Eskuinaren mailua auzitegian

'Tsunami auziko' epaile Garcia Castellonek ERCko diputatu Ruben Wagensberg bilatzeko eskatu dio Guardia Zibilari, eta Espainiako Kongresuko gehiengo progresistaren bide orria baldintzatzen du oraindik ere.

KATALUNIA. TSUNAMI DEMOKRATIKOA.
2019, Prat aireportua, Bartzelona. Procesaren epaiaren aurkako protestak. TONI ALBIR / EFE
xabier martin
2024ko otsailaren 6a
05:00
Entzun

Eskuina eta eskuin muturra gutxiengoa dira Espainiako Kongresuan, baina ganberaren bozketetan nagusitzeko duten gaitasunik eza hori laguntza jasotzen ari da botere legegiletik kanpo. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia Castellon eskuinaren mailu bihurtu da, Espainiako Kongresuko gehiengo progresistaren bide orriaren aurka. Amnistia legea onartzea da ibilbide horren hurrengo mugarria, legealdiak lokarri askaezin batek harrapa ez dezan, eta Garcia Castellonen ekimenak hura onartzeko lehen saioan eragitea lortu du, «terrorismoa» sartuta estreinakoz Carles Puigdemont presidente ohiaren aurkako akusazioen artean. Berritasun horrek eragin du JxC taldeko zazpi diputatuen ezetza amnistia legearen bozketan, eta bigarren saio baten zain geratu da ganbera.

Bada, Garcia Castellonek atzo egin zuen beste urrats bat Katalunian terrorismo delituak egon direlako tesi horretan, Guardia Zibilari eskatu baitzion ERCko diputatu Ruben Wagensberg bilatzeko. Kataluniako procés-aren epaiari erantzuteko Tsunami Democratic plataformak izandako ardura ikertzen ari da Garcia Castellon, eta Kataluniako Parlamentuaren mahaiko kidearen aurka jo du bere azken idatzian. Wagensberg Suitzara joan da, bere defentsa «baldintzarik hoberenetan» prestatzeko. Diputatu katalanak onartu du «atxiloketa bidegabe» baten biktima izateko «beldurrez» dagoela eta horregatik joan dela Genevara. Orain arte, ez dago haren aurkako neurririk, eta Espainiako Estatutik ateratzeko aske da.

Diputatu katalanak onartu du «atxiloketa bidegabe» baten biktima izateko «beldurrez» dagoela eta horregatik joan dela Genevara.

Dena den, Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu dio Guardia Zibilari «ziurtatzeko» ERCko diputatua «bere etxean dagoen ala ez» eta «ohiko lantokira doan ala ez». Ikertu horrek «prest» egotea nahi du hura galdekatu behar badu. Beraz, epaileak terrorismo delitua amnistia legearen ekuazioan sartzeko saioarekin jarraitzen du; lege horrek ezinbestekoa ematen du Espainiako legealdiak ohiko iraupena izan dezan.

Fiskalen errieta

Izan ere, Garcia Castellon epaileak Espainiako Auzitegi Gorenari eskatu dio Wagensberg eta Puigdemonten aurkako ikerketa haren gain hartzeko, biak baitira forudunak, bata Kataluniako Parlamentuko diputatu gisa eta bestea Europako Parlamentuko diputatu gisa. Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegiko titularrak «zantzuak» ikusten ditu biak ala biak terrorismoarekin lotzeko, Tsunami auziko ikerketaren harira.

Amnistia legearen tramitazioarekin batera iritsi da arlo judizialetik terrorismoaren osagaia, eta PP zein Vox egunero baliatzen ari dira hori, baita Galiziako hauteskundeen testuinguruan ere. Baina Garcia Castellonen lana ezbaian jartzen duten kritikak gero eta gehiago dira, eta horien artean daude justiziak berak egin dizkionak. Espainiako Auzitegi Goreneko fiskaltzak ez baitu ikusten terrorismo delitua proposatzeko oinarririk Garcia Castellon ikertzen ari den auzian. Are gehiago, uste du ez duela «nahikoa ikertu» Puigdemonten aurka aritzeko.

Hala, Goreneko fiskal Alvaro Redondok bat egin du Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal Miguel Angel Carballoren tesiarekin. Hark helegitea jarri dio Garcia Castellonek egindako urratsari, ikertzen ari den gertaeretan ez duelako ikusten terrorismo delitua egozteko zantzu nahikorik. Carballoren txostenak «desorden publiko larriak» aipatzen dituKataluniako prozesu independetistaren epaiaren osteko istiluei loturik, eta ez terrorismoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.