Eskura nahi dute euskara

Iruñea hartzera deitu du Sorionekuak egitasmoak, «euskararen etorkizunari ongietorria egiteko»

Sorionekuak egitasmoaren agerraldia, Iruñeko Basotxo kalean. AITOR KARASATORRE / FOKU.
Ion Orzaiz.
2023ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Erraz nahi dute euskara beren bizitzan. Telebista piztu, eta pelikulak, telesailak eta gainerako edukiak euskaraz ikusi ahal izatea. Errolda aldatzera, erosketak egitera edo bonobus txartela eskatzera joan eta leihatilako langilearekin lasai aritu ahal izatea euskaraz, aparteko tramiterik egin gabe. Ezer aldarrikatu gabe. Konturatu gabe, kasik. Aisialdian, lagunartean, lan giroan... Erruz nahi dute beren bizitzan euskara. Eskura. Eta, hori lortzeko, eskua luzatuko dute bihar Iruñean.

Urtarriletik, gorriz markatuta dago biharko eguna egutegian. Duela urte erdi aurkeztu zuten Sorionekuak manifestua Nafarroa osoko hogei bat eragilek, eta iragarri zuten «pauso bat aurrera» emanen zutela ekainaren 10ean, manifestazio baten bidez. Hori baino gehiago ere izanen da biharkoa, baina: egun osoko egitaraua ondu dute antolatzaileek, protesta eta aldarrikapenaz gain, helburua baita kultur eta aisialdi eskaintza joria egitea.

«Egitarau oparoa prestatu dugu, eta ekitaldi gehienak eginen ditugu Basotxo kalearen inguruan: txarangak, dantza ikuskizunak, haur eta gazteentzako tailerrak, erraldoiak... Bazkari herrikoia ere antolatua dugu, baina txartelak amaitu dira jada», azaldu du Ane Eslaba editore eta Sorionekuak taldeko bozeramaileak. «Giroaz gozatzeko eguna izanen da larunbatekoa», gehitu du Ibai Sueskunek, Errigorako kide eta larunbateko festaren antolatzaileak: «Eguna ederki pasatzeko aukera izanen da denentzat, euskara lehen lerrora ekarrita».

Goizeko eta eguerdiko tailer, joko eta emanaldiak alde batera utzita, ordea, 17:30ean abiatuko den mobilizazioa izanen da eguneko ekitaldi nagusia. Antoniutti parketik aterako dira manifestariak, Gaztelugibelerantz, eta handik, Pio XII.aren etorbidetik, Basotxo kalean amaitu arte.

Haizea alde

Iragan urtarrilean, kulturaren, kirolaren, hedabideen eta euskalgintzaren esparruetako 19 eragilek sinatu zuten Sorionekuak manifestua, eta Iruñean aurkeztu zuten. Egitasmoaren hazia, ordea, apur bat lehenago landatu zuten, Erriberako lurretan: «Iaz, Hordagok manifestazio jendetsua egin zuen Tuteran, zonifikazioaren aurka. Hori abiapuntutzat hartuta, iruditu zitzaigun interesgarria izanen zela Nafarroa osoa aintzat hartuko zuen deialdi bat egitea. Garai hartan, gainera, Irulegiko Eskua aurkitu zuen Aranzadi elkarteak, eta hori bultzada izugarria izan zen guretzat. Pentsatu genuen irudi horrek izan zezakeela euskaltzaleak batzeko gaitasuna», azaldu du Eslabak. Eskuaren aurkikuntza aprobetxatu beharreko olatua zela gaineratu du Sueskunek: «Betidanik, euskara lotu izan dute konfrontazioarekin, zailtasunarekin, protestekin... Horri buelta eman nahi izan diogu. Eta Irulegiko Eskua izan zen, Sustrai Colinak esan zuen bezala, bat-batean haizea alde edukitzea. Guk aprobetxatu nahi izan dugu aldeko haize hori».

Hilabete hauetan, nabarmen luzatu da atxikimenduen zerrenda. Besteak beste, larunbateko deialdiarekin bat egin dute euskalgintzako eragile nagusiek —Kontseilua, Topagunea, Behatokia, EHE, AEK, IKA—, hezkuntzaren alorreko zenbait elkartek—Sortzen, Nafarroako Ikastolen Federazioa—, sindikatuek —LAB, ELA, Steilas, ESK—, alderdi politiko batzuek —EH Bildu, Geroa Bai— eta gazte erakunde ugarik —Gazte Euskaltzaleen Sarea, Ikama, Ernai—. Horiez gain, Nafarroako hainbat herritan ere ekitaldi propioak antolatu dituzte. «Oso polita izan da elkartasun hori», esan du Eslabak. «Deitu digute Lekunberritik, Zangozatik, Berriozartik... Denek nahi zuten parte hartu. Egin dituzte argazkiak, muralak, tailerrak, dantzak... Herritarrek bere egin dute Sorionekuak egitasmoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.