Espainiako Gobernuak ez du bete nahi Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaia. Ines del Rio aske uzteaz gain, haren giza eskubideak urratzeagatik kalte-ordaina eman behar ziola agindu zion auzitegiak, baina Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz-Gallardonek iragarri bezala, ez dute horretarako asmorik. Atzo bidali zion jakinarazpena Estatuaren abokatuak Europako Kontseiluari, eta azaldu zion Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal preso ohiari erantzule zibil gisa ezarri zion zigorretik murriztuko diotela legez dagokion kalte-ordaina.
Estrasburgoko Auzitegiak joan den urriaren 21ean kaleratutako epaian dio 30.000 euroko kalte-ordaina eman behar diola Espainiak Del Riori «kalte moralagatik», eta 1.500 eurokoa prozesuaren kostuengatik. Estatuaren abokatuak argudiatu du 1.591.454 euro zor dizkiela preso ohiak, berari egotzi zizkioten atentatuetako biktimentzako kalte-ordain gisa, eta kopuru horri kenduko dizkiotela 31.500 euroak. «Egotzi zizkioten delituen ondorioa dela onartu behar du».
Harreren polemika «faltsua»
Efe berri agentziak argitu duenez, Espainiak Estrasburgoko Auzitegiaren epaia bete duen edo ez aztertzen aritu da Europako Kontseiluko Ministroen Batzordea azken egunetan, eta gaur emango dute ondorioen berri. Covite «terrorismoaren» biktimen elkarteak haiei bidalitako gutuna ere jaso dute balorazio horretan, iturri berberen arabera. Epaiarekiko desadostasuna adierazi zuen Covitek idatzi hartan, hura beteta ez omen direlako bermatu «herritarren eskubideak».
Hain justu, Estrasburgoko Auzitegiak «Espainiako gizarteari egin dion mina» izan zuen hizpide atzo PPk. «Espero dut damutu behar ez izatea», esan zuen Carlos Floriano antolakuntza idazkariordeak.
Epaia beteta espetxetik irten diren euskal presoen harrerak direla-eta Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak eragin duten polemikak ere beste kapitulu bat izan zuen atzo. Barne ministro Jorge Fernandez Diazek adierazi zuen «terrorismoaren gorazarrea» direla harrera horiek, «publikoak» badira. Espainiako Fiskaltzak hori hala den argitzeko frogak eskatu zituen sei preso ohiren kasuan, eta Fernandez Diazek esan zuen gaitasun «mugatua» duela horretarako bere gobernuak.
Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Ertzaintzari dagokio «ordena publikoaren» eskumena, eta gero barkamena eskatu arren, Barne ministroak zalantzan jarri zuen polizia autonomikoa zuzen ikertzen ari ote den harrera horiek. Zenbaitetan «terrorismoa» goratu dela uste du Fernandez Diazek, baina atzo esan zuen neurriak hartu dituztela preso ohien ingurukoek: «Sorturen irizpideak bete dituzte, harrerak pribatuak izan zitezen». Hala ere, Jabier Martinezi egindakoa Auzitegi Nazionalean salatu zuen atzo UPDk.
Polemika hori guztia «faltsua eta interesatua» dela ohartarazi zuen EH Bilduko Joseba Permachek, Sorturen legez kanporatzeari buruzkoa bezala. Koalizioaren ustez, konponbide prozesuan duten ardura eta «gizartea benetan kezkatzen duten arazoak» ezkutatu nahi dituzte eztabaida horiek piztuta.
Espainiak Europari jakinarazi dio ez duela ordainduko Del Riori dagokion kalte-ordaina
Europako Kontseiluak gaur jakinaraziko du egindako jarraipenaren arabera Estrasburgoren epaia egoki bete den
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu