Ezetz esan du Espainiako Auzitegi Gorenak: ez duela baimenduko euskal presoei espetxealdiak murriztea. Europako Batzordearen 675/2008 zuzentarauak hala agintzen duen arren, Frantzian zigorra bete duten eta Espainiara eraman dituzten euskal presoeiez zaiela aurrez bete dituzten espetxealdiak kontuan hartu behar ebatzi du; Espainian delitu beragatik zigortu arren, Frantziako espetxeetan egindako urteak ez zaizkiela Espainiak ezarritako zigorrei kenduko. Kepa Pikabea presoak aurkeztutako helegiteari erantzutean esan du hori Espainiako Auzitegi Gorenak, epaiak jurisprudentzia sortuko duelako ikusmin, presio eta liskarrez inguratuta egon den erabakian. Izan ere, 50 euskal presori baino gehiagori eragin diezaioke epaiak.
Nahasia da auzia, eta ilungune ugari ditu. Europako Batzordeak 2008an onartutako zuzentarauak dio Europako Batasunak batuta jardun behar duela erabaki judizialetan ere. Alegia, Europako Batasuneko edozein auzitegik ezarritako zigorrak kontuan hartu beharko dituztela Europako beste edozein herritako auzitegiek. Gizarteratzeari begirako neurria da, funtsean. Europako irizpideen batasunari eta presoaren hobe beharrari begiratuta hartutakoa. Euskal presoen kasuan, Frantzian zigorra bete duten eta Espainian delitu beragatik zigortu dituzten presoei eragingo lieke Europako arauak: Espainian bete beharreko kartzela urteei Frantzian betetakoak kendu behar litzaizkieke.
2008an hartutako erabaki hori Europako estatu guztiek bete beharrekoa da. Nola gauzatu ere zehaztu zen orduan: 2010eko abuztuaren 15erako estatu guztiek beren legeetan txertatua izan behar zuten. Espainiak, ordea, ez du jaso epemuga igaro eta sei urtera arte. 2014ko abenduan bihurtu zuen lege, eta, gainera, zuzentarauak emandako onurez baliatzeko, zenbait baldintza jarri zituen. Salbuespen horiek euskal presoei aukera baliatzea ukatzen diete, praktikan.
PPk sustatutako moldaketa horietako batek zehazten du onura ez zaiela ezarriko 2010eko abuztuaren 15a baino lehen zigorra jaso dutenei. Hau da, Europako arauak legean jasoa behar zuen data baino lehen zigortutakoak onuretatik kanpo geratuko direla jaso du Espainiak 7/2014 Lege Organikoan.
Pikabearen kasua da hori. Beste euskal preso asko bezala, 2010. urtearen aurretik zigortu zuten Frantzian. Baina Pikabeak Espainiako legea indarrean sartu aurretik egin zuen zigorrak batzeko eskaera, eta, beraz, salbuespen hori ezingo litzaioke ezarri, legea atzerako eraginez ezartzea litzatekeelako bestela.
Horixe argudiatu zuen Pikabeak Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegitean. Auzitegi Nazionaleko Bigarren Zigor Arloko Salak ebatzi zuenean ez ziola kontuan hartuko Frantzian betetako zigorra, helegitea aurkeztu zuen Gorenean. Gainera, ordurako, kontrako erabakia hartua zuen auzitegi berbereko Lehen Atalak. Alberto Plazaola, Santiago Arrospide, Pakito Mujika eta Rafael Carideri Frantzian egindako espetxe urteak kentzeko agindu zuen. Plazaola eta Arrospide askatu egin zituen arrazoi horregatik.
Pikabeak helegitea aurkeztu zuen ezezkoaren aurka, eta, auzitegiaren irizpide kontrajarriak zirela eta, Auzitegi Goreneko osoko bilkurak hartu zuen erabaki eta irizpidea ezartzeko lana. Abenduaren 16an bildu zen horretarako, baina adostasunik ez zuen lortu, eta atzo arte atzeratu zuen erabakia.
Desadostasunak indarrean
Gehiengoa lortu zuen atzo, baina gehiengo osotik urruti dagoen emaitzarekin. Desadostasunak ez dira gainditu Auzitegi Gorenean: epaile batzuek Europako Batzordearen 675/2008 zuzentaraua bere horretan ezarri eta Pikabeari Espainiako zigorra hamar urte gutxitzea defendatu dute. Beste batzuek PPk ezarritako irizpideak bere egin eta Europako zuzentaraua ez ezartzearen alde egin dute. Eta beste multzo batek gauzak argitzeko laguntza eskatzea defendatu du: Espainiako 7/2014 Lege Organikoa Europako Batasuneko Justizia Auzitegira eraman, eta ea Europako Batzordearen 675/2008 zuzentarauaren izaerarekin bat datorren argitzeko eskatzea proposatu dute. Izan ere, horien ustez, Espainiak Europako araua jasotzeko modua Europako irizpidearen kontrakoa da.
Bi eguneko eztabaiden ondoren, hamabost epaileetatik bederatzik babestu dute zigorrak batzearen aurkako erabakia. Seik aurka egin dute, eta boto partikular bateratua kaleratuko dutela iragarri dute.
Helegitea Estrasburgon
Orain Europako Giza Eskubideen Auzitegian helegitea aurkezteko aukera du Pikabeak. Eta pentsatzekoa da Langraiz bidean dagoen presoak hala egingo duela. Hala ere, jakina da Estrasburgok urteak behar izaten dituela erabakiak hartzeko, eta, beraz, azken epaia kaleratu arte dezente luza daitekeela presoen espetxealdia.
Bien bitartean, pentsa daiteke Gorenak euren egoerari buruz erabaki zain dauden presoek Pikabearen bide bera hartuko dutela. Baita zigorrak batzeari buruz Auzitegi Nazionalaren epaiaren zain daudenek ere. Hala ere, ezin da ziurtzat jo guztiek ezezkoa jasoko dutela. Kontuan izan behar da Pikabea espetxealdia murrizteko aukeratik kanpo utzi duen erabakiaren argudioa dela presoa 2010a baino lehen zigortu zutela. Kasu berean daudenei dagozkien epaiak Gorenak ezarritako bidea jarraituko dute, ziur aski. Baina argudio horrek ez du balioko lehen aldiz 2010eko abuztuaren ondoren zigortu dituztenen eskaerak baztertzeko.
Auzitegi Nazionalaren epaia Espainiako legea indarrean sartu aurretik jaso dutenei ezezkoa ematea ere zailagoa izango da. Esate baterako, abenduan askatu zituzten Plazaola eta Arrospide berriz espetxeratzea.
Edonola ere, Estrasburgon dute jarria konfiantza presoen abokatuek, seguru baitaude arrazoia dutela eta Europako Auzitegiak hala aitortuko duela, Parot doktrinarekin egin zuen bezala.
Espainiak ez ditu aintzat hartuko presoek Frantzian betetako urteak
Auzitegi Gorenak atzera bota du Kepa Pikabeak zigorrak batzeko eskatzeko aurkeztu zuen helegitea.Desadostasunak mantendu dira: bederatzi epailek babestutako erabakiaren aurka egin dute seik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu