Maria Servini epaile argentinarrak Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohia galdekatu behar zuen martxoaren 20an, frankismoko biktimek Argentinan jarritako kereilaren harira. Espainiako Gobernua, ordea, deklarazioaren aurka agertu da. Kereila argentinarraren aldeko koordinakundeak adierazi duenez, Espainiako Justizia Ministerioak hartu du erabakia. Hark argudiatu du Servinik nazioarteko eskakizun bat egin beharko lukeela Martin Villa galdekatzeko, Espainian ez baitauka jardunerako eskumenik. Hala ere, koordinakundeak salatu du eskaera aurrez egina zuela epaileak, baina Espainiako epaitegiek bi aldiz baztertu zutela.
Hain zuzen ere, Argentinako Auzitegi Nazional Kriminal eta Korrekzionalaren ikerketapean dago Martin Villa, gizateriaren aurkako krimenak egotzita. Joan den abenduaren 20an deklaratu behar zuen bertan, baina atzeratu egin zen deklarazioa. Azkenean, Servinik erabaki zuen Madrilen galdekatzea, eta hara joatekoa zen funtzionario talde batekin batera. Beste auzipetu batzuekin batera hartu behar zion deklarazioa ministro ohiari, eta epaileak ondoren erabaki behar zuen epaibidera igorri ala ez.
Ohorezko dominak
Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak Espainiako Kongresuan atzo egindako kontrol saioan Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari galdetu zion ea zer egingo duten giza eskubideak urratu eta ohorezko dominak dituzten poliziekin.Iñarrituk Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño-ren kasua izan zuen aipagai, eta gaineratu zuen «torturatzaile frankista» izan zela.
Grande-Marlaskak, ordea, ez zion erantzun garbirik eman egindako galderari. Adierazi zuenez, martxan dago «konstituzioaren aurkako jarrera izan duten pertsonei ohorezko dominak era erregular batean kentzeko» lege proiektuaren aukera. Iñarrituk, berriz, ministro ohiaren hitzei erantzunez, gehitu zuen ez dagoela dominak edo onurak kenduko dituen lege bat babesteko arazorik. Hala ere, Euskal Herriko egoera oinarri, adierazi zuen lege proiektua «zabalagoa» izan beharko litzatekeela: «Torturarengatik edo gerra zikinarengatik kondenatutako polizien gehiengoa karguz goititu dute, medaila batekin saritu dute edo barkatua izan da».
Espainiak ez du nahi Servinik Martin Villa ikertzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu