Espainiak hizkuntza gutxituen arloan «okerrera» zertan egin duen gogoratuko du ELENek

Espainia giza eskubideen arloan ebaluatzeko NBEk datorren astean egingo duen bilkuraren harira, Europako hizkuntza gutxituen gizarte eragileen sareak txosten bat atera du; euskararentzat zonifikazioak dakartzan arazoez ohartarazi du.

ELENen batzar orokorra Bilbon, azaroan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
ELENen batzar orokorra Bilbon, azaroan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
arantxa iraola
2025eko apirilaren 22a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Datorren astean, asteazkenean, NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak ebaluazioa egingo du propio aztertzeko zer-nola dagoen giza eskubideen arloa Espainian. Lau urtean behin egin ohi den azterketa izaten da hori. Horren harira, Espainiak hizkuntza eskubideei zer trataera ematen dien erakuste aldera, txosten bat argitaratu du ELEN Europako hizkuntza gutxituen gizarte eragileen sareak. Eta ohartarazpena egin du bertan: orain lau urteko txostenarekin alderatuta, «okerrera» egin da hainbat arlotan. Arazorik larrienak zerrendatu ditu. Hizkuntza gutxituen alde lanean ari diren eragileen ekarpenekin ondu dute txostena, eta tartean parte hartu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Galizian, Herrialde Katalanetan, eta Asturiasen hizkuntza eskubideen alde ari diren elkarteek ere parte hartu dute. Heldu den asteartean saio bat egingo dute Genevan, txostenean jasotakoez mintzatze aldera. Bertan ordezkaritza izango du Kontseiluak ere.

Txostenak, oro har, aintzat hartzen ditu Hizkuntza Gutxituen Itunaren 6. Ebaluazioaren gomendioak. Bost urtean behin egiten da balorazio hori, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna izenpetu duten herrialdeek hartu dituzten neurriak aztertzeko. Iazko irailean argitaratu zen azken ebaluazioa. Besteak beste, Espainiako Estatuari eskatu zioten neurriak har zitzala epaiketak euskaraz egin ahal izateko. Nafarroako zonifikazioa bertan behera uzteko ere eskatu zuten, eta euskara sustatzeko beste hainbat neurri hartzeko.

ELENek ohar bat zabaldu du datorren asteko saioaren berri emateko, eta sare horretako idazkari nagusi Davyth Hicksen adierazpenak jaso ditu. «Espainiak premia handiz konpondu behar ditu katalanak, euskarak eta galizierak dituzten arazoak», abisu eman du. Onartu du badirela txalotzeko moduko erabakiak, eta goraipatu egin du, adibidez, Espainiako Gobernuak hiru hizkuntza horiek EB Europako Batasunean ofizial egiteko urratsak abiarazi izana. Hain justu ere, 2023ko abuztuan abiarazi zuen eskabide hori Espainiako Gobernuak, eta ELENek berak Bruselan agerraldi batean parte hartu zuen aurrerago, horren alde egiteko.

Baina konpondu beharrekoak zerrendatu nahi izan ditu ELENek oraingoan, eta aurreratu du gai horiek hizpide izango dituztela datorren asteko saioan . «Hitz egingo dugu Kataluniako murgiltze ereduaren kontrako lege erasoez, valentziera ahultzeko egindako Rovira lege irrigarriaz, eta euskara eta galiziera hiztunek administrazioan, osasun sisteman eta sistema juridikoan beren hizkuntzak erabiltzeko dituzten arazoez», aurreratu du Hicksek.

«Espainiak premia handiz konpondu behar ditu katalanak, euskarak eta galizierak dituzten arazoak»

DAVYTH HICKS ELENeko idazkari nagusia

Arazoaren muinean dagoenaz ohartarazi du ELENeko idazkari nagusiak: «Hiru hizkuntzak ofizialak dira [euskara, katalana eta galiziera], baina ahulduta daude oraindik». Txostenaren arabera, erakunde autonomikoetan hizkuntza eskubideak bermatze aldera neurriak hartu badira ere, «apala» da gehienetan hizkuntza kontuetan estatuko administrazioetan egin den aurrerabidea. Hizkuntza gutxituen garapena eragotzi duten hainbat ebazpen judizial ere propio aipatu dituzte. Kontseiluak berak aurreratu du hizpide izango dituztela datorren asteko bilkuran euskararen aurkako «oldarraldi judizialak» eragindako kezkak ere.

euskarari buruz jasotakoak

  • Hizkuntza «zatituta» dago.  Txostenenean ohartarazi dute, oro har, lege babesa euskararen lurralde osoan «zatituta» egoteak «areagotu» egiten dituela hizkuntzaren arazoak, alor askotan: «Hezkuntzan, administrazioan, sistema juridikoan eta hedabideetan». Propio gomendatu dute neurriak hartzeko Nafarroan egun dagoen zatiketa administratiboak dakartzan arazoak gainditzeko, euskarak behar duen «babesa» hobetzeko bidea hori dela argudiatuta.
  • RTVEren ekarpena urria da. Beste hainbat tokitan Espainiako Irrati Telebista RTVEren emanaldiak «ia osorik edo osorik» hizkuntza gutxituetan badira ere, euskararen lurraldeetan presentzia oso urria dela salatu dute: «Urtean minutu gutxi batzuetakoa». 
  • Justizia sistema ez da euskalduna. Euskarak leku urria du Espainiaren administraziopeko justizia sisteman, eta ELENek gogora ekarri ditu hori erakusten duten datuak ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jasotako datuen arabera, adibidez, epaileen %7k bakarrik dute egiaztatua euskara ezagutzaren bat. Hizkuntza eskubideak urratzen ditu horrek. «Ez dago behar bezala bermatuta prozedurak euskaraz egiteko aukera». Estatuko administrazioetan ere, oro har, euskarak presentzia urria du.
  • Hezkuntzan hutsuneak badira. Hegoaldeko erretratua eginda, oro har, graduak euskara hutsean egin ahal izateko aurrerabideak falta dira oraindik. Zenbait gabezia zehatz ere aipatu dituzte: esaterako, ikasleei dislexia diagnostikatzeko testak gaztelania hutsean daude oraindik usu, bai eta adimen gaitasun handiko haur eta gazteak atzemateko egiten diren probak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.