Esnali eta Paroti buruzko erabakien zain gelditu dira Bakegileak

Irailaren 22an erantzunen diete bi euskal presoek baldintzapean aske geratzeko eginiko eskaerei. Bakegileek iragarri dute ekintza gehiago eginen dituztela jarrera aldaketarik ezean

Bakegileen blokeatze bat, joan den larunbatean. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Balorazio «baikorra» egin dute Bakegileek larunbateko mobilizazio egunaren ondorenean. 2.000 pertsona inguruk parte hartu zuten euskal presoen etxeratzearen aldeko desobedientzia ekintzetan, eta hamabost blokeatze puntu atxiki zituzten egun guzian. Horrez gain, Miarritzeko aireportuan, autobidean eta trenbidean ere egin zituzten blokeatzeak ekintzaileek. Irailaren 22a dute hurrengo egun garrantzitsua: orduan emanen dituzte Jakes Esnalek eta Ion Kepa Parotek baldintzapean aske geratzeko eginiko eskaeren emaitzak. 32 urte daramatzate Frantzian espetxeraturik, eta behin eta berriz ukatu dizkiete askapen eskaerak. Terrorismoaren Kontrako Frantziako Fiskaltza aske uztearen kontra agertu zen Parisko Dei Auzitegian joan den astean egin zituzten audientzietan. Frantziako justiziak jarrera aldatu ezean ekintza gehiago eginen dituztela iragarri dute Bakegileek.

Baina larunbateko ondorio judizialak ere kudeatu beharko dituzte. 26 atxilotu izan ziren blokeatze ekintzetan. Horietarik sei aireportuan atzeman zituzten: aireratze pistara baimenik gabe sartu izana leporatzen diete. Prokuradorearen ordezkoaren aitzinera deituak izanen dira ondoko asteetan. Beste 11 autobideko blokeatzean harrapatu zituzten. Debekatutako manifestazio batean parte hartzea eta ibilgailuen zirkulazioa oztopatzea leporatuta auzipetuko dituzte. Heldu den otsailerako deituak dira Baionako Zigor Auzitegira.

Azkenik, trenbidea blokeatu zuten bederatzi ekintzaileak daude. Akizeko (Landak) Fiskaltzari dagokio kasua. Abenduaren 15ean epaituko dituzte, Akizeko Zigor Auzitegian. Eta ikusteko dago Frantziako justiziak Bake Bidearen kontrako neurririk hartuko ote duen.

Oihartzun handia izan zuen Bakegileen ekintzak Euskal Herrian, baina Frantziako hedabide nagusietan ere aipatu zituzten egun osoan izandako blokeatze ekintzak. Halaber, Frantziako pertsona ezagun batek baino gehiagok babestu zuen euskal presoen askatasunaren aldeko ekinaldia, hala nola Aureli Trouve Frantzia Intsumisoko diputatuak, Cecile Duflot Frantziako Gobernuko ministro ohi eta Frantziako Oxfam erakundeko zuzendariak, eta Philippe Poutou NPA alderdi antikapitalistako kide eta Frantziako presidentetzako hautagai ohiak. NPA alderdiak berak, eta Frantziako Asanbleako EELVko talde parlamentarioak ere babesa erakutsi zioten Bakegileen mobilizazioari; atxilotuetako hiru EELVko kideak dira. «Fiskaltzaren tema gogorra [...] duintasunik gabekoa da», idatzi dute. «Frantziako Asanbleako talde ekologistak bere babesa adierazten dio Euskal Herriko bake prozesuari».

Normaltasunaren irudia

Frantziako Estatuko zerbitzuek ere nehoiz baino gehiago komunikatu zuten larunbatean, sare sozialetan idatzitako mezuen eta prentsari bidalitako agirien bidez. Goizean goizetik, dena kontrolpean zutela erakutsi nahi izan zuten, eta, arratsalderako, Bakegileen blokeatzeko asmoak oztopatu zituztela zabaldu zuten. Aireportuan, trenbidean eta autobidean baizik ez zuten esku hartu Frantziako Poliziak eta Jendarmeriak. Gainerako lekuetan, manifestariengana hurbildu baziren ere, kasik ez zuten esku hartu, eta zirkulazioa desbideratzera mugatu zuten beren jarduna.

Alta, prefeturaren mezu bera errepikatu bazuen ere, mintzatzera behartua sentitu zen Gerard Darmanin Frantziako Barne ministroa. «Eskerrak prefeturari eta segurtasun indarrei [Ipar] Euskal Herria blokeatu nahi zutenak oztopatzeagatik», idatzi zuen Twitterren, arratsean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.