Euskal diaspora. Pete Cenarrusaren heriotza

Espainia haserretzen zuen 'enbaxadorea'

Igandean zendu zen Pete Cenarrusa, Idahoko Estatu idazkaria izandakoa eta AEBetan euskal kultura eta euskara sustatzen jardun zuen euskaltzale nekaezina. Euskal gatazka konpontzeko konpromisoa azaldu zuen politikan eman zituen ia 50 urteetan.

jokin sagarzazu
2013ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Euskaraz, 4+3=1 da». Horrela azaltzen zien estatubatuarrei zer zen Euskal Herria, zer zen euskal gatazka. Sortzez eta legez estatubatuarra, eta «arimaz» euskalduna, Euskal Herriak nazioartean izan duen ehunka «enbaxadoreetako» bat izan da Pete Cenarrusa (Carey, Idaho, AEB, 1917-2013). Euskal diasporak Amerikako Estatu Batuetan izan duen erreferente politiko nagusienetakoa. Mende erdi egin zuen politikan, AEBetan. Espainiaren haserrea askotan eragin zuen, eginiko adierazpenengatik eta sustatutako egitasmoengatik, bai frankismoan, bai ondoren. Argi zuen euskal gatazka ez zela konponduko Espainiak eta Frantziak Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea onartu arte. Bere osoan ulertzen zuen Euskal Herria. Esaten zuen independentzia bizkaitarrek eta gipuzkoarrek soilik nahiko balute, bai euskal abertzaleek, bai espainol zein frantses nazionalistek onartu beharko zutela. Hori ikusi gabe hil zen, igandean.

Bere jarduna AEBetan eginagatik ere, Cenarrusa euskal politikaritzat hartua izan da beti euskal abertzaletasunean. Haren euskaltzaletasuna eta Euskal Herriaren alde eginiko lana azpimarratu dute denek, haren heriotzaren karietara eginiko adierazpenetan. Ugariak izan dira esker hitzak, eta Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak doluminak bidali dizkiote familiari, telegrama bidez. «Idahon bakarrik ez dute bere lana eta gizatasuna faltan botako», adierazi du Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak. EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek Cenarrusaren euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna azpimarratu ditu. «Belaunaldi horretan geratzen zitzaigun azken enbaxadorea joan zaigu». Ezker abertzaleko Pernando Barrenak, berriz, adierazi du Euskal Herriak «asko» zor diola Cenarrusari; euskal kulturaren alde eginiko lanaz gain gain, gogoratu du Euskal Herriaren «askatasunen eta eskubideen» alde «sutsu» aritutakoa dela. Antzera mintzatu da Amaiur, eta «dolumin sentikorrenak» bidali dizkie Cenarrusaren sendiari, bere izena daraman fundazioari eta Idahoko Estatuari. Udalbiltzak ere Cenarrusak erakutsitako «konpromisoa» nabarmendu du. Boiseko alkate Dave Bieterrek eta Idahoko gobernadore Butch Otterrek ere goraipatu dute Cenarrusaren figura. AEBetan euskal herritarrek inoiz izan dutendefendatzaile «onena» izan dela esan du Butchek. Eta Bieter «harro» azaldu da euskal kulturaren alde Cenarrusarekin lan egiteaz. Etzi izango da hileta ofiziala, eta ostiralean azken agurra egingo dio Idahoko euskal komunitateak, Boisen. Jaurlaritzak AEBetan duen ordezkaria, Ander Caballero, ekitaldietan izango da.

Ezohiko politikaria

Cenarrusarentzat ez zen arrotza Euskal Herriko egoera. Hainbat aldiz izan zen hemen; 1971. urtean aurrenekoz, eta 1977an berriz, Francisco Franco diktadorea hil osteko lehen udal hauteskundeetan, behatzaile gisa. 2001ean Sabino Arana Fundazioaren «euskaldun unibertsal» izendapena jaso zuen, eta 2010ean, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaitar Argia saria. Horrez gain, Euskal Herrian jasotako haziak landatu zituen Idahon: 2003an, bere izena daraman Euskal Ikasketen Zentroa jarri zuen martxan Boiseko Unibertsitatean, eta Boiseko ikastolako sortzaile ere izan zen, 1998an.

Euskal politikagintzan hainbat egitasmo babestu zituen frankismoan, baita gero ere. Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko adierazpena sustatu zuen 2001ean, eta 2012an, bake prozesuarekiko itxaropena azaltzen zuen adierazpen bat, Idahoko Estatu Gaietarako Batzordean. Hango legebiltzarrak «goraipatu» egin zuen ETAk ekintza armatuak behin betiko eten izana, eta elkarrizketa bultzatzera dei egin zien gobernuei, «bake iraunkorra» lortzeko. «Lehenengo, ETAk geratu egin behar du, eta gero, denon artean elkarrizketa. Betiko bakea lortu behar da. Elkarrizketa da bidea. Berbarik egiten ez bada, badakigu: euskaldunek francotarrak hil eta francotarrek euskaldunak. Berba egin. Hirugarren gauza bat ere bai: euskaldunek autodeterminazioa behar dute», adierazi zion Miel A. Elustondo kazetariari, 2009an BERRIArako eginiko elkarrizketa batean.

Alderdi Errepublikanokoa, Richard Nixon, Ronald Reagan edota Bush aita-semearen alderdi berekoa izateak ere ez du inoiz harekiko begikotasuna uxatu, ez Euskal Herrian, ez Idahon. Bitan babestu zuen Reagan, 1968ko eta 1984ko kanpainetan. Baina AEBetako presidenteak kritikatzeko beldurrik ez zuela erakutsi zuen behin baino gehiagotan. Hala egin zuen Watergate Nixonekin loturiko ustelkeria kasuan eta Bush aita-semeek sustatutako gerretan. Bakezalea zen Cenarrusa; gatazkak elkarrizketa bidez konpondu behar zirela esaten zuen.

Ezohiko politikaria zen. Martin Ugaldek 1971n eginiko elkarrizketa batean jaso zuen AEBetako kazetariak harrituta uzten zituela hark bezalako politiko kontserbadore bat auzi batzuetan hain nabarmen «ezkertiar-edo» agertzeak. Idahon, hauteskunde nominalak direnez botoa hautagaiari ematen zaionez, Cenarrusa beti gelditu zen demokrata eta errepublikanoen arteko lehiaren gainetik, eta, hein batean, horregatik egin zituen 30 urtetik gora Idahoko Estatu idazkari, 1967tik 2003ra. Idahon karguan gehien egon den agintaria da, eta bigarrena AEBetako historian. 40 urtean Etxe Zurian izandako bizilagun guztiak ezagutu zituen, eta, demokrata zein errepublikano, denekin izan zuen erlazio zuzena; haren arabera, guztiei jarri zien mahai gainean euskal gatazkaren gaia.

Bere burua errepublikanotzat zuen arren, euskal nortasuna ez zuen ahazten. Idaho bezalako estatu kontserbadore batean, adibidez, hautagai demokrata bati, Dave Bieter Boiseko alkate demokratari, kanpaina zati bat pagatu zion, udal hauteskundeetan aurreneko aldiz aurkeztean. Cenarrusak azaldu zuen euskaldunak tartean izanda ez zuela sekula alderdikeriaz jokatuko, garrantzitsua zela Boisek alkate euskalduna eta abertzalea edukitzea.

Euskaldunen batasuna

Francoren garaian, 1971n, etorri zen lehenengoz Euskal Herrira. Aurretik semeak ikusitakoak berrestera eta aita-amak jaio ziren etxeak bisitatzera. Zenbait gauza ez zitzaion gustatu. «Euskal jendea zapaldu nahian zebiltzan frankistak eta guardia zibilak», azaldu zion Xabier Irujo historialariari, On basque politics. Conversations with Pete Cenarrusa liburuan. Euskaraz hitz egiteko beldurra sumatu zuen. Jesus Leizaola erbesteko Jaurlaritzako lehendakaria eta Telesforo Monzon ezagutu zituen. «Franco zelako txerria zen kontatu ziguten. 'Euskaldunek ez dute beren herrian eskubiderik!', pentsatu nuen, eta sentitu nuen: 'Zer edo zer egin behar dut!'».

Eta egin zuen. 1972an idatzi bat egin zuen, Idahoko Legebiltzarrean aurkeztu eta Eisenhower presidenteari bidaltzeko, Euskal Herrian zer pasatzen zen esplikatuz: «Francok zelako txarto tratatzen zituen euskaldunak, eskubiderik ez zutela, kantoietan zelan ikusi genituen guardia zibilak fusil eta guzti...». AEBek dirua ematen zioten Francoren gobernuari, Espainian base militarrak edukitzeko. Gerra Hotza zen. Cenarrusak Eisenhowerri eskatu zion dirurik ez emateko euskaldunak ondo tratatu arte. Idahoko legebiltzarrak aho batez onartu zuen idatzia. Aurretik inplikatu zen, baina, euskal auzian. 1970ean, Don Samuelson gobernadorea lagundu zuen, Burgosko prozesuaren harira, Francori telegrama bat bidaltzen. William P. Rogers Estatu Idazkariari ere azalpenak eskatu zizkion.

Artean Idahoko estatu idazkari zela, Espainiarekiko azken erlazio diplomatikoak 2002an izan zituen. 2001ean hango parlamentuak Euskal Herriaz onartu zuen ebazpenak hautsak harrotu zituen, eta haserrea eragin Espainiako eta AEBetako gobernuen artean. Jose Maria Aznar eta George Bush ziren agintariak. Espainiaren AEBetako enbaxadore Javier Ruperez Boisera joan zen, eta Cenarrusa eta beste agintari batzuekin bazkaldu zuen. Cenarrusak kontatu izan du tentsio handiko bilera izan zela. AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Ricek esku hartu behar izan zuen. Aznarren haserrea itzaltzeko, Ricek garrantzia kendu zion ebazpenari.

Bigarren belaunaldiko euskal estatubatuarra zen Cenarrusa. Han jaio eta hazitakoa. Hala ere, bere sustraiak oso presente zituen. Bost neba-arreba ziren. Aita, Jose Mari Cenarrusa, 1907an heldu zen Ameriketara, Munitibartik; ama, Ramona Gardoki, 1914an, Gernikatik. Etxean jaso zuen euskara. «Familia estua ginen, eta Euskal Herriko baserri batekoen antzera hazi ginen». Inguruko arditegi oparoenetakoa zuen aitak, eta haurtzaroan eta gaztaroan beste euskal familiekin harreman estua izan zuen. Nekazaritza ingeniaritza ikasi zuen, baina lanean hasi bezain pronto armadatik deitu zuten. Bigarren Mundu Gerrako azken urteak ziren, eta itsasoko aire armadara bidali zuten. Han ikasi zuen hegazkinak gidatzen, baina, AEBek bonba atomikoak jaurti ostean Japonia errenditu, eta ez zuen gerran parte hartu behar izan. Gerraamaituta hasi zuen bide politikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.