Eskumenak ere, zehaztuta

Ipar Euskal Herriko elkargoaz sakondurikoak aurkeztu dituzte Hautetsien Kontseiluko lantaldeek

Hautetsien Kontseiluko kideak, atzo, Baionan. Erdian dira Michel Veunac eta Jean Rene Etxegarai. BOB EDME.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2016ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Orain arte zehaztasun falta egozteak zentzurik ez bazuen, are gutxiago izanen du hemendik aitzina, Hautetsien Kontseiluak lantaldeetan egindako sakontze lanak aurkeztu ondotik. Ipar Euskal Herriko elkargoaren gobernatzeko modua ez ezik, hain zuzen, eskumen bakoitzarekin aitzina eramaten ahalko dituzten politikak eta instituzio berriaren zerga sistema zehaztu dituzte.

Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko hautetsi andana batek parte hartu dute elkargo berriaren sakontze lanetan, zortzi lantaldetan banatuta. Gobernantza eta zerga sistema landu dituzte lehen biek, eta eskumenak bertze sei taldeek: ekonomia, lurralde antolaketa, ingurumena, kultura eta hizkuntz politika, garraioa, eta zerbitzuak.

Herri elkargo eta kargu ugaritako hautetsiak nahasirik aritu dira lanean, eta guziek nabarmendu dute «biziki aberatsa» izan dela prozesua. Paul Baudry Basusarriko auzapeza (Lapurdi), erraterako, garraioen lantaldean aritu da lanean. Egungo garraio sistema batasunik gabea dela azaldu du. Ipar Euskal Herriko elkargoarekin aldatu egin nahiko lukete hori: «Aztertu dugu nola egin ditzakegun lotura eraginkorragoak kostaldearen eta barnealdearen artean, baita kostaren mendebaldetik ekialderaino ere». Bertzeak bertze, bidaia txartel eta prezio bateratuak sortzea proposatu dute.

Peyuco Duhart Donibane Lohizuneko auzapezak (Lapurdi), berriz, zerga sistemaz eman ditu argipenak. Elkargoaren kontra daudenek zabaldutakoei erantzunez, argi utzi du ez dela emendatze edo apaltzerik izanen higiezinen gaineko zergetan eskualdeen arabera. Izan ere, elkargo bakarrak aintzat hartzen ahalko ditu desoreka horiek, neutralizazio sistema baliatuz. «Itun» fiskal bat egin beharko dute horretarako.

Veunac, bakarrik

Jean Rene Etxegaraik Euskal Kosta-Aturri hiriguneko presidentetza utzita, Michel Veunac Miarritzeko auzapeza izendatu dute behin-behinean hirigune horretako lehendakari. Hautetsien Kontseiluko ondorioak azaltzerakoan Euskal Kosta-Aturriko ordezkari gisa mintzatu zen atzo, beraz. Elkargo bakarraren kontrako jarrera duela ezaguna da, eta berretsi egin zuen. Bakarrik gelditu zen, ordea, eta nabarmen gelditu da erabiltzen dituen argudioak funtsik gabeak direla.

Veunacek eta Euskal Kosta-Aturriko bertze hiru auzapezek—Etxegaraik salbu— gutuna bidali zioten atzo Pirinio Atlantikoetako prefetari, bertzalde. «Argitu gabe» dauden puntuak idatziz zehazteko eskatu diote. Elkargoaren eztabaidan prefetak duen «objektibotasuna» ere ezarri dute zalantzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.