Jakes Esnal eta Frederic Haranburu Xixtor euskal presoen zigorrari epemuga jartzea. Hori da François Hollande Frantziako presidenteari bidalitako gutun batean Ipar Euskal Herriko pertsona ospetsu andanak eskatu duena. Bi lapurtarrak 1990eko apirilean atxilotu zituzten, ETAren Argala komandoko kideak izatea leporatuta. Bizi osorako zigorrera kondenatuak izan ziren, eta 27 urte beteko dituzte aurten presondegian. Maritxu Paulus Basurko abokatuak iragarri du eskaera onartuko balitz gehienez sei urteren buruan aterako liratekeela.
Sostengu zabala jaso dute bi presoen kasuaren inguruan; horien artean, Peyuco Duhart Donibane Lohizuneko (Lapurdi) auzapezarena —bertakoa da Esnal— eta Pierre-Marie Nousbaum Senperekoarena (Lapurdi) —bertakoa da Haranburu—. Sara, Senpere, Donibane Lohizune eta Hendaiako auzapez ohiek ere eman dute atxikimendua, baita hautetsi, elizgizon, abokatu eta zenbait herritarrek ere.
Martxoaren 14an, Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefetarekin elkartu ziren Salaberri bera, Mikel Epalza apeza eta Paulus Basurco abokatua. Morvan duela gutxi arte Bernard Cazeneuve Frantziako Lehen ministroaren kabinete burua zela kontuan hartuta, presidentearengana iristeko «modurik onena» iruditu zitzaien. «Entzunak» izan zirela azaldu dute. Morvanen bidez, Frantziako presidenteari eta Justizia eta Lehen ministroei helarazi diete gutuna, hitzordu eskaera batekin batera.Gutunean, azken bost urteetan sortutako testuinguru politikoa xehatu dute, Aieteko konferentziatik hasi eta Luhusoko operaziora arte. «Hautetsien eta herritarren gehiengoak gatazkaren konponbidea nahi du. Horretarako, armagabetzea, preso eta iheslarien itzulera eta biktima guzien aitortza eta erreparazioa beharrezkoak dira. Munduko beste herri anitzetan bezala, hemen ere, herriak behin betiko bakea nahi du». Haien hitzetan, bi presoen zigor kommutazioa onartzea izenpetzaileen «bake nahiari» erantzun «indartsua eta humanitarioa» ematea litzateke.
Zigor kommutazioa
Maritxu Paulus Basurko abokatuak esplikatu du zertan datzan zigor kommutazioa. «Esnal eta Haranburu bizi osorako kartzela zigorrera kondenatu zituzten, hemezortzi urteko segurtasun zigorrarekin. Espainiako orduko zigor kodearen arabera, 30 urteko kondena izanen zuten; hori da, kasu berdinarentzat, Unai Parotek bete behar duena». Bi euskal presoen kondena 30 urtera mugatzea eskatu dute, beraz. Frantziako presidenteak eskaera onartuko balu, berriz epaitegira itzuliko litzateke kasua. «Gaizkile taldeko kide izateagatik, beste hamar urteko kondena dute; magistratuek erabaki beharko dute 30 edo 40 urteko epea atxiki. Horren arabera, zigor murrizketak aplikatuko lirateke». Gehienez ere, beste sei urte izanen lituzkete presondegian betetzekoak. Jon Kepa Parot euskal presoa ere kasu berdinean da, baina Paulus Basurkok azaldu du baldintzapean aske uzteko eskaera egina duenez oraingoz ez duela kommutazio eskaerarik egin nahi izan.
Martxoaren 25erako, manifestaziora deitua du Bagoaz kolektiboak Baionan, bizi osoko kartzela zigorra eta larriki eri diren presoen egoera salatzeko.
Esnal eta Haranbururen zigorrak kommutatzeko eskatu dute
François Hollande Frantziako presidenteari gutun bat bidali dio Ipar Euskal Herriko pertsona ospetsu andanak. Onartuko balu, gehienez sei urteren buruan aterako lirateke kartzelatik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu