Balio izan dute, besteak beste, sexu indarkeriaren biktimak artatzeko 24 orduko zentroa eraikitzeko», azaldu dute. Zentro horren funtzionamendua bermatze aldera, baina, finantzaketari segida ematea galdegin dio administrazioari: «900.000 euroren diru saila onartu beharko lukete 2024ko aurrekontuetan».