Eskumen zabaleko kolektibitate baten beharra aldarrikatu, eta adostasun zabal baterako deia egin dute Batasunak, Autonomia Eraikik, EAk eta Abertzaleen Batasunak, aho batez. Ipar Euskal Herriarentzako instituzioaren aldarrikapena egun Euskal Herrian dagoen testuinguru politiko berrian kokatu dute, eta Euskal Herri osoan gatazka eragin duten arazo politikoei aterabide bat eskaini behar zaiela azaldu dute.
Nahiz Ipar Euskal Herrirako instituzio baten aldarrikapena ez berria izan, azken hiletan indar berezia hartzen ari den gaia dela azaldu du Peio Etxeberri Aintxartek, Abertzaleen Batasuneko kideak. Horren kari, Garapen Kontseiluak lurralde kolektibitate baten beharraren inguruan azken hiletan egin lana ontzat jo dute.« Ipar Euskal Herriak etorkizunerako behar dituen eskumenei buruzko eztabaida eramana izan da», azaldu du Autonomia Eraikiko kide Ttotte Etxebestek.
Eusko Alkartasuneko kide Philippe Dulucek esan du Garapen Kontseiluak aitzina eraman prozesuan beste ezaugarri batzuk ere ontzat jotzekoak direla. «Ezagupen instituzional baterako dauden aukera juridikoak landu dira, legearen aldetik egun zein bide ireki daitekeen ikusteko asmorekin». Ontzat jo dute, halaber, egun Ipar Euskal Herriak duen pays deitu estatusa gehiengo batek agortua dagoela onartu izana.
Eskumenen beharra
Batasunaren izenean, Jean-Claude Agerrek hartu du hitza, eta ezinbestekotzat jo du Ipar Euskal Herriak irauteko behar dituen tresnak eskuratzea. «Eskumen zabaleko kolektibitate autonomo bat martxan ematea beharrezkoa da, kudeaketa autonomiak berak bere gain hartuko duena».
Era berean, azaldu du beharrezkoa dela aipatu lurralde kolektibitateak sufragio unibertsalaren bidez aukeratua izanen den asanblea erabakitzaile bat izatea.
Bestalde, aipatutako instituzioak izan behar dituen eskumenak aipagai izan dira. Izan ere, kolektibitate operatibo bat izatea aldarrikatu dute, eta ez esparru sinbolikora mugatuko den egitura instituzional bat. «Batetik, euskararen ofizialtasuna izatea beharrezkoa dela deritzogu, euskararen gaiari heldu beharko dio, beraz, autonomiak», esan du Etxebestek. Goi mailako ikaskuntza bere gain hartuko dituen tresnak izatea, Hego Euskal Herriarekin erabakiak hartu ahal izateko gaitasuna eta lurraren problematikari erantzuna emateko eskumenak izango dituen instituzioa beharrezkoa dela esan dute. Etxeberri Aintxartek azaldu du nahiz eskumenak zabalak izatea garrantzitsua izan, aldi berean, malgutasuna beharko duela aldarrikatzen den lurralde kolektibitateak. «Denbora aitzina joan ahala, konpetentzia gehiago izatera heldu beharko da, prozesu ebolutibo batean kokatu beharrekoa da».
Elkarrizketaren eta adostasunaren bidez egin aldarrikapena erdiestea lortuko dutela esan du Agerrek. Ipar Euskal Herriko herritarrak aho batez Parisen aitzinean agertaraztea lortu behar dela, egin adostasun zabalaren bidez. «Hautetsien Kontseiluaren engaiamendua funtsezkoa da. Ardura historiko bat dute beren gain. Konpromisoak hartzeko eskatzen diegu», esan du Agerrek. Herritarrek parte hartzea ere ezinbestekotzat jo dute bidea egiten joateko. Hala, azaldu du Aintxartek, nahiz hautetsiek betekizun garrantzitsua izan, herritarrak izan behar dute denaren oinarri.
Eskumen zabaleko kolektibitate bat eskatu dute Ipar Euskal Herriarentzat
Alderdi abertzale ezkertiarrek adostasun zabala lortu nahi dute Ipar Euskal Herriaren ezagupena lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu