Espainiak AHTaren obra gehiago jarri ditu abian, Jaurlaritza kexatu ostean

Bi tarte eta larrialdietarako hainbat pasabide eraikiko dituzte. Inbertsioa 197 milioikoa izango da

2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Abiadura handiko trenarekin lotutako beste hiru obra jarri ditu martxan Espainiako Gobernuak: bi trenbide tarte eta zazpi tuneletako larrialdi irteerak. Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak egingo ditu lan horiek, Bilbo-Gasteiz linean. Hain justu, joan den astean kexu azaldu zen Eusko Jaurlaritza AHTaren lanen egoeragatik, eta EAJk ere irmo jo zuen Madrilgo gobernuaren aurka Pedro Sanchezen inbestidura saioan. Guztira 197 milioi euro jarriko ditu Adifek, orain onartutako obra horiek egiteko.

AHTko lineei dagokienez, bi hauetako obrak hasiko dituzte: Elorrio-Elorrio eta Atxondo-Abadiño. Elorrioko tarteak 72 milioi euroko aurrekontua du; hiru kilometroko trenbide tartea da, eta eraikitzaileek 34 hilabeteko epea izango dute obrak egiteko. Abadiño eta Atxondo arteko zatiak, berriz, 93 milioi euroko aurrekontua dauka; 5,6 kilometroko trenbide zatia da, eta 30 hilabeteko epea zehaztu dute obretarako.

Tunelen larrialdiko irteerena da onartutako hirugarren proiektua: ia 31 milioiko aurrekontua dute obra horiek, eta bi urteko epea dute egiteko. BERRIAk orain bi urte argitaratu zuen eran, segurtasun arazoak daude tren lasterrarentzat eraikitako tuneletan, eta horregatik egin beharko dituzte orain larrialdi irteera gehiago. Izan ere, gaur-gaurkoz ez dituzte Europako arauak betetzen.

Denera 11 tuneletan egin behar dituzte egokitzapen lanak: gutxienez larrialdi irteera bat jarri behar dute tuneleko kilometro bakoitzean. Zazpi tunel hauetako obrak onartu ditu Adifek orain, guztiak ere Bilbo-Gasteiz arteko AHT linean daudenak: Induspe, Udalatx, Mendigain, Olabarrie, Ganzelai, Galdakao eta Zaratamo.

EAJren kezka

Eusko Jaurlaritzak joan den astean jakinarazi zuen amaituak dituela bere eskumeneko obrak, Gipuzkoako trenaren plataformari dagozkionak. Iñigo Urkullu lehendakariak Madrili proposatu zion obra gehiago uztea Jaurlaritzaren gain, hark bidera ditzan, eta gero dirua deskontatzea kupotik. EAJk ere irmo salatu zuen «lanen atzerapena» Espainiako Kongresuan, inbestidura saioan.

Adifek orain hartutako erabakia ikusirik, Arantxa Tapia Azpiegitura sailburuak adierazi du ez dagoela berritasunik, jada «eginda» egon beharko luketelako obra horiek. Espainian Gobernua osatu ezinaren kezka agertu du Tapiak: haren arabera, Madrilgo egoerak «atzeratu» egiten du azpiegituren garapena. AHTa ez ezik, gogoan hartu ditu Forondako eta Hondarribiko aireportuak, eta Pasaiako portua. Industria politika «indartsuak» egiteko ere oztopo da Madrilgo egoera, sailburuak ohartarazi duenez. Horregatik dei egin du «fronte bateratu bat» sortzera, egoera horri aurre egiteko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.