Irakaslea

Telmo Lazkano: «Sakelako telefonoa eskura izate hutsak atentzioa gutxitzen du»

Ikerketak emandako «ebidentzietan» oinarrituta mintzo da Telmo Lazkano: eskuko telefonoa eskoletan erabiltzeak, berariaz horretarako pentsatutako lanketetan ez bada, inolako onurarik ez dakar

(ID_12698633) Telmo Lazkano
ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2024ko urtarrilaren 31
18:10
Entzun

Nerabeen garrasia: osasun mentala aldaketa garaian liburuaren egilea da Telmo Lazkano. Maitane Ormazabal psikoterapeutarekin batera egin zuen lana, eta sare sozialen erabileraren arriskuez ohartarazi zuen han. Eskuko telefonoen erabilerara begira ere argi du mugak jartzeak berebiziko garrantzia duela.

Zer arrisku ditu eskukoen erabilerak eskoletan? Zer onura?

Mugikorrak eskoletan ez daudenean hobetu egiten dira irakasleen egitekoak, ikasleenak, murriztu egiten dira jazarpena eta ziberjazarpena, atentzioa hobetu egiten da, ikasleen arteko hartu-emanak hobetu egiten dira, kirol gehiago egiten da, eta maila akademikoan ere hobekuntzak ikusi dira, PISA ikerketetan adibidez. Ebidentzia nahiko sendoa da. Kontrara, galdera egiten badugu: mugikorrak ikasgeletan izateak onurarik badakarkio hezkuntzari? Erantzuna ezezkoa da. Beraz, batetik, alde baldin badugu ebidentzia oso sendo bat adierazten duena mugikorrik gabe eskoletan jarduna asko hobetzen dela, eta, bestetik, ez badugu ebidentziarik esateko hobetzen denik, nik uste dut erabakia garbia dela: hobe da mugikorrak kanpo uztea.

Hezkuntza komunitateetan, oro har, nahiko orokortuta dago ikuskera hori?

Eskola gehienek badute nolabait erregulatua hau guztia, baina ezagutza sendo bat behar dute erabaki koherenteak hartzeko. Auzia ez da ondo edo gaizki erabiltzea: horrek erabiltzaileengan jartzen du ardura osoa, eta hutsaldu egiten du mugikorretan eta askotan erabiltzen diren aplikazioen benetako izaera. Eta ez dira teknologia neutro bat. Ez da hezkuntza arloan bakarrik gertatzen den zerbait, gizarte moduan erantzun behar diogu honi, zeren eta osasun publikoko arazo bat da, ez da hezkuntza arazo bat.

«Gizarte moduan erantzun behar diogu honi, zeren eta osasun publikoko arazo bat da, ez da hezkuntza arazo bat».

Oro har, eskolek barneratua dute debekua dela bidea?

Eskola gehienek argi zuten, hau guztia heldu aurretik ere, mugikorrak oztopo bihurtzen direla, eta ikasketa prozesuan balio erantsirik ez dutela ematen. Hezkuntzako profesionalek nahiko garbi dute: mugikorra hezkuntza prozesuetatik kanpo utzi behar da. Hona AEB Ameriketako Estatu Batuetan zer gertatu den: 41 estatu federalek beraien enpresarik garrantzitsuena auzipetu dute, Meta, adingabeei osasun mentaleko arazoak eta adikzioak sortzeagatik. Nola sartuko ditugu aplikazio horiek gure ikasgeletan? Hori ez da bidea. Horrek ez du esan nahi hezi behar ez ditugunik ikasleak. Gizartea ia guztiz teknologizatuta dagoen neurrian, gure ikasleak konpetentzia digital horretan hezi behar ditugu. Baina horrek ez du esan nahi mugikorrek gure ikasgeletan presentzia izan behar dutenik. 

«Ikasleak konpetentzia digitaletan hezi behar ditugu. Baina horrek ez du esan nahi mugikorrek gure ikasgeletan presentzia izan behar dutenik».

12 urte arteko ikasleei dagokienez, gailuak eskoletara eraman ere ezin direla egin esan du Espainiako Eskola Kontseiluak. Institutuetan ere beti itzalita eduki behar direla. Hori da bidea?

Ikerketek erakusten dute eskuko telefonoa eskura izate hutsak atentzioa txikitzen duela. Beraz, ez eramatea da gakoa. Zertarako eraman ezin bada erabili? Eramate hutsak, eskura izate hutsak, atentzioan eragina duela jakinda, hobe da ez eramatea. Gainera, oso zaila da irakasleontzat kontrolatzea. Familietara ere iritsi beharreko mezua da hori.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.