Frantziako Senaturako bozak

Espagnac, Brisson eta Saint Pe izanen dira Frantziako Senatuan ordezkari

Igandean iragan ziren Frantziako Senaturako bozak Ipar Euskal Herrian. Aurkeztu diren bederatzi zerrenden artean, orain arteko hiru senatariak karguan atxikitzearen alde egin dute hautetsiek

Frederique Espagnac eta Max Brisson —ezkerrean— artxiboko argazki batean. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Ez da aldaketarik izanen. Senatari eserlekua atxiki dute Frederique Espagnac sozialistak, Max Brisson errepublikanoak eta Denise Saint Pe Modemekoak. Igandean iragan ziren Frantziako Senaturako bozak Pauen (Okzitania), eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko hautesbarrutian bozka zezaketen hautetsiek jarraitutasunaren aldeko apustua egin zuten. Duela sei urte bezala, Espagnacek bildu zuen aldeko boto gehien: 608 ; ondoren iritsi zen Brisson, 553 botorekin; eta Saint Pek hirugarren lekua hartu zuen, 363 botorekin.

348 senatari daude Frantziako Senatuan, eta hiru urtean behin ganberaren erdia aldatzen da; sei urteko agintaldia izaten du senatari bakoitzak. Hauteskunde bereziak dira, ez baitute herritarrek bozkatzen. Hautesbarrutiari lotuak diren erakundeetako hautetsiak dira hautesleak, hau da, diputatu eta senatariak, eskualdeko eta departamenduko kontseiluetako hautetsiak eta herriko etxeetan ordezkari gisa izendatutako hautetsiak —herriaren tamainaren arabera aldatzen da Senaturako bozkatzeko aukera duten ordezkarien kopurua—; horiek guziak hautesle handi izendatuak dira. Pirinio Atlantikoetako departamenduko hautesbarrutian 1.879 hautesle handi dira.

2017ko boto kopuru berarekin gailendu zen senatari sozialista herenegun arratsaldean, eta hirugarren agintaldia abiatuko du. Indarrak barreiatuta aurkeztu dira aurten ere Frantziako ezkerreko alderdiak. 2022ko ekainean Frantziako Asanblearako NUPES koalizioa osatzeko ados eman ondoren, gorabehera bat baino gehiago izan ditu PS, PC, EELV eta Frantzia Intsumisoaren arteko elkarlanak. Frantziako Estatuko zenbait eremutan bateratze batzuk izan badira ere, ez da hala izan Ipar Euskal Herrian, eta bakoitzak bere zerrenda aurkeztuko du. Hala ere, horrek ez dio eragozpenik eman Espagnaci gainerako hautagaitzak gailendu eta senatari postua lortzeko.

Hainbat gaitan izan duen oposizioarekin esplikatu zuen bere garaipena France Bleu Pays Basque irratian, hala nola Frantziako Gobernuaren erretreta erreformaren kontra agertu izana edo «tokiko erakundeei» buruzko bozkak: «Ezin dugu erran herriko etxe indartsuak nahi ditugula, eta haientzako laguntzak murriztu. Aldi oro kontra agertu naiz», esplikatu zuen. Gatazkaren konponbide prozesuan izan duen parte hartzeak eta euskarazko irakaskuntzaren alde mintzatu izanak zenbait abertzaleren botoak ekarriko zizkiola ere irudika daiteke.

Lurralde antolaketari heltzea izanen da haren lehentasuna, baina baita Euskal Herriko eta Biarnoko aldiriko trenak ere —aspaldiko eskaera da Ipar Euskal Herrian Donostia eta Baiona lotuko lituzkeen tren zerbitzu bat ezartzea—. Ingurumen gaiak, laborantza, garapen ekonomikoa eta etxebizitza gaiak ere azpimarratu zituen. Haatik, euskararen aldeko hizkuntza politikaz ez zuen hitzik egin.

Errepublikanoetako hautagaiak duela sei urte baino berrehun boto gehiago eskuratu zituen, eta posizioa indartu du. «Hautetsien aurrean mesfidatia den estatu baten jarrera hautetsontzietan nabaritu daiteke», adierazi zuen berak ere irratian. «Frantsesen botoa kontuan hartzeari uko eginez, [Frantziako] Errepublikako presidentea bere burua bakartzeko prozesuan dago; hautetsien erreakzioan ikus daiteke hori. Ez dut krisirik nahi, ez dut hauteskundeetara itzul gaitezen nahi; herrialdea gobernatu behar da», gaineratu zuen. Frantziako Senatuan Errepublikanoek duten gehiengoa kontuan hartzeko eskatu zuen.

Hirugarrena kolokan

Hirugarren senatariaren eserlekua izan zen igande arratsaldeko suspensea eragin zuen elementu bakarrenetakoa. Duela sei urte baino 46 boto gutxiago eskuratu zituen Saint Pek, eta ez zituen bereganatu 2017an zentro-eskuineko beste zerrendak eskuratu zituen 119 botoak. «Presidentearen gehiengoaren izenean aurkeztu izanak ez nau lagundu», aitortu zuen. Espagnacen zerrenda beste eserleku bat lortzekotan egon zen, bigarrena, baina, azkenean, 30 botoren aldeagatik Modemekoarentzat izan zen.

Bederatzi zerrenda aurkeztu dira aurten Pirinio Atlantikoetako hautesbarrutian. Honela gelditu ziren gainerako hautagaitzak: Julien Brunel (EELV) 98 boto, Anne Saouter (PCF) 47 boto, Marc Gairin (Reconquete) 42 boto, François Verriere (RN) 38 boto, Michel Lamarque (etiketarik gabe, zentro-eskuina) 28 boto, Sandra Pereira (LFI) 21 boto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.