Hasi da xake partida, eta EH Bilduk egin du lehen mugimendua. Iruñearen kasuan, gehiengo osorik ezean, lehen alderdiak alkatetza lortuko duela dirudi. «Agur, Asiron!» abestu zuen irrikaz eta pozarren Maite Esporrin PSNko hautagaiak igande gauean, emaitzak jakin bezain azkar. Halaber, alderdi sozialistak ohartarazi du EH Bildu dela beren marra gorria. Horregatik, mundu guztiak aginte makila Enrique Maia Navarra Sumako hautagaiaren eskuetan ikusten du; PSNk eskuak aise garbitu ditzake, abstenitzeko beharrik gabe. Hiru aste geratzen dira, eta, aldez aurretik gertaerak egintzat jo gabe, EH Bilduk PSNri egin dio presio. Atzo, Joseba Asiron EH Bilduko hautagai eta jarduneko alkateak azpimarratu zuen «azken unera arte» ahaleginduko direla «estatuko eskuin atzerakoienak» udalean agintzea eragozten. Erantzukizun hori PSNren gainean jarri nahi izan du: «Maiak ez du lortuko Iruñeko alkate izatea baldin eta PSNk, eginez edo egiten utziz, ahalbidetzen ez badu».
Atzo, berehalako prentsaurreko batera deitu zuen Joseba Asironek. Korridoreetan UPNko hautetsi batzuk zeuden, tartean Enrique Maia. Berehalako deialdia izateak susmoa piztu zuen, ezusteko iragarpenen bat egingo ote zuen. Horri buruz galdetu ziotenean, Asironek argi eta garbi utzi zuen arreta hurrengo hiru asteetan jarria duela erabat orain, eta ohartarazpen argi bat igorri zien egintzat ematen dutenei politika utziko duela: «Bihotzetik mintzo naiz. Nire irteera ziurtzat jotzen duten editorial edo lerroburu batzuk gonbidapen bat dira nik jarrai dezadan. Nik alde egiteko presa dute zenbaitek».
Ez zen hori agerraldiaren helburu nagusia. Asironek azpimarratu zuen«baliabide guztiekin eta azken segundora arte» eginahalak eta bi egingo dituztela: «Merezi du saiatzea».
Horregatik, «burua eta eskua irekirik», elkarrizketarako eskaintza zuzena egin zion PSNri. Hain zuzen ere, kanpaina hasi aurreko egunean, azken osoko bilkuran, PSNk 10 milioi euroko inbertsio iraunkorren inguruko akordio bat erdietsi zuen EH Bildurekin, Geroa Bairekin eta Ezkerrarekin. «Legealdiak erakutsi digu akordioetara hel gaitezkeela. Benetan, bestelako baldintzak alde batera uzten ditugunean, kontu ugaritan bat egiten dugu PSNrekin».
Hala ere, Asironi ez zaio oharkabean igaro Esporrinen igande gaueko oihua: «Nire ustez, ez zuen nahikoa ondo neurtu. Egun hartan PSNren boto emaileek ez zuten bere alde bozkatu pentsatuz Maia zoriondu behar zuela edo Iruñeko ezkerreko alkatearen irteera oihuka ospatu behar zuela. Erabat ziur nago». Haren ustez, eskuinaren udal gobernu bat ahalbidetuz gero, PSNk eta bere zuzendaritzak bere gain hartu beharko dute erantzukizun hori. «Ez dago gauza okerragorik: ezkerreko kanpaina bat egin eta gero boto horiek guztiak biltzea eskuineko gobernu bat errazteko». Ez da lehen aldia, ordea. PSNk «hiru aldiz» egin du hori Iruñeko Udalean. Gainera, 2007ko abuztuan eta 2014ko martxoan arnasa eman zien UPNren gobernuei. Asironen ustez, ekainaren 15ean sozialistek halako kolperik ez ematea bilatu behar da. «PSN ez dadila berriro eskuinaren makulu bihurtu».
Kazetariek galdetu zioten ea Maite Esporrin Iruñeko alkate izateko prest ote dagoen, eta Asironek argitu zuen EH Bildu bigarren indarra izan dela «alde handiarekin». Koalizioak 26.691 boto eskuratu zituen, PSNk baino 9.274 gehiago. Geroa Bai eta Ahal Dugu, Ezkerra eta Aranzadiren emaitzak gehituz gero, Iruñea «aurrerakoia» dela ondorioztatu zuen. Hala ere, ezkerreko hiru alderdiok ordezkaritzarik gabe geratu dira, %5eko langa gainditu ezinik. Asironen arabera, «zatiketak ahuldu egin du», eta, sektore hori «umezurtz» geratu denez, prest azaldu da ahots hori erakundeetara eramateko.
Iruñean zein beste udaletan gertatuko denak eragina izan lezake Nafarroako Gobernua osatzeko partida konplexuan. Asironek onartu du nolabaiteko erlazioa dagoela bi eremuen artean. Mahai osoari begira, badirudi PSNk kartak bere alde erabili nahi dituela: udalak kendu EH Bilduri eta gero presioa egin abstentzioaren bila. Aldiz, koalizio abertzaleak joko eremu horretara ailegatzea zaildu nahi die, edo bederen hartuko dituen erabakien kostu politikoa ordainarazi. «Gu prest gaude edozer gauza egiteko eskuina iristea eragozte aldera, baina ez edozein preziotan, jakina», azaldu zuen Asironek. «Ez dugu txeke zuririk sinatuko. Edonola ere, gaiok konpontzea ez dagokio alkate umil honi, baina arduraz jokatu beharko genuke herritarrek emandako babesaren norabidean».
Behin betiko emaitzak
Parlamentuari dagokionez, gaur jakingo dira behin betiko emaitzak. Atzerritik bozkatu duten herritarrenak eta igandean arazoak egon ziren hamazazpi mahaietako emaitzak jakitea falta da. Orotara, 8.145 boto geratzen dira zenbatzeko. EH Bilduk parlamentari bat gal lezake, Navarra Sumaren mesedetan. Orain 24 botoren aldea dago bien artean. Halaber, emaitzen arabera, Ezkerra ordezkaritzarik gabe gera liteke, baldin eta %3ra iristen ez bada. Orain botoen %3 ditu, eta arrisku handia du galtzeko; EH Bilduk irabaziko luke. Edonola ere, blokeka, aldaketak 19 lituzke, eta Navarra Sumak, hogei.
Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena
Eskuinari Iruñean agintzea eragozteko asmoz, Asironek estu hartu du PSN
EH Bilduko hautagaiak argi utzi die sozialistei eurena izango dela erantzukizuna baldin eta Navarra Sumaren alkatetza ahalbidetzen badute. «Azken unera arte» ahalegindu nahi du akordioa erdiesten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu