Tira lehenik, eta bultza gero. Gurpil zoroaren antza du Euskal Herriko erakundeen eta herri ekimenaren arteko harremanak. Erakundeak mugitzera behartzen ditu herri mugimenduak, eta kasu askotan, instituzioen diskurtso ofizialaren parte bilakatzera heltzen dira herritarren diskurtso eta aldarrikapen horiek. Ez du horrek mugimendua gelditzen, ordea. Jarraitzen du abian, eta saiatzen da erakundeak gehiago mugiarazten. Batak bestearen jardunean eragiten du. Hala gertatu da, besteak beste, euskalgintzarekin, mugimendu feministarekin eta mugimendu ekologistarekin. Propio egin dituzte beren aldarrikapenak hainbat erakundek. Ez da nahikoa, ordea. Herri ekimenaren eta arlo politikoaren artean harreman konplizeak sortzea beharrezkoa dela azaldu dute Iñaki Lasa Euskararen Kontseiluko ildo politiko instituzionalaren arduradunak, Saioa Iraola Bilgune Feministako koordinatzaileak eta Iñaki Barcena EHUko katedradun eta Ekologistak Martxan taldeko kideak. Lasa: «Corpus juridikoa eraikitzeko eskumena eta boterea dute erakundeek. Baina guk ere badugu boterearen parte bat, botere sozialarena, alegia».
Arlo politikoa eta soziala. Biak behar ditu euskalgintzak, Lasaren arabera. «Hizkuntza bat ezin da normalizatu ekinbide instituzional hutsarekin, ez eta ekinbide sozialarekin bakarrik ere». Esparru biak dira beharrezko. «Plangintzak sortu behar dituzte erakundeek, arkitektura juridiko egokiak eraiki eta baliabideak eskaini. Eta mugimenduak segitu behar du herritarren gogoa elikatu eta ideologizatzen». Konplizitatea da egoera ideala, Lasaren hitzetan, baina ez da gaur-gaurkoz gertatzen den errealitatea. Kontrara, mehatxutzat hartzen dituzte maiz erakundeek herri mugimenduen botereguneak. Eta, kasu askotan, erakundeek neurri erasokorrak ere hartzen dituzte.
Bilatu du horri aurre egiteko modua euskararen aldeko mugimenduak. Hori dio Lasak. «Euskalgintzak aurrera egiteko modurik eraginkorrena proiektuak eta aukerak bere kabuz eraikitzea izan da». Sendotu egin da lan hori guztia gerora. Ikastolak, AEK eta Euskaldunon Egunkaria jarri ditu adibidetzat. «Herri ekimenak eraiki ditu guztiak». Baina eraiki ondoren, iraun egin behar, eta, horretarako, erakundeen laguntza beharrezkoa da. Baina laguntza ekonomikoa menpekotasun ere badela dio Lasak, eta euskalgintza moldatzen duela horrek. «Ez gara erabat libreak. Beti dugu gure jarduna baldintzatzen duen Damoklesen ezpata hori gainean».
Harreman konplizeak
Erakundeen jarrera maiz interesatua den susmoa azaldu du Kontseiluko kideak. «Hizkuntza politikak zehazterakoan herri honen beharrei erreparatu beharrean, neurri horiek erakundeen edo alderdien iraupenean izango duten eragina aztertzen dute sarritan». Jarri du adibidea ere Lasak: herri ekimenez sortutako egitasmoak bikoiztera jo du Eusko Jaurlaritzak maiz. Hizkuntza eskubideen Behatokia sortu zuen Euskararen Kontseiluak, eta Elebide zerbitzua jarri zuen martxan Jaurlaritzak. AEKren aurrez aurre, HABE. Eta Euskaldunon Egunkaria sortzean, egunkari instituzionala jarri nahi izan zuen martxan. «Garrantzitsua ez da nork sortzen duen, baizik eta sortutako hori arrakastatsua izan dadin arlo sozioekonomikotik zein politikotik konplizitatez egiten den lana».
Kontseiluko kidearen arabera, ordea, lidergo konpartituarena ez da administrazioak erraz onartzen duen zerbait. «Politikaren kontzepzio itxia dago, eta sistema guztia kutsatzen du horrek. Hau da: guk jaso ditugu botoak. Herritarrek hemen jarri gaituzte, hemengo lider izateko, eta, horren ondorioz, guri dagokigu lider izatea. Guk erabakitzen dugu, eta zuek betetzen duzue». Baina argi du arlo soziala ezinbestekoa dela. «Haiek dituzte botoak, baina guk dugu berme soziala. Gizartea mugitzen espezialistak gara, eta norabide horretan lidergoa partekatzea beharrezkoa da».
Udaletan errazagoak dira harremanak, Lasaren arabera. Gertutasuna da gakoa. «Herrian dagoen egoera soziolinguistikora egokitzen da hizkuntza politika. Hau da, ez da errealitatea eraldatzeko aplikatzen. Eta, bestalde, alderdien menpe baino gehiago, pertsonen menpe dago horren garapena. Zinegotzia euskaltzalea baldin bada, aurrera egiten du hizkuntza politikak». Ez du alderdiak definitzen hizkuntza politika, kargua betetzen duenaren euskaltzaletasunak baizik. Kezkaz begiratzen dio Kontseiluak horri, borondatea baitago, kasu horietan ere, euskalgintzaren oinarrian.
Eta euskara teknikariekin nola, berdintasun teknikariekin ere hala. Gero eta erakunde gehiagok hartzen dituzte emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko neurriak. Borroka esparrutzat du eremu instituzionala mugimendu feministak, baina ezinbestekoa da herri mugimenduaren borrokari eustea ere, erakundeek hartutako hainbat neurrik errealitatea desitxura dezaketelako. Azterketa hori egin duBilgune Feministak, eta kezka hori azaldu du Iraolak. Datua aipatu du. Azken urteetan, handitu egin da botereguneetan emakumeek duten parte hartzea, eta maiz ageri dira feminismo tanta batzuk diskurtso ofizialetan ere.
Baina horrek ez dakar bere horretan eskubideen bermerik. «Oraindik ere, itxurazko parekotasunaz hitz egin daiteke. Bigarren mailako kargu politikoak geureganatu nahi ditugu emakumeok. Eta, gaur-gaurkoz, gizonek segitzen dute erabakiguneetan». Eta, halere, berdintasun mezuak izan du eraginik, Iraolak aitortu duenez. «Gaur-gaurkoz, gutxik ontzat ematen dituzte sexuen arteko botere harremanak, eta gehiengoak ez du zilegitzat hartzen sexuaren araberako bereizketa». Aurrerapena hor. Baina arriskua ere badu horrek. «Gutxik onartzen dute diskriminazio edo indarkeria egoeratanbizi izan direnik».
Estrategia asko abiatu dituzteerakundeek berdintasuna lortzeko asmoz. Jabekuntza estrategiak, ekintza positiboa eta politika feministak aipatu ditu Iraolak, besteak beste. Baina aurrez Lasak aipatutako kasuan trabatzen da berriz egoera: lekuan-lekuan eta kargua betetzen duen pertsonaren borondatearen arabera gertatzen dira aurrerapenak. Eta hor dator paradoxa: askotan, ez da inolako harremanik izan politika feministen eta mugimendu feministaren artean. Gerta daiteke erakundeek diskriminazio egoerei aurre egiteko berdintasun planak abiatzea, baina horiek sortzeko diagnosian emakumeen parte hartzerik ez bermatzea. Tokian tokiko mugimendutik urrun, teknikari profesional eta enpresa pribatuen esku geratzen da ekintza horiek edo programak diseinatzeko ardura.
Funtzioak argitu beharra
Zarratuago du atea ekologismoak. Hala uste du, behintzat, Barcenak. «Nafarroa eta Gasteizko gobernuetan badaude ingurugiro arduradunak. Garapen iraunkorraren mezua, adibidez, asko hedatu da. Baina, oro har, ahulak eta azalekoak dira erakundeen diskurtso eta ekintzak». Aitortu du Gipuzkoako Foru Aldundiak egin dituela urratsak urteotan, eta txertatudituela politika ekologista batzuk bere egitekoetan. Errauste planta eta zaborren politika aipatu ditu, adibidez. Eta hor dago burujabetza energetikoaren esparruan lurraldean egin diren esperientzien hedapenerako argitaratu duten liburuxka ere. Baina kasu bakanak dira. Oro har, erakundeek hartutako neurriekiko balantze negatiboa egin du mugimendu ekologistak.
Programetan baino praktiketan jarri behar da arreta, Barcenak dioenez. «Txarra da pentsatzea hauteskundeen bidez gizarteak aldatzen direla. Karguak alda daitezke, baina horrek ez dakar halabeharrez politika aldaketarik». Horregatik, beharrezkotzat du erakunde, alderdi eta mugimenduen arteko harremanak aldatzea. «Demokrazia sakonagoa, horizontalagoa eta irekiagoa eraikitzeko, eragile guztiek dute zer egina». Baina, betiere, bakoitzak bere logikak dituela ulertuz. «Aliantzak egitea garrantzitsua da, baina ulertu behar dugu mugimendua kalean dagoela, eta alderdien eta erakundeen antolaketa eta logikak oso ezberdinak direla». Garrantzi berezia eman dio herritarren mobilizazioari. «Ezin gara etengabeko itxaronaldian egon. Fracking-aren edo AHTaren aurkako borroka hedatu nahi badugu, ekologismo soziala garatu nahi badugu, lanean segitu behar dugu».
Barcenaren ustez, herritarrek konfiantza handiago dute ekintzaileengan politikariengan eta erakundeengan baino. Eta guztien arteko harremanak normalduz gero, aldatu egingo litzateke pertzepzio hori. «Orekatu ditzagun alderdi, erakunde eta mugimenduen arteko eremuak. Ez gaitezen sar xurgatze eta deskapitalizatze prozesuan, eta bereiz dezagun bakoitzak duen funtzioa».
Nahasmena. Hori ikusten du ezkerreko alderdietan Barcenak. «Militante ekologista, feminista edota euskaltzale batek kargu publikoa hartzen duenean, uste da mugimenduaren izenean aritzen direla». Oker daudela dio. «Askotan, nahastu egiten dira alderdi berdea eta mugimendu ekologista». Eta, horregatik, berriz aipatu du bereizi beharra. «Erakundeetan lan egiten duzunean, ez duzu alderdiaren edo mugimenduaren izenean lan egiten, baizik eta gizarte osoaren izenean». Alderdiek botere handia dute Euskal Herrian, Barcenaren arabera. «Oso alderdikoiak gara, eta siglak erabiltzen ditugu elkarrengandik bereizteko». Dioenez, egun sigla horiek dute mobilizazio gaitasunik handiena, eta horregatik hartzen dute halako garrantzia hauteskunde prozesuek eta mapa politikoek. Mugimenduak ere ikusi nahi lituzke berak, ordea, mapa horretan. Hori da erronka: nola aritu, eskutik bereizita.
HERRITARRAK ETA ERAKUNDEAK (ETA IV)
Eskutik bereizita
Erakundeak mugitzera behartu ditu herri ekimenak. Eta herri mugimendua moldatu dute erakundeek ere. Bien artean harreman konplizeak eraikitzea beharrezkoa dela uste dute, besteak beste, euskararen aldeko mugimenduko, mugimendu feministako eta mugimendu ekologistako kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu