Espainia zigortu izana garaipentzat jo du Erkiziak
BILBO. Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak garaipentzat jo du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu izana bere adierazpen askatasuna babestu ez zuelako: «Epaia oso argia da. Esan du nik ez nuela borroka armatuaren inolako apologiarik egin, ez zuzenean, ez zeharka». Prentsaren aitzinera atera zen atzo goizean Erkizia, eta nabarmendu zuen erabat ezberdinak izan direla Espainiako auzitegiek eta Estrasburgokoak kasu beraren inguruan egindako interpretazioak. Haren ustetan, horrek argi uzten du Espainiako justizia ereduak ez duela «justutik ezer». Hain zuzen, Espainiako epaileei «ildo eta estrategia politikoak markatzea» leporatu zien Erkiziak, eta argi adierazi zuen adierazpen askatasunik gabeko estatu bat ez dela «estatu demokratiko bat». Erkiziarekin batera, Haimar Altuna Sortuko Kontseilu Nazionaleko kideak ere hartu zuen hitza. Altuna pozik azaldu zen Erkiziaren aldeko epaiarekin, eta erran zuen leku txarrean uzten duela Espainiako justizia eredua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu