Transmisioa irudikatu zuten, katea ez dela eten, batzuek jarritako hazia loratu dela eta fruituak ematen ari dela. Umeak, gazteak eta helduak; ikasleak, irakasleak, gurasoak eta bestelako herritarrak. Elkarri eskutik helduta. Horixe izan zen Batasunaren bidea, euskara batuak Euskal Herriaren garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak omentzeko atzo egin zuten giza katea. Orereta ikastolak sustatuta eta Ikastolen Elkartearen Ikastolak Herriari egitasmoak eta Euskaltzaindiak antolatuta, Errenteriako Zumardia eta Donostiako Parte Zaharra batu zituen, Pasaiatik igarota (Gipuzkoa).
8.226 metroko soka. Etxarri Aranatzeko Andra Mari ikastola (Nafarroa), Oiartzungo Haurtzaro (Gipuzkoa), Hendaiako Gure ikastola (Lapurdi), Tolosako Laskorain (Gipuzkoa), Ondarroako Zubi Zahar herri ikastola (Bizkaia)... Euskal Herri luze-zabaleko 50 ikastola inguruk bat egin zuten egitasmoarekin; orotara, 7.000 pertsonak baino gehiagok. 10:30erako dozenaka haur eta irakasle zeuden batuta Errenteriako Agirre Lehendakaria plazan, ikastola bakoitzeko umeak kolore bateko zapia lepoan zutela eta koloretako txapelak, lepokoak, ileordeak eta koloretako betaurrekoak soinean hartuta.
Ordu erdira hasi zen goizeko ekitaldia. Bertan ziren Ikastolen Elkarteko, Euskaltzaindiko eta Errenteriako Udaleko ordezkariak. Oreretako ikastolako lehendakari Itziar Navarrok hartu zuen hitza: «Haur, gazte eta heldu. Guztiok elkarrekin jarriko gara herri honek egin duen apustu kolektibo garrantzitsuenetako bat gogoratzeko, batasunaren bidean egindako ahaleginak eskertzeko eta, horrekin batera, euskararekiko gure konpromisoa berresteko».
Protagonista nagusiak, ordea, haurrak beraiek izan ziren. Haiek azaldu zuten giza katea osatzeko arrazoia: «Euskal Herriko hainbat txokotatik etorri gara, euskara batua sortu zutenei aitortza egitera. Euskara batuak batzen gaituelako, batzen gaituenak egiten gaituelako». Soka ez dela eten ziurtatu zuten: «Egunero, une oro, euskara erabiliz, euskaraz biziz, bagarela eta izango garela erakusten dugu. Euskara bide bat baita: atzokoa, gaurkoa, biharkoa. Oraingoa eta gerokoa».
Ekitaldia bukatu orduko batu zituzten eskuak. «Zabaldu besoak», esaten zieten irakasleek umeei. Horrela osatu zuten zortzi kilometro pasako katea. Giza katearen mutur batean, Errenteriako Gamon zumardian Koldo Mitxelena hizkuntzalaria oroitzeko jarrita dagoen eskulturaren ondoan zeuden Biriatuko ikastolako (Lapurdi) Nahia Calvo, Orereta ikastolako Matixa Etxeberria, Etxarri Aranatzeko ikastolako Araitz Nabal, Aguraingo Lautada ikastolako (Araba) Aya Belfdal eta Hendaiako ikastolako Ganix Zapirain. Denek arrazoi bertsua eman zuten Errenteriako egitasmora joateko: «Giza kate bat egitera etorri gara, euskara bultzatzeko».
Eta egin zuten. Ordu erdian eskuz esku, koloretako zapiak eskuan hartuta, batuta egon ziren Errenteria, Pasaia eta Donostia. Giza katea osatuta zegoen: haurren oihuak, autoak klaxona joka...
Baina egitasmoa ez zen hor amaitu: parte hartzaileak Errenterian, Pasaian eta Donostiako Herrera auzoan, Plaza Berrian eta Zurriola ikastolan elkartu ziren, 12:00etan.
Errenterian, berriz ere, Agirre lehendakaria plaza bete zuten ikasleek, zapi koloretsuak eskuan zituztela. Bi ikaslek egin zuten Batasunaren bidea-ren balorazioa: «Eskuz esku, zapiz zapi, lortu dugu erronka. 7.000 lagun inguruko katea eraiki dugu».
Batua, denena eta denentzat
Euskara batuaren balioa ere nabarmendu zuten ikasleek: «Euskara batuak batzen gaitu, baita hizkuntza bera osasuntsu mantentzeko nahiak ere». Horrenbestez, aurrera begira ere bidea urratzen jarraitu beharra dagoela adierazi zuten: «Hizkuntza gauza bizia da, egunero elikatzen eta indartzen duguna. Euskarak guztiok egiten gaitu, eta guztiok egiten dugu euskara».
Dantzan amaitu zuten ekitaldia, koloretako zapiak airean zabalduz: «Euskara batuak batzen gaitu, eta bakoitzak gure kolorea eskaintzen diogu euskarari». «Bat, bi eta hiru» oihukatzearekin batera hasi zen festa: konfetiek , puxika erraldoiek eta bertan bilduta zeuden umeen oihuek eta irriek bete zuten Agirre Lehendakaria plaza.
Euskara. Giza katea
Eskutik helduta, are batuago
Giza katea egin dute Errenteriatik Donostiara, euskara batuari gorazarre egiteko eta haren sortzaileak omentzeko. Euskaltzaindiak eta Ikastolak Herriari egitasmoak antolatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu