Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ontzat jo du abortatzera doazenen aurkako jazarpena debekatzea

Atzera bota du Voxek aurkeztutako helegitea. Nabarmendu du emakumeen abortatzeko eskubidea babestea dela legearen helburua.

Abortatzeko eskubidearen aurkako bi lagun, Gasteizen, 2022an, klinika baten atarian, aurrean feministak dituztela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Abortatzeko eskubidearen aurkako bi lagun, Gasteizen, 2022an, klinika baten atarian, aurrean feministak dituztela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko maiatzaren 8a
17:30
Entzun

Haurdunaldia borondatez etetera kliniketara doazen emakumeei jazartzea debekatu zuen legea babestu egin du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Voxek jarritako helegitea aztertu eta atzera bota dute gaurko osoko bilkuran: zazpi kidek egin dute Maria Luisa Balaguer epaile progresistaren sententziaren alde, eta lauk kontra.

2022an onartu zuten kliniken kanpoko aldean «otoitz egiten» aritzen direnak zigortzeko legea Espainian: «jarduera gogaikarri, iraingarri, larderiazko edo bortxazkoen bidez» emakumeei zein osasun langileei jazartzea debekatu zieten, eta haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea oztopatzea ere bai. Horretarako, Espainiako Zigor Kodea moldatu zuten, eta hiru hilabete eta urtebete arteko kondenak ezarri halakoetarako.

Voxek helegitea aurkeztu zuen lege horren kontra, haren iritziz legeak ez duelako biderik ematen zigortzen dituen jokabideak garbi identifikatzeko. Horrez gain, jendaurrean abortuaren kontra agertzen direnen hainbat eskubide mugatzen dituelako: askatasun ideologikoa eta erlijiosoa, adierazpen askatasuna, berdintasuna, eta biltzeko eta manifestatzeko eskubidea. Voxek abortatzera joaten diren emakumeak ere erabili zituen bere helegitea osatzeko: alderdiaren arabera, intimitaterako eskubidea urratzen die abortatzera joandako emakumeei, prozesu judizial batean parte hartzera behartzen dituelako. 

Termino «lausorik» ez

Maria Luisa Balaguer epaile progresistak sinatu du sententzia. Atzera bota dituzte Voxen arrazoi guztiak. Diotenez, legean ez dago termino «lausorik» eta, beraz, legea aplikatuko zaienentzat ez da «ustekabekoa». Sententziaren arabera, «jarduera gogaikarri, iraingarri, larderiazko edo bortxazkoak» aipatzea behar bezain zehatza da, eta ez du behartzen interpretazio subjektibo bat egitera jokabideak zigortzeko orduan.

Auzitegi Konstituzionalak nabarmendu du abortatzeko eskubidea oztopatzen dutenen jazarpen delitua legean jasota zera lortu nahi dela, emakumeei beren borondatez haurdunaldia eteteko askatasuna bermatzea. Sententzian diote legeak eragina duela oinarrizko eskubide batzuetan, baina ez duela «behargabeko eta neurrigabeko sakrifiziorik» eragiten haietan.

Jazarpenaren biktimen intimitaterako eskubideari dagokionez, onartu du legeak aurreikusitako kasuetan ofizioz jarduteak eragina izan dezakeela salaketarik aurkezten ez duten biktimen intimitatean. «Baina», ebatzi duenez, «sakrifizio hori justifikatuta dago delituaren ikerketagatik, eta emakumeek eskubide hori askatasunez gauzatzeak proiekzio orokorra duelako». Hori guztia testuinguru jakin batean: «Oraindik egiturazko zailtasunak daude emakumeek eskubide hori gauzatzeko». 

Legea ere, onetsita

Espainiako Gorteek 2010ean onartutako abortuaren legea hamahiru urtez egon zen Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren zain. PSOE gobernuan zen garaian onartu zen araua, eta PPk helegitea jarri zion epeen sistemari: haurdunaldiaren hamalaugarren astera arte libreki abortatzeko eskubidea ematen du legeak. Auzitegiak iaz eztabaidatu zuen gaia: helegitea atzera bota, eta legea ontzat jo zuen.

Hala ere, kontu bat geratzen zaio ebazteko Konstituzionalari: iazko otsailean moldatu egin zuten abortuaren legea, 16 eta 17 urteko adingabeek gurasoen baimenik gabe abortatu ahal izateko, eta Voxek helegitea jarri zion aldaketa horri; udan, tramiterako onartu zuen auzitegiak, baina oraindik ez du argitu zer iritzi duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.