ETAren armagabetzea. Ondorena

Espagnac: «Mugitu behar zuela ikusi zuen Frantziak Luhusokoaren ostean»

Frantziak otsailean esan zion Espainiari prozesuan parte hartuko zuela, PSko senatariak dioenez. Otegik uste du agertoki politikoa aldatu dela

edurne begiristain
2017ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Otsailean jakinarazi zion Frantziak Espainiari ETAren armagabetze prozesuan parte hartzeko borondatea zuela, Frederique Espagnac PSko euskal senatariak jakinarazi duenez. Haren esanetan, Luhuson (Lapurdi) gertatutakoak «gauzak aldatu zituen», eta mugarria izan zen ETA desarmatzeko. Egun horren ostean Frantziako Barne ministro ohi BrunoLe Rouxek desarmatzean inplikatzeko «erabaki politikoa» hartu zuen: «Luhusokoaren ostean gobernuak ikusi zuen mugitu behar zuela, gizarte zibilak ez zuelako ongi ikusten gobernuak urratsik ez egitea». Otsailaren 20an Frantziaren eta Espainiaren artean Malagan (Espainia) egindako goi bileran lehen aldiz jakinarazi zion Parisek Madrili prozesu horretan parte hartzeko borondatea zuela, Espagnacek Radio Euskadin azaldu duenez.

Larunbatekoa «historikoa» izan zela uste du PSko senatariak. «Aieteko Adierazpenetik itxaroten ari ginen. Batzuentzat, bost urte asko izango da, baina ez da hainbeste pauso hau emateko», esan du. Jadanik «bakearen eguna» da apirilaren 8a, haren ustez. Nabarmendu du hori lortu izanaren meritua jende askorena izan dela, baina bereziki bi pertsonaren lana goraipatu du: BrunoLe Roux Frantziako Barne ministro ohiarena eta Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefetarena. Morvanek solaskidetza eta negoziazioetan egindako «lan eskerga» nabarmendu du PSko senatariak: «Hari esker izan da guztia arrakastatsua».

Hemendik aurrera begira, berriz, presoen auziari heltzea beharrezkoa ikusten du Espagnacek. Uste du «odol ekintzak» egin dituztenek justiziaren aurrean erantzun beharko dutela, baina ezartzen zaizkien «salbuespen politikak» aldatu beharko zaizkiela dio. Besteak beste, euren familiengandik gertu egoteaz eta gaixo dauden presoen kasuan giza eskubideez hitz egin beharko dela uste du.

Bestalde, Guardia Zibilari ETAren armategiak ikuskatzeko baimena emateko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalak Frantziari. Izan ere, haren esku daude armak joan den larunbataz geroztik. Eloy Velasco epaileak zehaztu duenez, «argitu gabeko atentatuak argitzeko» behar dituzte arma horiek.

Armagabetzearen osteko agertokia hizpide izan dute eragile politiko eta erakundeek. Eusko Jaurlaritzaren ustez, «agertoki berria» ireki da larunbataz geroztik, eta orain errazagoa izango da elkarbizitzaren aldeko pausoak ematea. ETAren desegiteak izan beharko luke hurrengo urratsa, ez baita «bateragarria» ETAk irautea eta gizarteak «memoria kritikoa» eraikitzea, Josu Erkoreka eledunaren ustez. Urrats horrek espetxe politika berria lortzea ahalbidetuko lukeela dio.

Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiaren aburuz, armagabetzea gauzatuta, presoen egoeraz eta segurtasun indarren presentziaz hitz egiteko ordua iritsi da. «Presoek etxera itzuli behar dute, urruntze eta salbuespen politikak amaitu behar dira, eta gaixo dauden presoak aske utzi». Kontakizunaz ere mintzatu da Otegi: «Irabazleen eta galtzaileen kontakizunak ez du bizikidetza iraunkorrik bermatzen».

Adierazpena Nafarroan

Bestalde, Nafarroako Parlamentuak PPNren adierazpen bat onartu du ETAri eskatuz desegin dadila, eta «egindako mina aitortu eta biktimei barkamena» eskatzeko. UPNk eta PSNk babestu dute testua, laukoak abstentziora jo du, eta EH Bilduk kontra bozkatu du. Hala ere, zatiketa eragin du testuaren hirugarren puntuak, zeinak proposatzen zuen hezkuntzan sortzea ikasgai bat «ETAk eragindako mina» erakusteko xedez. Laukoak puntu horren aurka bozkatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.