«1989an hasi nintzen odola ematen», azaldu du Josu Eizagirrek. Aitari egindako ebakuntza batean hartu zuen kontzientzia odola ematearen garrantziari buruz: «Aitari ebakuntza bat egin zioten Gurutzetako ospitalean, eta odol poltsa asko jarri zizkioten».
Eizagirre Gipuzkoako Odol Emaileen Zentrora joan da odola ematera. Donostiako Manuel Lekuona pasealekuan dago, Antigua auzoan. Egunero irekitzen dute zentroa, igandeetan izan ezik, 08:30etik 21:00etara. Langileek bi txanda egiten dituzte.
Ikusi gehiago
Odola emateko gelan hamar ohe daude. Ohe batzuetan odol emateak egiten dituzte; beste batzuetan, ordea, aferesia egiten dute —makina batek odoleko osagaiak banatzen ditu— . Aferesia egiten duten ohean dago etzanda Eizagirre. Plasmaferesia egin diote, hau da, plasma hartzen diote eta beste odol osagaiak gorputzera itzultzen dizkiote: «Nik AB+ odol taldekoa naizenez, orain plasma ematen dut». AB+ odol motan ez dago eskasia handirik gaur egun Hego Euskal Herrian.
Eizagirreren aurretik, Unai Artolak eman du odola: «Familiako kide bat gaixorik zegoen, eta odola emateko pausoa eman nuen», azaldu du odola ematen ari den bitartean. Hiru urtean eman izan du.
«Familiako kide bat gaixorik zegoen, eta odola emateko pausoa eman nuen»
Unai ArtolaOdol emailea
Odola eman baino lehen, erizain batek osasunari buruz eginiko galderak erantzun behar izaten dituzte gela txiki batean. Galdetegi horretan emandako erantzunen arabera, erizainak berak erabakiko du odola eman dezaketen ala ez. Honelako galderak egiten dizkiete: osasuntsu dauden, adin nagusikoak diren eta 50 kilogramo baino gehiago pisatzen duten, tatuajerik edo piercingik egin duten azken lau hilabeteetan...
Lau erizain daude odol emaileen gelan. Odol emaile gutxi daude. Artola joan ondoren, Eizagirre eta beste emaile bat etorri dira, baina beste oheak hutsik daude. Hala ere, Miren Karrion erizainak esan du goizean emaile gehiago egon direla: «Goizean, 50 pertsona inguru etorri dira, eta, arratsaldean, beste 50 inguru espero ditugu».
Udako egoera erabat desberdina izaten da urteko beste garaitan izaten den egoerarekin alderatuta, Karrionen iritziz: «Urte osoa, probintziako herrietan odol asko ematen dute, eta Donostia lasaiagoa izaten da; udan, ordea, alderantziz izaten da». Euskal Herriko herrietara joaten direnean, normalean arratsalde batean joan ohi dira, eta emaileek ordua hartuta izaten dute; erizainak azaldu du udan herrietan jende gutxiago joaten dela odola ematera, herritar asko oporretara joaten delako.
Donostian kontrakoa gertatu ohi da, jende gehiago joaten baita udan. Karrionen arabera, odola emateko kanpaina handiak egiten dira udan, eta, horren ondorioz, jende gehiago joaten da odola ematera: «Urteko egun batean egiten dugun lan bikoitza egiten ari gara egun hauetan Donostian». Urteko beste garai batean, ez da ordua eskatu behar odola ematera joateko, baina aurrez abisatu behar da aferesia egiteko, horretarako makinak prestatu egin behar baitira.
Beldurra eta ezjakintasuna
Hala ere, hiru odol emaileak bat datoz odola ematearen inguruan beldurra dagoela. «Batzuek pentsatzen dute mina ematen duela, edo gero albo ondorioak izango dituzula odola emateagatik», azaldu du izena eman nahi ez duen emaile batek. Artolarentzat, batzuek orratzei, zorabioei eta odola eman ondoren sor daitezkeen sentsazioei diete beldurra.
Beldurraz gain, ezjakintasuna nabarmendu dute emaileek. «Askok ez dakite odola zertarako ematen den eta zer onura dakartzan», adierazi du Artolak. Eizagirreren ustez, hobeto azaldu beharko litzateke odola ematea ez dela bakarrik onuragarria horren beharra dutenentzat, odol emailearentzat ere ona baita ematea: «Ematean, odolaren analisia egiten dizute, eta nik uste dut hori ona dela emailearentzat».