Espainia eta tortura, NBEren begietan

Torturaren Aurkako Batzordeak azterketa egingo dio datorren urtean Espainiako Estatuari. Lege baliabideak galdegin dizkio torturen biktimentzat. Txapartegiren kasuaz eta Cabacasen heriotzaz informazioa eskatu dio

Nils Melzer NBEko torturaren aurkako kontalari berezia. SALVATORE DI NOLFI / EFE.
jokin sagarzazu
2017ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Nekane Txapartegiren tortura salaketaz eta Iñigo Cabacasen heriotzaz galdetu dio Nazio Batuen Erakundeak Espainiako Estatuari. 2015ean egin zion NBEren Torturaren Aurkako Batzordeak azterketa bat, eta horren harira kaleratutako txostenean adierazi zuen bi kasu horiei buruz jasotako informazioa ez zela nahikoa. Hala, datorren urtean Genevan (Suitza) egingo dion zazpigarren azterketan berriz galdetuko dio horri buruz.

Baina, horrekin batera, sakonago ikertu nahi du torturen gaia. Besteak beste, datu estatistikoak galdegin dizkio: zenbat salaketa egin diren, zenbat ikertu diren, zenbat zigortu...; atxilotuen inkomunikazio erregimena bertan behera uztea erabaki duen, nazioarteko erakundeetatik hainbatetan eskatu dioten bezala; neurririk hartu ote duen torturengatik zigortutako polizien kontra, eta gobernuak indultua eman dienekin, bereziki, zer egin duen —horren aurka dago NBE—; torturak jasandako biktimen aitortza, justizia eta erreparazio egiteko legerik garatu duen ere jakin nahi du; eta frankismo garaiko torturekin loturiko kasuetan kolaboratu al duen Argentinako Justiziak abiatu dituen auzibideekin, ala Espainiako Estatuak zigor prozedurarik abiatu duen. NBEk gogoratu duenez, tortura delituek ez dute preskribatzen: ikertu eta zigortu behar dira.

Gaur-gaurkoz, baina, Espainiak ez du neurririk hartu aipatutako alor horietan, NBEren galdetegiaren oinarri diren erakundeen txostenetan salatzen denez, behintzat. Hain justu horixe bera azpimarratu dute Eusko Jaurlaritzak asteon kaleratutako torturei buruzko ikerketa egin duten EHUko adituek ere. Euskal gatazkarekin loturik atxilotutako 4.000tik gora tortura salaketa dokumentatu dituzte eta egiazkotasuna aitortu diete; salaketa horietako %73 diktaduraren ondorengo garaikoak dira.

Torturen gaiarekin batera, Kataluniako egoerarekin ere kezka agertu du NBEko batzordeak; bereziki, urriaren 1eko erreferendumean Espainiako Poliziak erabilitako indarkeriari buruz galdetu dio. Horrekin batera, atxilotutako etorkinen egoerari buruzko informazioa eskatu dio eta indarkeria matxistaren aurkako politikei buruzkoa. Beste puntu batean, taser pistola elektrikoei buruz galdetu dio Espainiari; ea horien erabilera debekatzeko neurririk hartu duen. Ertzaintzak pistola horiek ditu martxotik, «salbuespen kasuetan soilik erabiltzeko».

«Salaketa sistematikoak»

Txostenaren 25. paragrafoan azaltzen da Txapartegiren kasua. Zehazki, NBEk Espainiari eskatu dio argitzeko atxilotu zutenean (1999an) hark egindako tortura salaketaren eta ikerketaren emaitzak zein izan diren. Txapartegi estraditatzeko Espainiak Suitzari aurten bidalitako erantzunean ukatu zuen torturatua izan zela. Argudiatu zuen epaitegiek artxibatu egin zutela salaketa hori delitu zantzu faltagatik, eta ziurtatu zuen ETAk diseinatutako estrategia baten ondorio dela «tratu txarren salaketa sistematikoa». Aurtengo apirilean tortura salaketari sinesgarritasuna aitortu zioten bi psikiatra adituk, Istanbulgo Protokoloa erabilita.

18/98 sumarioan epaitu eta zigortu zuten Txapartegi 2009an, «ETArekin kolaboratzeagatik». Espetxeratu aurretik egin zuen ihes, eta iazko apirilean atxilotu zuten Suitzan. Aurtengo apirilean, estradizio eskaera onartu zuen hango Justiziak, baina irailean Espainiako Auzitegi Nazionalak preskribatutzat eman zuen hari egotzitako delitua. Aste batzuk lehenago NBEk Suitzari eskatu zion Txapartegi ez estraditatzeko. Aske da gaur egun.

Txosteneko puntu berean beste hainbat kasuren inguruko informazio zabalagoa galdegin dute batzordeko kideek, eta hor azaltzen da 2012ko apirilean Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batekin hildako Iñigo Cabacasen kasua. Aurtengo udan amaitu zuen instrukzioa Bizkaiko Probintzia Auzitegiak, eta sei ertzain daude auzipetuta. Epaiketa hasteko zain daude aldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.