Nazioen Mundua dinamika izan zen Gure Esku Dago-ren aurrekari nagusia. Idiazabaldik (Gipuzkoa) Goierri osorako salto egin zuena; azkenik, Euskal Herri osoko eragile izatera igarotzeko. Halere, Oiarbideren esanetan, 2013ko maiatzaren 26an Ficoban aurkeztu zena zerbait gehiago zen; ez zen «ohiko» dinamika bat, «nazio erronka bat» baizik: «Noizbehinka izaten da bilgune bat; iniziatiba ezberdinen bilkura bat, zerbait handiagoa egiteko».
Ordurako, Eskozian independentziaren inguruko erreferendum baterako urratsak egiten ari ziren. «Aukera paregabea hango haizeek guri eragiteko eta aukeren dimentsio berri bat irekitzeko», azaldu du Oiarbidek. Olatu hura handitzen laguntzea ezinbestekotzat jo zuen orduan; besteak beste, hark Euskal Herrian ere eragin zezan.
Nikolasek gehitu du hori guztia «kultura berri baten» abiapuntua izan zela; batez ere, Hego Euskal Herrian. «Iparraldean ikusi dugu barneratuago dagoela adostearen kultura, herritarrek erronka handietan zuzenean parte hartzeko joera; baina Hegoaldean ez zen hain ohikoa». Hala, Eskozia eredu berri baten erakusle zen, «herritarren protagonismoa eta demokrazia oinarri zituena», Euskal Herria ziklo politiko batetik ateratzen ari zen garaian. «Erreferentziak behar genituen, eta, alde horretatik, Eskoziak erakusten zuen herri batek ahal zuela libreki bere etorkizuna erabaki». Gainera, prozesu haren eragina Quebecen egindako erreferendumetik ere bereizi du eledun ohiak; hura «erreferentzia teoriko bat» izan zen arren, euskal herritarrek ez zutelako ariketa hura «bizitzeko eta sentitzeko» aukera izan.
Testuinguru hartan, Gure Esku Dago-ren inguruan sortzen ari zena «elkartasun gune zabal, ireki eta koloretsu» gisa definitu du Oiarbidek. Horrez gain, gehitu du dinamika ez zela «lelo bat» izateko jaio, baizik eta «ahalduntzeko jarrera» gisa: «Jarrera hori pausuak eman ahala, sentitu ahala, barneratzen da».
Nikolasen esanetan, asmoa ez da inoiz izan gainerako norbanako eta eragileei zer egin esatea, baizik eta urratsak egiteko «zoru komun bat» ezartzea, oinarrizko jarrera zabalak ezartzeko. «Zaila dirudi, baina erabakitzeko eskubidearen pean, milaka eta milaka pertsona aritu dira helburu argi batekin: libreki erabaki nahi du herri honek». Bestela esanda, Nikolasek uste du «adostearen kulturak» eta gizartearen «ahalduntzeak» lekua hartu dutela. «Herritarrok badugu zer esana, baina, horretarako, geure burua prestatu behar dugu. Hamar urte ez da ezer kultura berri bat eratzeko».
Durango-Iruñea erronka
Gure Esku Dago-k ezarritako lehen erronka eragile bakar batek «bere kaxa» lortu ezingo lukeen erronka izango zen, Oiarbideren esanetan: «Nahi eta nahi ez elkarrekin lortu beharrekoa». Horrek giza katearen itxura hartu zuen 2014ko ekainean: Durangotik (Bizkaia) Iruñera, eskuz esku, 130 kilometro lotuta. Denera, 150.000 lagun inguruk osatutako katea. «Opari bat» izan zela adierazi du Oiarbidek: «Urte asko egin genituen bestelako ziklo batean, bestelako jarrera batzuekin, eta bazen garaia euskal herritar bezala, Euskal Herri bezala eta gizarte bezala halako opari bat egiteko».
Hartarako deia urtebete inguru lehenago egin zuten, eta epe horretan herriz herriko lana eta bateko eta besteko bilerak izan zituzten Gure Esku Dago-ko kideek; 150 herritan zituen batzordeak urtebete egiterako. Aldi berean, alderdiekin eta eragileekin ere bildu ziren. «Hasieran errezeloak izan zitzaketen, baina azaldu genien gu elkarlanerako eta konplizitateak sortzeko eratu ginela», azaldu du Oiarbidek. Horren emaitza izan zen ELA, LAB, ESK, Stee-Eilas (oraingo Steilas), Hiru eta EHNE sindikatuek giza katea babesteko agerraldi bateratua egin izana; baita, besteak beste, EAJko, EH Bilduko eta Ahal Dugu-ko ordezkariak han izatea ere.
Gainera, Eusko Legebiltzarreko bilkuran ere izan zuen eragina; izan ere, egitasmoa baino egun batzuk lehenago, autodeterminazio eskubidearen aldeko adierazpen bat adostu zuten. Ebazpen hura «kultura aldaketarekin» lotu du Nikolasek: «Aurreko hamarkadetan pentsatzen genuen gure ordezkariak bilduko zirela bulego txiki batean, eta adostuko zutela. Gure Esku-k errealitate puntu bat ekarri zuen: herritarrak aktibatuta eta ahaldunduta lortuko da ordezkariek behar besteko babesa izatea halako urrats bat egiteko». Hala, 2018an egindako giza katearen testuinguruan iritsi zen estatus politiko berriaren inguruko oinarrien inguruko akordioa ere.
Tartean, erabakitzeko eskubidearen aldeko mosaiko erraldoi bat egin zuen Donostian 2014an, eta Bilbo, Donostia, Baiona, Iruñea eta Gasteiz bete zituen dinamikak 2015ean, Ehuntzen kanpaina amaitzeko. Bestalde, 2018an bertan, «Euskal Herriko erakundeetatik sortutako legediari lehentasuna» eman behar zaiola proposatu zuen Herritarron Itunarekin, Espainiak balizko erreferendum bati jar dizkioken mugak gainditzeko.
Halere, beste elementu bat da bi bozeramaileek nabarmendu dutena: 2016tik 2019ra bitarte, 208 herritan egin ziren galdeketak, eta 218.248 lagunek parte hartu zuten —aurrez, Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiaga-Zollon (Bizkaia) ere egin zituzten—. Batetik, azaldu dute harremanak «onbideratzeko eta normalizatzeko» balio izan zutela. «Gaur ez dago erabakitzeko eskubideez hitz egiteko beldurrik; ez da gatazka gai bat», zehaztu du Nikolasek. Bestetik, Oiarbidek azpimarratu du ariketa haien «indarra» oraindik ere baliagarria izango dela: «Garrantzitsua izan zen parte hartzea, baina hori baino garrantzitsuagoa izango da euskal gizarteak orain badakiela tresnak ditugula herritarrei galdetzeko. Hori aberastasun bat da».
Kataluniari so
Eskoziako erreferendumerako bidearekin batera, Kataluniako prozesu subiranista izan da Euskal Herritik arretaz begiratu den beste fenomenoa, eta bi eledun ohiek penaz erreparatu diote garai hartan «olatu» propio bat sortzeko gai ez izanari.
«Asko kritikatzen da, baina asko ikasi genuen prozesu bat egiteko moduaz; herri batek demokratikoki zein urrats egin eta zein zilegitasun josi», azaldu du Nikolasek. Hala, adierazi du haiek irakatsi zietela oraindik ere bazeudela Euskal Herrian barneratu gabeko elementu batzuk; tartean, herritarren eta erakundeen arteko elkarlana. «Hori gabe ezingo ziren posible izan azaroaren 9ko eta urriaren 1eko galdeketak», gehitu du, lehenek prozesuan izandako parte hartzea nabarmenduta.
Oiarbideren esanetan ere, Kataluniak utzitako irakaspenetako bat izan da «gizarte kohesionatu eta sendo bat» dela ordezkari politikoak ika-mikak baztertu eta urratsak egitera bultzatzen dituena. «Prozesua martxan jarri aurretik eta gero zeuden ordezkari politiko gehienak berdinak ziren, baina euren jarrerak aldatu egin ziren». Izan ere, eledun ohiaren ustez, behetik gorako prozesu bat da martxan jarri beharrekoa: «Hor ikus daiteke gizarte ahaldundu batek, pausoak eman eta sentitu ahala, zenbateko indarra izan dezakeen bere etorkizuna erabakitzeko».
Biek bat egiten dute katalanek izandako «arrakasta» nabarmentzekoan, nahiz eta 2017ko urriaren 1etik aurrera ez zuten jakin egoera kudeatzen. Halere, Oiarbidek gogoratu du ibilbide berri bati ekitean urrats guztiak ez direla zertan «eraginkorrak» izan behar: «Garrantzitsuena da belaunaldi oso batek mugarri bat jarri duela euren oroitzapenean. Badakite non galdu diren, zein den bidezidor okerra; eta, segur aski, orain ematen ari diren pauso hauek ere ikasgai batzuk utziko dizkiete».
Era berean, Nikolasek adierazi du ezin dela ahaztu «estatu oldarkor bat» atera zaiela bidera: «Ez du erantzun demokratiko bat eman; jazarpena erabili du, eta hori ez da onargarria». Hala, nabarmendu du norberaren esku ez dauden elementuak ere definitzen eta kudeatzen jakin behar dela.
Horiek hala, «erabakitzeko ariketak egiteko borondatea» dutenen arteko batasuna defendatu du Nikolasek, izan euskal herritar, katalan, eskoziar, galego zein korsikar. «Pirinioetako Bidea ariketa horretarako izan zen. Estatu batek jarrera ez demokratikoak dituenean, elkarrekin eragingo dugu; gero, bakoitzak bere ariketa egin du».
Hori da azken hamarkadak Gure Esku-ko bi kideei utzi dien irakaspenetako bat, eredu propio baten beharra: «Askotatik ikasi ahal izango dugu, baina bakar batek ere ez digu mimetikoki balioko. Gure errealitatearen araberako eredu bat behar dugu: euskal eredu bat». Eta eredu hori lortzeko «entsegua» izan da orain artekoa, Oiarbideren hitzetan; Euskal Herria «euren etorkizunaren jabe izateko atarian dauden herrialdeen pare» jarri duena.
Termino horietan lan egiten jarraitzeko deia egin dute bi lagunek. «Bide bat dago, epe luzeko prozesu bat», adierazi du Nikolasek, horretara ahalik eta norbanako gehien batzeko deia eginda: «Ikusi dugu eztabaida bat behar dela; ezin dugu planteatu behar bezalako eztabaida bat egin gabe. Euskal Herri osoa gai da elkarrizketaren bidez nora heldu nahi dugun zehazteko?».
Beraz, Ficoban hasitako bidea oraindik ez da amaitu. «Bai eskoziarrek, bai katalanek beharko dute Euskal Herrian sortu behar dugun mugimenduaren haizeak bertara iristea. Tokatzen zaigu gure prozesua martxan jartzea».