Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria. Bel Pozueta. EH BIlduko zerrendaburua Nafarroan

«Eskuinak badaki ezker subiranistak duela giltza»

Eskuina geldiarazteko eta erregimenari aurre egiteko aukera EH Bildu dela dio Pozuetak. Haren ustez, Kongresuan hogei diputatutik gorako talde indartsua osa dezakete ERCrekin batera, eta horrek kezkatuta dauka eskuina.

joxerra senar
Iruñea
2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
«Ama, aurrera». EH Bildukozerrendaburu izateko aukera eskaini ziotenean, Bel Pozuetak (Iruñea, 1965) bertigoa sentitu zuen, baina, egun hartan espetxean Adur Ramirez de Alda semearekin elkartu zenean, hark zailtasun guztien gainetik aurrera egiteko animoa eta indarra eman zion. Bere erabakian, beste arrazoi batek ere pisua hartu du: «Jasan izan dugunarekin eta jaso dugun elkartasunarekin, eman didana itzuli nahi nion gizarteari». Gainera, Kongresutik ere lan egin daitekeela dio, EH Bildu injustiziaren aurkako ahotsa delakoan.

Madrilera joan, zertarako?

Badaude politika sozialak, badaude autodeterminazioa edo herrien erabakitzeko eskubidea, badago presoen afera, badago zer esan eta zer erabaki. Batez ere, aukera dugu eskuinari aurre egiteko eta hura geldiarazteko.

Erabaki da leloa. Erabaki, zer?

Erabaki gure etorkizuna eta oraina. Erabaki herri moduan eta pertsona moduan.

2015ean eta 2016an EH Bilduk ez zuen lortu diputatua Nafarroan. Orain zergatik da posible?

Garai hartan Ahal Dugu-ren olatua zegoen, eta komunikabideek asko bultzatu zuten. Jendeakbehar zuen aldaketa, eta taldeberri hark ilusioa piztu zuen, baina urteotan ikusi dugu zein izan den ibilbidea, zer jarrera izan duen erabakitzeko eskubidearekin eta bertako politikekin.

EH Bilduri botoa eman ez baina orain zalantzati direnei zer esango zenieke?

Jende batek uste du ez bozkatzea dela aukera, baina uste dut erregimenari aurre egiteko aukera EH Bildu dela. Geroa Bai bozkatzen dutenek ere pentsatu beharko dute zer balio duen botoak: EH Bilduren bitartez, balioa eman diezaiokete aldaketari.

Azaroan, Ciudadanos Altsasun egon zen, eta, berriki, Errenterian. Nola jokatu estrategia horren aurrean?

Garai batean bozak eman zizkieten, eta konfrontazioaren irudiaren bila ari dira. Agian, hemen Euskal Herrian ez die bozik ematen, baina Espainian bai. Azken batean, iraganeko logikarekin jokatzen dute. Nire ustez, kalean Alde hemendik esatea zilegi da, baina zentzuz jokatu behar da. Nahi dutenaren justu kontrakoa egin behar dugu, bestelako moduekin, musikaren bitartez, kalean esanez hemen gaudela, baina konfrontazioan erori gabe. Argi erakutsi behar zaie ez dugula onartzen jarrera.

Diskurtsoetan ere, EH Bildu dute etengabe ahoan, PSOEri presioa sartzeko asmoz.

Bai, baina duela hogei urte ere gauza bera egiten zuten, Batasunaren aurka eta biolentoak etengabe aipatuz. Hori zen argudio bakarra. Guk diogu ez dugula utziko eskuineko gobernua osatzen, eta, gure boza erabakigarria bada, PSOEri emango diogula boza; gero ikusiko dugu zer-nolako baldintzetan. Haiek badakite EH Bilduk eta ezker subiranistak giltza dutela, eta kezka dute nolako boterea izango dugun ERCren eta EH Bilduren artean. Hogei diputatutik gorako taldearekin, indar handia izan dezakegu.

EH Bilduk eta ERCk aliantza sinatu dute. Zertarako?

Indartsuak izateko eta nazioen ahotsa Madrilera eramateko. Politika jakin bat ezarri nahi dugu erabakitzeko eskubidea bermatzeko. Ez ditugu bakarrik ideiakazpimarratzen, baizik eta ibilbide horretan planteamendu juridikoa gauzatu nahi dugu. Era berean, euskal presoak eta katalanak gero eta hurbilago izateko helburua izango dugu, aske izateko. Politika sozialak eta aurrerakoiak ere bultzatuko ditugu.

Eskuinaren mezuaren atzean Voxen itzala nabari da?

Bai, dudarik gabe. Are eskuinerago jo dute. Feminismoarekin, adibidez, berriro planteatzen ari dira ea emakumeok gai ote garen gure gorputzari buruz, gure etorkizunari buruz erabakitzeko. Emakumeok bigarren mailako herritar modura nahi gaituzte.

Nola aurre egin?

Fronte indartsu bat sortu behar dugu. Aldaketaren fronte hori garrantzitsua da olatu hori gelditzeko. Vox frankismotik dator, eta faxismo hutsa da. Ezin dugu hartu Andaluziako jarrera bera. Han, jendea erreta zegoen, eta uste zuen alderdi guztiak berdinak direla, etxean geratuz aurre egingo ziotela sistemari. Gerora damutu dira. Kalera atera behar da, bozkatzera, aurre egiteko.

Navarra Sumak zeri erantzun dio, zure ustez?

UPNren beldurra islatzen du. Ikusi du boterea galdu behar zuela, eta, horregatik, kapaz izan da betidaniko planteamendua alde batera uzteko: forua eta Nafarroaren hitza. Uste dute akordioaren sinadurarekin nahikoa dela, baina Ciudadanos edo Pablo Casado zentralizazioa planteatzen ari dira: Nafarroa probintzia huts bihurtu nahi dute, Espainiak ematen diena kudeatzera mugatuz. UPNk iparra galdu du.

Sanchezek iragarri du behar izanez gero 155.a ezarriko duela.

Era berean, esaten du erabakitzeko eskubidea ez dela gauzatuko, hor badela sabai bat: konstituzioa. Guk esaten dugu banka erreskatatzeko 24 orduan di-da batean aldatu zela konstituzioa.Demokrazian sakontzeko borondatea badago, erabakitzeko eskubidea kontuan hartu behar da.

Nafarroako jokalekua konplexua da, eta Espainiakoa ere bai. Giltza izan nahi duzue, baina zertarako?

PSOEri zera esango nioke: sortu nahi badugu gobernu bat ezkertiarra, eduki sozialekoa, eta demokrazian sakontzeko benetako planteamendua egin, elkartu behar dugu. Eskuinaren alternatiba direla esaten badute, hori benetan gauzatzeko gurekin elkartuko beharko dute. Nahitaez.

Ciudadanosekin bat egin dezake PSOEk?

Zifrek emanez gero, egin dezake. PSOEk orain arte nola jokatu duen ikusita, ez dut konfiantzarik. Ea ausarta den, eta hasten den beste politika bat egiten.

Nafarroan errepikatu dezakete aliantza hori Navarra Sumarekin?

PSOEez da alderdi ausarta, oso ahula baizik. Benetako politika ezkertiarra egiteko aukera izan duenean, atzera egin du. Kontuz.

PSOEk bere marra gorrien artean EH Bildu jartzen du.

Madrilen azken dekretuak aurrera ateratzeko unean, PSOEk ez die uko egin gure bozei. Gero eskuinak horrekin jolasten du.

Ustez, Navarra Sumak itxaropen handia du, eta aldaketak, apalagoa. Joera hori aldatzea lortuz gero, zuen alde joka dezake?

Eragin handia izan dezake. UPN desagertu egingo da. Bere buruaz beste egin du. Oso jokabide arriskutsua hartu du; amildegiaren ertzean jarri da. Hartu duen erabakia ezin da izan aldi baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.